Familia-giro

  • Batzuk itxialdia familian, beste zenbait familiatik guztiz aparte. Ez da erraza norberaren familiaren berariazkotasuna azaltzea kanpokoei, urtetan jositako gertaerek osatzen baitute ahaidetasun konplexua. Harremanak, ohiturak, hitz gakoak, umorea. Gai hori dute mami zinema argentinarraren eraikuntzan ezinbesteko diren Lucrecia Martel eta María Alchék, zeintzuek etxe barneak miatzen dituzten zinemaren erremintaz. Zuzendari hauen bi filmez aritu dira Tabakalerak antolatutako Hiru Begirada. Hiru Pasarte saioan Sara Fantova eta Irati Gorostidi.


2020ko maiatzaren 13an - 12:58
La ciénaga, Lucrecia Martelen filma.

90eko hamarkadan hasi eta egonkortzen joan den zinema argentinar berriaren izen garrantzitsuenetakoa da Lucrecia Martel (Salta, 1966) zinemagile, gidoigile eta zine-formakuntzan aditua. Fikzioa jorratu arren, errealitatearen hausnarketan jartzen du fokua zuzendariak, ezaguna duen horretan: Saltako barne-mundua, familien zatiketa, eta batez ere erdi-mailako klasearen kritika ditu ardatz, begirada eta entzumen zorrotzez landuta. Zinegileak akats bat ikusten du zineman, zeinean klase ertaineko jendea besterik ez dagoen. Ondorioz, begiradak beti antzekoak dira, eta ezagutzen ez diren gai askotaz hitz egiten da; Martel erreferente da, aitzitik, kontzeptu bisual ohikoak saihesten.

La Ciénaga (Argentina, 2001) da zuzendari argentinarra ezagutzera eman zuen film luzea. Bertan, bi familiaren arteko harremanaren gakoak kontatzen dira. Saltako probintzian kokatzen da istorioa, leku bat non ezer gertatu ez, baina badirudien dena lehertzear dela. Bi istripuk elkartuko dituzte familia hauek La Ciénaga herrian, eta bertan uda berezi bati aurre egin beharko diote, elkarren ondoan. Zingira lokaztia ere bada, era berean, filmaren izenburuaren itzulpena. Zuzendariaren zinemaren nondik norakoak definitzen hasiko den filma da, pertsonaia askoren pasarteen garapenean osatzen den narrazio konplexuan.

La niña santa (Lucrecia Martel).

Hotel batean eraikia da Martelen bigarren luzea, La niña santa (Argentina, 2004). Amalia bertan bizi den nerabea da eta gazte katolikoen elkarteko partaide da. Taldeak bokazio jainkotiarraren bilaketan dirau, zer den oso ondo ulertzen ez dutela. Bien bitartean, hotelera mediku talde bat iristen da, kongresu bat egiteko asmoz. Hauetako batek, jende multzo batean daudelarik, Amaliaz abusatuko du, jendetza probesturik ukituak egiten. Amaliak, Jainkoaren seinaletzat hartuko du, eta bere egitekoa gizon hori salbatzea dela erabakiko du. Korapilo horren garapena da filmaren argumentua. Berezia da oso Martelek gaia errepresentatzeko egiten duen aukera: batetik, biktima gisa aurkeztu beharrean, gizonari aurre egiten dion neska aurkezten duelako; bestetik, zentzu komunari alde egiten dion jarrera harturik, medikuaren botere aparatua armagabetzen duelako, rolen eraldaketa finean. Desira eta bokazioaren artean kokatzen den filmak oso modu sotilean kontatzen du indarkeria kasu baten garapena.

La familia sumergida (María Alché).

Hain justuki, haur santu hori interpretatzen du María Alchék (Buenos Aires, 1983) eta zuzendaria ere bada. La familia sumergida (Argentina, 2018) du bere lehen luzea, zeina Donostiako Zinemaldiko "Zinema Eraikitzen" programan garatu zen.

Filmak hildako ahizpa baten dolua egiten ari den emakumea erretratatzen du, zeina seme-alabekin eta senarrarekin bizi den. Zendu berriaren etxea husten ari dela, hildako arbasoen eta egungo familiaren arteko mundu batean murgilduko da, zeinetan esan gabeko gauza asko dagoen. Bizitzaren erlatibitatearen jabe, lehenago egin gabeko abentura batzuetara irekiko da, bere etxeko paperak zein diren jakin nahian. Modu finean landuta, fikzio barneko fantasiak gaina hartzen dio istorioari, errealismo magikoz bustiz. Alchék familia barneko argi-ilunak nahiz harremanen berezitasunak xehetzen ditu, guztiz barruan mantentzen gaituen obran. Zuzendariak bertatik bertara ezagutzen duen familia irudikatzen du, norberarenaren antzekotasunak izan arren, bakar egiten duena.

Elkarren arteko partaidetzaz gain, bada beste zerbait filmak lotzen dituena. Bietan jorratzen dira aipatutako etxekotasunak eta elkarrekin bizitzeko moduak. Halere, atentzioa deitzen duena zuzendarien emakumezko pertsonaien trataera da: hiru filmetan egoera zailetan kokatuak dira, baina modu ez konbentzionalez erantzuten diete zailtasun horiei. Ez dute ohiko biktimizaziora jotzen. Berebiziko garrantzia hartzen du honek zineman, kontuan hartuta islatzen duen gizarte berak behatzen dituela filmak. Martelek dio badagoela berezia den zerbait gailu horretan, zeinetan jendea gai den pantailan ulertzeko eta ikusteko bere inguruan ikusezin duena. Badago hor zer pentsatua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


Eguneraketa berriak daude