"Buruko gaixotasunak dituzten pertsonak elkartasunez eta enpatiaz erantzuten ari dira, asko dugu ikasteko gure burua normaltzat dugunok"

  • Gaixo mental larrientzako Hogar Alavés erresidentziaren arduraduna eta gizarte langilea dira Ainara San Bizente Zumalde eta Aitor Korres Abaitua, hurrenez hurren. Haiekin hitz egin du ARGIAk, koronabirusaren krisiak erresidentzian eta profesionalen zein erabiltzaileen artean izaten ari den eragina ezagutzeko. Zailtasun asko adierazi dituzte, baina baita lorpenak eta bizipen ederrak ere. Jendartean oro har sufrimendu eta gaixotasun mentalak areagotzea ekarriko du koronabirusak. Abagune polita izan daiteke ezkutuan mantentzen den errealitate hori ezagutzeko, eta baita bertatik ikasteko ere.


2020ko apirilaren 11n - 17:29
Ainara San Bizente Zumalde eta Aitor Korres Abaitua, erresidentziaren leihoetan. Argazkia: Aitor Korres.

Hogar Alavés elkartea 1956 urtean sortu zen, Gasteizko behar sozialei eremu hezitzailetik erantzun nahian. Erresidentzia 1998an ireki zuen elkarteak, eta osasun mentaleko arazo larriak dituzten pertsonei zuzenduta dago. 24 pertsona bizi dira bertan, 24 eta 52 urte artekoak, eta sei lagun gehiago ondoko bi etxebizitzatan. Haiekin batera 14 pertsonako lantalde profesionala ari da lanean. Erresidentziako erabiltzaileak gaixotasunen sintomei aurre egiteko erremintak garatzen dituzte, etorkizuneko autonomia eta emantzipazioa helburu. Elkarteak beste egoitza bat dauka Gasteizen bertan, baina 50-70 urteko pertsonei zuzendua, San Ignazio izenekoa. 26 pertsona bizi dira bertan.

Nola egiten zenuten lan koronabirusaren krisia piztu aurretik?

Batetik, jarduerak antolatzen dira egoitzan, aisialdi jarduerak edo ariketa fisiko zein kognitiboak kasu. Bestetik, erabiltzaileak etxeko dinamikan parte-hartzaile aktiboak dira: jantokiaren prestaketan, zaborraren eta birziklapenaren kudeaketan, gure baratze txikian... Azkenik, egoitzatik kanpoko jarduerak daude, komunitatearen parte izateko eta sentitzeko ezinbestekoak: auzoan antolatzen diren hainbat ekintzatan parte hartzen dugu, Hala Bedi Irrati librean El puente de Mostar izeneko saioa ematen dugu igandero, formazio ikastaroak egiten dituzte, txangoak…

Enplegurako bidea erraztea ere bada helburua, eta orain 15 urte, ‘Oinarri’ tailer okupazionala sortu zuen elkarteak. Lan mundura salto egiteko beharrezko dituzten gaitasunak lantzea eta pertsona ahalduntzea da ideia. Egun 40 bat pertsona daude bertan lanean. Serigrafia tailer bat ere jarri dugu martxan berriki.

"Konfinamendu egoerak egoitzaren egunerokotasuna astindu du. Poliki-poliki joan gara egokitzen"

Eta une honetan zein da egoera? Nola egokitu zarete alarma eta konfinamendu egoerara?

Konfinamendu egoerak egoitzaren egunerokotasuna astindu du. Poliki-poliki joan gara egokitzen. Garbitasuna indartu dugu, gure arteko distantziak ezarri, egoitzako gune ezberdinetan egon daitezkeen espazio bakoitzeko pertsona kopurua mugatu, jantokian txandak banatu, aktibitateak birpentsatu….

