Ekainaren 12an, 64 urte zituela hil zen Tomasita Quiala Kubako izar handia. Azkeneko aldiz, 2018an etorri zen Tomasita Quiala repentista Euskal Herrira, Bertsozale Elkarteak antolatutako inprobisazioaren nazioarteko topaketa batzuen bidez. Dena hartzen zuen gogoan eta denari ematen zion bertso forma.
Azkeneko aldiz, 2018an etorri zen Tomasita Quiala repentista Euskal Herrira, Bertsozale Elkarteak antolatutako inprobisazioaren nazioarteko topaketa batzuen bidez. Bertsolari euskaldunak, Argentinako payadoreak eta Kubako repentistak. Hiru herri, hiru arte eta hiru izen desberdin, baina oinarrian edo muinean maitasun bera: jendaurreko inprobisazioa eta hitza. Gutxi batzuk, aste osoa haiekin pasatzeko aukera eta ohorea izan genuen, saioen antolatzaile, itzultzaile edo bide laguntzaile lanetan. Eta Tomasitaren ondoan aste bat pasatzen duen orok bizitza osorako hartzen ditu ikasgaiak.
Laurogeita hamargarren hamarkadaren amaiera aldera deskubritu genuen euskaldunok ez garela munduan hitzaren bihurrikatzaile bakarrak. Geroztik abestu dugu han eta hemen, austriarrekin, galestarrekin, portugesekin, zipretarrekin, mallorcarrekin… baina, batez ere, kubatarrekin. Repentismoa ez da gauza arrotza guretzat, ez behintzat bertsoaren lurrean jaio eta hazitakoontzat. Kuban punto cubano edo punto guajiro deitzen diote, eta finean, beste herrialde batzuetako inprobisazioak ez bezala, bertsoaren oso antzekoa da: gaia jarrita ala gai librean, sakon ala umorez, burura etorri ahala bota. Baina noski, beste ñabardura batzuk ditu. Karibetarrak izaki, askotan, musika tresnak dituzte lagun, erritmo mugituagoa dute eta hemengo ikus-entzuleentzat oso gozagarri gertatu izan dira beti Kaimanen uhartekoen bisitak. Euskaldunak eta kubatarrak nahiko antzekoak garela esan dut, eta bai, han ere plaza historikoki gizonek okupatu dute. Gaur egun badira emakume inprobisatzaile gehiago, baina denboran atzera eginda, Tomasita Quiala salbuespen gutxitakoa izan da jendaurrean: emakumezkoa, beltza, inprobisatzailea… eta itsua.
Tomasitaren ondoan aste bat pasatzen duen orok bizitza osorako hartzen ditu ikasgaiak
1961ean jaio zen Tomasita, Andoni Egaña baino pare bat hilabete geroago. Biek izango zituzten dohain antzekoak eta behin baino gehiagotan egingo zuten topo bizitzan. Elkar ezagutzen zuten eta honela esan zion Tomasitak Andoniri azken bisitetan: “Zuk Euskal Herriko txapelak izango dituzu, baina ni munduko txapelduna naiz”. Zer nahi duzue esatea, nik ez diot aurka egingo. Tomasita harrigarriki zen ona. Oholtza jaten zuen aulkian eserita egote hutsarekin. Baina gaia entzun, bere musikariari eskuarekin keinu bizkor bat egin eta “re mayor” edo “la menor” esandakoan hasten zen magia. Ez zuen ahots gozoa, ez zuen bereziki erritmo naturalegirik, ez zen kantari finena, baina abesten zuen horretan jartzen zuen bere izate guztia eta izugarri gozatzen zuen jendaurrean. Gustatu egiten zitzaion berak ikusten ez zuen jendearen arreta deitzea eta erdigune izatea. Ordura arte gizonek okupatutako plaza konkistatzeko jaio zen Tomasita, ezin zuen beste ezer egin.
Itsua jaiotzez, beste zentzumen guztiak bizi-bizi izaten zituen uneoro eta nik uste horrek bihurtu zuela hain handi. Entzumena, pentsamendua, hitza eta memoria ziren Tomasitaren arma nuklearrak. Saioak amaitu ondoren, autoz aterpetxera bidean gindoazela, oholtza gainean abestutako dezimak errepasatzen aritzen zen geratu ere egin gabe, eta gai zen denak hitzez hitz errepikatzeko, gutxi gorabehera. Semea zuen itsumutil. Tartean-tartean, ondotik esaten zion: “Ama, hori ez duzu horrela kantatu”. Baina erraz konpontzen zuen amak arazoa, “zu, seme, egon isilik” esanda. Aurrez botatakoak berriz kantatzen ari ez zenean ere, ziur nago autoko bidaia haietan, bistaren garbitasunean, entzuten zuen guztia modu errimatuan eta neurtuan prozesatzen zuela buruan. Ziur nago, egun osoa pasatzen zuela Tomasitak bertsotan.
