Pako Sudupe Elortza idazleak frankismoaren errepresioari buruzko liburua kaleratu du Udako Euskal Unibertsitatearekin. Kolpistek 1936an eragindako hilketen kontra azaldu ziren errepublikazaleen berri ematen du, besteak beste. Asteazkenean aurkeztu du lana Gernika-Lumon.
Ez da adituentzako liburua, ohartarazi du egileak lehen momentutik, 1936ko errepresioaren gaiaren inguruan gehiago jakin nahi duenarentzat egina baizik, "neure ikuspegi pertsonaletik moldatua denez gero". Pako Sudupek, garai hartan euskal lurraldeetan bizi izan ziren egoera desberdinak islatu nahi izan ditu Errepresioa estatu frankista berriaren zimendu (1936-1948) lanean.
Asteazkenean aurkeztu du Gernika-Lumon, UEUko Argitalpengintza batzordeko kide Pruden Gartziak lagunduta. Horrez gain beste aurkezpen bat ere egingo du Donostian maiatzaren 10ean, Koldo Mitxelena Kulturunean.
Halako liburu bat egiteko ideia aitak gerran izandako ibileren ondorioz sortu zitzaiola idatzi du azkoitiarrak hitzaurrean, baina akuilu nagusia Jose Luis Vilallonga Castellvelleko markesaren aitortza izan zela dio. Vilallongak erreparo gabe kontatu zituen, kamera aurrean, hamasei urte zituela nola fusilatzen zituen "gorriak" eta apaiz abertzaleak, eta "kontzientzia onarekin egiten zuela gainera".
Estatu faxista eraitsi gabe dago
UEUren webgunean elkarrizketa egin diote Suduperi argitalpen berriaz, eta memoria liburu bat dela azpimarratu du: "Trantsizioan ez zen erregimen frankistak eraikitako estatu faxista eraitsi (...) 1936ko altxamendu frankistaren aurka borrokatu eta biktima izan zirenen memoria errebindikatu beharra dago. Zenbat film egin diren eta egiten ere diren nazien erregimena salatzeko, eta zein gutxi matxinada faxista izan zen bezala azaltzeko. Horretan, aletxo bat jarri nahi du liburu honek".
Besteak beste, liburuan, 1936ko kolpistek egindako fusilatzeen kontra agertu ziren errepublikazale esanguratsu batzuen inguruan idatzi du: Manuel Carrasco abokatu katalana; Manuel Irujo politikari nafarra; Juan Peset mediku valentziarra; Joan Peiró eta Melchor Rodríguez anarkistak; eta Porfirio Smerdou kontsul masoia.
1936ko Gerrako kontuek duten gaurkotasunaren inguruan ere hausnartu du Sudupek, eta gogorarazi du 2020 urte amaieran 200 militarrek Felipe VI.a Espainiako erregeari gutuna bidali ziotela, Espainiako batasuna arriskuan zegoela esanez, eta jeneral erretiratu batek mezua bidali ziola militar talde bati "hogeita sei milioi espainiar putaseme fusilatu beharra" legokeela" zioena: "Espainiako indar armatuetan eta justizia-administrazioan frankismoaren herentzia nabarmena da gaur egun ere", dio idazleak.
Eliza, Francoren aldeko militante
Elizaren paperaz eta jokabideaz irmo hitz egin du Sudupek: "Francoren aldeko militantea izan zen Eliza". Hierarkiak eregimenaren alde egin zuen argi eta garbi. Baina jasandako errepresioa ere kontuan hartzekoa iruditzen zaio –hainbat daturen arabera 6.832 erlijioso hil zituzten gerrak iraun zuen bitartean–. Hala ere, Eliza "gizartea espiritualki menderatzeko" Francorentzat funtsezkoa izan zela dio.
"Jakitun naiz batzuentzat gaia ahazteko hobea dela", aitortu du azkenik elkarrizketan Sudupek. "Baina beste batzuentzat, hura tragedia bezala bizi izan ez dutenentzat, kilikagarria eta erakargarria izan daiteke. Euskaraz, gure aurrekoen bizitza ikaragarri markatu zuen gertakari horretaz gehiago jakiteko, hobeki ezagutzeko eta ahantz ez dadin, haren ondorioek hein ohargarri batean bizirik jarraitzen dutenez gero".
Madril, 1939. Hiria frankisten esku erori baino lehen, munduko faxismoaren aurkako hiriburutzat jotzen zen, gobernu errepublikarraren propaganda eta gerra garaian handik pasatako intelektual antifaxista ezagunak medio. Garaileek hiriburua Sevillara, Salamancara edo Burgosera... [+]
Oraindik ere 36ko Gerraren memoriak sarri jasotzen ditu haginkadak orduko borreroen oinordekoen aldetik. Azken horietako bat Eulateko Felix Goyaren monolitoak jasandakoa da. 1936an atxilotu eta hil zuten frankistek 51 urterekin, eta oraintsu hiltzaileen ondorengoek berriz egin... [+]
Espainiako Estatuko Ciudad Realen Anisio Castilloren gorpua berreskuratu dute talde memorialistek berriki, 1943an bere buruaz beste egindako errepublikarra, frankistek bera eta bere familia bakean utz zezaten. Ez da gauza berria, etsaiek harrapatu baino lehen suizidatzeko joera... [+]
Gernikako bonbardaketatik harago, Alemanian apenas daukate Kondor Legioak 1936ko Gerran herritarrak sarraskitzen izandako parte hartzearen berri. Carmela Negrete kazetariak kontatu du oroimen falta hori Contexto aldizkarian. Halako zorrak kitatu gabe, nola saihestuko dugu gaur... [+]