Irteerak mugatu edo zuzenean debekatu ditugu. Hori da, agian, erabiltzaileei zailena egiten zaiena. Pertsona guztiei bezala, bai, baina errutinak horren markatuak dituzten pertsonentzat ez da batere erraza. Eskerrak patio handia daukagun, gimnasio txiki bat… Beharrezkoa denerako bakarrik ateratzen dira, lanera edota erosketak egitera, eta une horiek aprobetxatzen ditugu itxialdia jasanezina egiten zaien horiekin bueltatxo bat emateko. Uste genuena baino hobeto ari dira kudeatzen egoera berezi hau, egoeraren larritasuna eta denon konpromisoa beharrezkoa dela ulertzen dute.

Gaixotasun mentala oso ezkutuan mantentzen da gure jendartean. Zer gaitz eta sufrimendu mota dituzte erabiltzaileek?

Egunerokoan ideia obsesibo errepikakorrekin elkar bizi behar duten pertsonak ditugu: iraganak eragindako sufrimenduei ihes egin ezinik dabiltzanak, ahotsekin edo beldur erraldoiekin bizi direnak... Beste batzuk sintoma depresiboekin eta gogo ezarekin dabiltza lehian, edo pazientzia ezarekin. Badira beste batzuk zelatatuak edota jazarriak sentitzen direnak, bai inguruan dituztenengatik, bizilagunengatik edota konplot bat pairatzen ari direla uste izateagatik. Gehienek bizigarria ez den antsietatea eta larritasuna sufritzen dute, eta ahalik eta ongien kudeatzen saiatzen dira.

Erlazionatzeko zailtasunak ere nabariak dira gehiengoan. Diagnostikoarekin beldurra sortzen da ingurunean, etiketak datoz ondoren, eta sare naturalen galera ohikoa bihurtzen da. Gaixotasunaren sintomei estigma soziala gehitzen badiogu, ez da panorama erraza inorentzat.

Nola bizi dute gertatzen ari den guztia?

"Esfortzu izugarria egiten dute ondokoaren “gauzak” errespetatzeko, haien arteko sentsibilitatea eta errespetua harrigarria da askotan, gauza ederrak ikusten ditugu"

Eguneroko sintomatologia eta medikazioaz gain, hainbeste pertsonen artean elkarbizitza ez da erraza. Esfortzu izugarria egiten dute ondokoaren “gauzak” errespetatzeko, haien arteko sentsibilitatea eta errespetua harrigarria da askotan, gauza ederrak ikusten ditugu. Desoreka baten ondorioz pertsona batek izan ditzakeen ezohiko jarreren aurrean, jendeak elkartasunez erantzuten du, ulermenetik eta enpatiatik. Arlo horretan asko dugu ikasteko gure burua normaltzat dugunok.

Konfinamendua heldu denetik elkarbizitza intentsuagoa da, estuagoa, eta guztion artean estrategia berriak asmatzen gabiltza, inprobisatzen. Kontzientziazioari garrantzi handia eman diogu hasieratik, talde txikietan banatuta egin ditugu bilerak. Beldurrari aurre egiteko informazioa, segurtasuna eta kooperazioa bilatu ditugu. Etxean ondo eta eroso egotea denon eskuetan dagoela sentitu dugu, bakoitzaren esfortzua ezinbestekoa dela.

Eta nola ari zarete bizitzen langileak?

Ezjakintasunak edota gehiegizko informazioak zalantza asko eta beldurra sortu dizkigute. Haien antzera gu ere joan gara egoera berrira moldatzen, tentuz. Garrantzitsua ikusi dugu zerbitzua indartzea, eta langileak, ahal den heinean, babestea. Lan karga arintzeko eta atsedenaldiak bermatzeko txandak birmoldatu ditugu, eta pertsona berri bat hasi da lanean. Osasun neurriei dagokionez, garbi daukagu langile taldea garela arrisku faktorea, gu izan gaitezkeelako birusaren eramaileak. Beraz, garbitasuna, kontaktua mugatzea edo maskaren erabilpena ezinbesteko arauak dira.

Patioak garrantzi handiagoa hartu du itxialdi garaian. Argazkia: Aitor Korres

Beldurra, antsietatea, ziurgabetasuna… Herritar gehienok ari gara horrelakoak gehiago sufritzen. Zer inpaktu du egoerak buruko gaixotasunak dituzten pertsonen artean?