Ordura arte gizonek okupatutako plaza konkistatzeko jaio zen Tomasita
Horren lekuko izateko aukera izan genuen 2018an, eguna harekin amaitzeko zortea genuenok. Eguneko bertso saioak eta konpromisoak bukatu ostean, Asteasuko aterpetxean hartzen genuen atseden. Afalostean hasten zen eguneko momenturik onena. Postrea jaten, kafea hartzen, berriketan ari ginela, uneren batean, inolako abisurik eman gabe, Tomasitak eskuarekin keinu egin eta bere musikariari “re mayor” esaten zion. Gizonak arrapaladan lautea hartu eta lehen akordearekin batera, denok isilik, repentistak bere errezitaldia hasten zuen. Ez dezima luze eta sakonetan, baizik eta corrido airean, edo guk ulertzeko moduan, kopla giroan. Egun osoaren errepaso zehatz eta umoretsua egiten zuen puntuz puntu, eta beste inork arretarik jarri gabeko hamaika xehetasun ateratzen zituen argira: ze ordu zehatzetan elkartu ginen goizean gosaltzeko, zenbat autotan atera ginen Asteasutik, nor zein autotan zihoan, zenbat iraun zuten bidaiek, gasolindegian geratu behar izan genuela beretzat txokolatezko gailetak erosteko, nolakoa zegoen bazkalostean atera ziguten kafea… Tomasitak dena hartzen zuen gogoan eta denari ematen zion bertso forma. Gai zen isildu gabe hogei minutuz bera bakarrik aritzeko. Denok adi-adi egoten ginen. Tarteka barrez lehertzen ginen eta orduan berak ere barre egiten zuen kopla eta kopla artean. Gustatu egiten zitzaigun, eta hori, berari, gustatu egiten zitzaion.
Tomasitak dena hartzen zuen gogoan eta denari ematen zion bertso forma
Ekainaren 12an, 64 urte zituela hil zen Tomasita Quiala Kubako izar handia eta asko oroitu nintzen gure egonaldiaz. Asko oroitu nintzen, nola ez, beste inork baino hobeto ezagutzen zuen semeaz, amak eskua mugitzerako “adi, hau ona kantatuko du!” esateko gai zen bidelagunaz. Gogoan dut nola piztu zidan berriz ere bertsotan egiteko grina eta nola sartu nuen inoiz nire bizitza markatu duten emakume bakanen zerrenda estuan. Banuen noizbait berriz harekin elkartzeko eta bertsotan egiteko ilusioa, baina aurrez gozatutakoen oroitzapen gozoekin eta Interneten gorde diren bideoekin geratuko gara.
Artista jaio zen Tomasita, eta horrelakoetan erraza ez bada ere, saiatu naiz zuei nor izan den azaltzen. Hala ere, nor hoberik bera baino bere burua definitzeko:
“Ni erotuta nago eta eroak edozer egiteko gai dira. Inori ez dakiola burutik pasatu ere egin Tomasita Quialari erokeria sendatzea, kantatzera eta barre egitera zaramatzaten delirioak sakratuak dira eta!”
CubaSí, 2021eko otsailaren 8a
¡Biba Tomasita Quiala y viva la Revolución!
Xenpelar Dokumentazio Zentroak dokumentazio bilketan sakontzeko aurrerapausoak eman ditu: Bertsozale Elkarteko egitasmoen bilketa prozesuak berrikusi dira eta tokian tokiko eragileekin harremanetan jarrita, eremu horretako jarduna aztertu eta hobekuntzak bideratu... [+]
“Urrats kuantitatibo eta kualitatiboa” eman du antolakuntzak, finala lekuz aldatuko du, inoizko finalik “handiena” egiteko. Zortzi saiok osatuko dute txapelketa. Sarrerak udazkenean jarriko dituzte salgai.
Lau urtero hiru txapelketa jokatzen ari da Oihana Bartra Arenas azken hogei urteetan. Bertsolaritza lehia baino gehiago dela jakitun da, baina lehia uzteak ekar lezakeen amildegiak beldurra ematen dio.
Bertsozalea zen, eta hamarkada luzeetan aritu da bertsoaren plazako zereginetan: epaile eta gai-jartzaile lanetan, saio antolaketetan eta Bertsularien Lagunak elkartearen betebeharretan ere bai. Euskaltzain urgazle izendatua izan zen 1967an, eta ohorezko 2014an.
Señora Sariketaren V. edizioa izan da 2025ekoa, benetan berezia: aurtengo bertsolari parte-hartzaileak plazak utziak zituzten andre eta genero disidenteak izan dira. Binaka egin dute plazara itzulera, saioetarako giro goxo eta xamurra lagun.
Hamahiru urtean lehen aldiz, finalaren kokagunea aldatu du txapelketak, arrazoi koiunturalak medio: Bilbao Arenatik Casillara. Azken bi txapelketetako txapeldunak, Nerea Ibarzabalek, ez du parte hartuko aurtengo edizioan.
Iruñean eginen da lehen saioa, maiatzaren 23an, eta Jauntsaratsen bigarrena, maiatzaren 30ean. 12 bertsolarik hartuko dute parte, aurreko txapelketan aritu ez zirenak. Horietatik, sei sailkatuko dira urrian hasiko den txapelketara.
Hamabi bertsoko sorta dotorea jarri du pilotariak, galtzeari eta irabazteari buruz. Inspirazioa 2024an Larrun aldizkarirako egindako mahai-inguruak piztu zion, Jokin Altunarekin gai horri buruz aritu baitzen gogoetan. Bertso sorta musikatuta entzun daiteke Bertso Ikasgela... [+]
Martxoak 14an Itsasuko (Lapurdi) Goxoki Gaztetxean hasitako sei saioko ibilbideak maiatzaren 3an izan du finala Gernikako gaztetxe okupatu berrrian. Egurre Gazte asanbladaren laguntzaz egun osoko egitaraua izan zen larunbatean. Finaleko bigarren fasera, Maddi Aiestaran eta... [+]
Irurtzunen jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 39. edizioa. Sei bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Arantzako Kattin Madariagak jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari... [+]
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]
Maiatzaren 8an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. Zortzi saio bikoitz jokatuko dira maiatzeko eguenetan. Sarrerak eskuragai daude bertsosarrerak.eus atarian.