Erabiltzaileetako batzuk birusek eta gaixotasunek kutsatzeko beldurrez bizi dira etengabe, edota ezbeharren bat gertatuko zaien beldur. Eskuak egunero hamarnaka aldiz garbitzea, jendea ez ukitzea, ateetako heldulekuak ez ukitzea, komun propioak bakarrik erabiltzea, jendearengandik segurtasun distantzia bat mantentzea… Sufrimendu horietara ohituta daude, baina ezin dugu jakin nola erreakzionatuko duten egoera berri honetan, bakoitzak bere bide propioa egiten du. Gure beldurretatik egiten ditugu pronostikoak askotan, egoera txarrenean jarriz; gure ustetan zailtasun handiagoak izan ditzaketen pertsonek sorpresak ematen dizkigute gero, edo alderantziz.

"Gure erabiltzaileentzat etxea toki segurua izaten jarraitzea garrantzitsua da, ziurgabetasunari eta beldurrari aurre egiteko oinarria"

Ziurgabetasunak beldurra eragiten du eta arrisku faktore bat da edonorentzat. Beldurrak pentsatzeko modua aldatu eta hartzen ditugun erabakiak baldintzatzen ditu. Gure erabiltzaileentzat etxea toki segurua izaten jarraitzea garrantzitsua da, ziurgabetasunari eta beldurrari aurre egiteko oinarria. Aldaketa asko izaten ari dira baliabide aldetik, kanpo errekurtsoetan, osasun sarean, komunitatean, familietan, gizartean… eta aldaketak ez dira errazak inorentzat. Sortu daitezkeen zailtasunetara moldatzeko erremintak lantzen jarraitu behar dugu, desorekak ekiditeko.

Erabiltzaileen senitartekoek ere sufritzen dute egoera honetan. Asko oso nagusiak dira gainera.

Egoitzan ditugun kasu gehienetan, familiarekin izandako elkarbizitzaren esperientzia ez da izan batere positiboa, orokorrean kalterako izan da. Erabiltzaileak familiaren etxebizitzatik ateratzeak haien arteko erlazioa beste puntu batetik planteatzea ahalbidetzen du, ohiko familia-dinamika patologikoan aldaketak eraginez.

Horregatik, kasu askotan, familia-etxeetan konfinatzea kaltegarria izan liteke, eta arriskuak sortuko lirateke, Covid-19tik eratorritakoez gain. Oro har, erabiltzaileek zein haien familiek hori oso garbi daukate. Egunotan sarri deitu dute senideek ardura adierazteko, eskerrak eta babesa emateko. Ia egunero hitz egiten dute telefonoz haiekin, bideo-deiak egiteko aukera ere eskaini diegu.

Orain arte ez duzue koronabirus positiborik izan erresidentzia barruan. Aurreikusita daukazue nola erantzun?

Ez dugu kasurik izan, baina izan dugu erabiltzaile bat hamabost egunez erdi isolatuta, prebentzioagatik eta bere medikuaren aholkuak jarraituz. Balizko kutsatze egoera batean jarri gaitu horrek, eta daukagun protokoloa martxan jartzeko entrenamendu gisa balio izan digu.

Protokoloa zehaztua dugu, eta benetako kutsatze kasu bat ematekotan aktibatuko genuke. Alde batetik, erabiltzailea gela batean konfinatuko genuke, artatuko duen langilea prebentziorako materialarekin atondu (maskarak, eskularruak, buzoa, pantaila…) eta zaintza bereziak martxan jarriko genituzke (janaria, gelaren eta arroparen garbiketa…). Bestetik, gainontzeko erabiltzaileekin eta lantaldearekin prebentzio neurriak areagotu edo zorroztuko genituzke.

Adi eta prest gaude larrialdi egoera bati aurre egiteko. Lantaldea oso sendoa da eta oso inplikatua agertu da hasieratik. Arreta zuzeneko lankideak, sukaldekoak zein garbiketakoak. Haien jarrera ezin hobea eskertzea besterik ez zaigu gelditzen.

Segurtasun neurriekin zorrotzak izaten ahalegintzen dira. Argazkia: Aitor Korres.

Erakunde publikoekin harremanetan zaudete dituzuen beharrak edo sortu daitezkeenak bideratzeko?

Kontaktua egunerokoa eta zuzena da Osakidetzako zerbitzu bereziekin eta bertako profesionalekin (Salburuako Osasun Mentaleko Zentroa, Errehabilitazio Komunitarioko Zerbitzua, Arabako Ospitale Psikiatrikoa, familia medikuak, psikiatrak, psikologoak…). Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeari informazioa bidaltzen diogu egunero, eta zenbait baliabide jartzen ditu gure eskura, erabiltzaile zein profesionalentzako arreta psikologikorako telefonoa edo, kopuru txiki batean, prebentziorako materiala kasu. Hogar Alavés elkartearen arduradunak ere maila aktiboan presente daude, edozein beharrei edo zalantzei erantzuteko edota komunikazioak errazteko.

Hiru aste daramatzagu larrialdi egoeran eta konfinatuta. Beste horrenbeste luzatuko da behintzat. Zer egoera eta behar sortu ditzake luzapenak?

"Atzean uzten dugun egun bakoitza garaipen bat bezala bizi dugu, egun bat gutxiago gelditzen da, aste bat gutxiago… mezu positiboekin indartzen ditugu etxekoak eta baita gure buruak ere"

Atzean uzten dugun egun bakoitza garaipen bat bezala bizi dugu, egun bat gutxiago gelditzen da, aste bat gutxiago… mezu positiboekin indartzen ditugu etxekoak eta baita gure buruak ere. Guztia amaitzerakoan txango eta bazkari batekin ospatuko dugula garbi dugu!

Egia da luzatu ahala egoerak ahalegin handiagoa eskatuko digula. Kontentzioa, zaintza, elkarlana eta gure arteko elkar zaintza beharrezkoak izango dira. Urduritasunei, tentsioei edo lan kargari aurre egitea ez da erronka makala izango. Baina profesional taldea indartsu badago eta babestua sentitzen bada, gauzak egoki bideratzeko aukerak areagotuko dira. Erabiltzaileek, aldiz, osasun mentaleko profesionalekin kontaktu zuzena izateko aukera daukate, telematikoki bada ere, eta edozelako ezinegon edo ahulezia psikologikoren aurrean erantzuteko prest ageri dira.

Noizbait altxatuko da konfinamendua. Bitartean egoera sozial eta ekonomikoa okertzen ari da eta krisiaren eta murrizketen mamua hor dago. Baztertuak are baztertuago gera daitezke, gaixo mentalak tartean. Horren beldur zarete?

Gauzak okertzeko arriskua egon badago, etorriko denaren inguruko beldurra ere, eta zalantza, normaltasun egoera batera noiz eta nola bueltatuko ote garen. Lanean dauden erabiltzaile batzuei enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea aplikatu diete lanean, ezinegona areagotuz. Historiak irakatsi digu krisi egoeratan indibidualismoa eta norbere biziraupena lehenestea indartzen direla, gutxituak dauden kolektiboen kalterako. Horregatik sortu edo garatu behar ditugu baliabideak elkartasunetik eta kolektibismotik, gutxituak dauden kolektibo horien eskubideak bermatuak egon daitezen, bai maila ekonomikoan baina baita gizarte mailan ere.

Etorkizuneko egoera sozioekonomikoak ondoeza sortuko du jendartean. Bizitzak sostengatzeko moduak sortu behar ditugu, ondoez horren medikalizazioa ekiditeko eta osasun sistematik harago. Bestela osasun mentaleko sare publikoarentzat gehiegizko lan karga sortu daiteke, guztion kalterako.

Gurean, aisialdi modu berriak sortzeko aukera ere eman digu konfinamendu behartuak, gure artean gehiago hitz egiteko eta elkar ezagutzeko, krisi egoera baten aurrean estrategia propioak sortzeko eta gure gaitasunak eta ahuleziak ezagutzeko. Ikasketa bezala ere ulertu dezakegu.

Konfinamenduarekin eta ostean ere aurreikustekoa da buruko gaitzak ugaldu egingo direla herritarren artean. Nondik heldu sozialak diren gaitz indibidual horiei?

"Ziurgabetasuna, beldurra eta mesfidantza sentitzen ari gara egun hauetan, elkarrengandik urrun eta nahi besteko besarkada eta mimo gabe. Bizipen horien guztien digestioa egiteko moduak asmatu beharko ditugu, bestela bizitzak farmakoekin eusteko arriskua dago"

Gauza asko gertatzen ari dira, gure bizitzetan, ondoko etxean, gure bizilagunei, gure lagunei eta senitartekoei... aparteko bizipenak, testuinguru arraro batean. Batzuek hobeto eramango dute eta beste batzuek okerrago –ahal duguna egiten dugu!–. Zer gertatuko da konfinamendua amaitzen denean? Berdinak izaten jarraituko dugu? Nola erlazionatuko gara? Nola balioztatuko dugu bizitako guztia? Eta kolektiboki, zer?

Ziurgabetasuna, beldurra eta mesfidantza sentitzen ari gara egun hauetan, elkarrengandik urrun eta nahi besteko besarkada eta mimo gabe. Bizipen horien guztien digestioa egiteko moduak asmatu beharko ditugu, bestela bizitzak farmakoekin eusteko arriskua dagoelako. Erantzun komunitarioa izan daiteke antsiolitikoei eta antidepresiboei alternatiba. Digestio kolektiboa, elkarrekin hitz egitea eta ondokoa entzutea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 eta erantzun soziala
2022-02-15 | Estitxu Eizagirre
Pediatrek ikastetxe barruetan maskarak kentzea eskatu dute, modu progresiboan

Katalunian Societat Catalana de Pediatria elkarteak pandemia kontrolatzeko ikastetxeetan aplikatzen diren neurriak bertan behera uzteko eskatu du, neurri horiek haurrengan dituzten ondorio kaltegarriak argudiatuz. Tartean dago gela barruetan maskararen erabilera kentzea, modu... [+]


Bizitza

Beste hainbat bezala COVID pasearen aurka Bilbon deituta zegoen manifestaziora joan ginen aurrekoan. Bertan adin, kolore, janzkera eta hizkera askotariko zenbat jende zegoen ikusteak asko poztu ninduen, eta tartean topatu nituen unibertsitate garaiko batailetako lagunak edo... [+]


2022-02-01 | Estitxu Eizagirre
Covid pasaportearen auzia Zarauzko Udaleko osoko bilkurara eraman dute hainbat herritarrek

Zarauzko Udaleko urtarrileko osoko bilkuran, galdera erantzunen txandan sei herritarrek hartu zuten hitza, eta Covid pasaporteak eragindako diskriminazioa eta beren bizipenak azaldu zituzten; tartean, pasaporterik gabe kiroldegira sartzeagatik atxilotuta bukatu zuen... [+]


2022-01-24 | Garazi Zabaleta
Lurre Hurre
Migratzaileak nekazaritzan trebatzeko proiektua Bermeon

Bermeon jaiotako eta bertara etorritako herritarren artean hilean behin egiten zuten tertulia dago Lurre Hurre proiektuaren oinarrian. Elkar ezagutu zuen herritar talde horren harremanetik abiatuta, eta konfinamendu garaian migratzaile askok bizi zuten egoeraz jabetuta, egitasmo... [+]


2022-01-11 | Joseph Andras
Pase poliziakoa: ezkerraren amore emate bat

Joseph Andras (Le Havre, Frantzia, 1984) idazlea da. 2016an lehen eleberriagatik "Goncourt" sari famatua eman zioten, baina berak uko egin zion epaimahaiari esanda “lehia, konkurrentzia eta norgehiagoka arrotzak zaizkiela idazketari eta sorkuntzari”... [+]


Eguneraketa berriak daude