Trantsizio ekologikoaren eta migrazioaren loturak, Hernaniko Hariak zinemaldian

  • Azaroaren 6tik 16ra bitartean egiten ari dira Hariak erresistentzia istorioen zinemaldia, eta herritarrak sentsibilizatzeko hamabi dokumental eta solasaldi eskainiko dituzte. Laugarren edizio honetan trantsizio ekologikoaren gaian jarri dute fokua, eta eztabaida aberasteko munduko errealitateen beste ikuspegi batzuk emango dituzte. Gerra, migrazioa eta emakumeen aurkako indarkeria ere jorratuko dituzte, betiere begirada erresistentzietan jarrita.


2025eko azaroaren 6an - 16:07
Su Hernandez Hariak zinemaldiko koordinatzailea eta Itsaso Lekuona Hernaniko Udaleko Lankidetza zinegotzia. Hariak
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ostegun arratsaldean abiatu dute Hariak erresistentzia istorioen zinemaldiaren laugarren edizioa, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan, pasatako edizioetan eztabaidarako giro erosoa eta goxoa eskaini duen espazioan, antolatzaileek azaldu dutenez. Itsaso Lekuona Hernaniko Udaleko Lankidetza zinegotziak ARGIAri ziurtatu dio bereziki zaintzen dituztela dokumentalen kalitatea eta filmen osteko solasaldietako hizlarien aukeraketa. Zenbait gai eta herrialde gertuagotik ezagutzeko aukera zabala izango dute ikus-entzuleek, doan, eta zine zikloak beste behin parada emango du hausnartzeko giza eskubideen urraketen aurrean antolatzen diren borrokei buruz: “Inportantea da egunerokoa frenatzea eta ikuspegia gure zilborretik altxatzea pixka bat, munduan gertatzen dena ulertzen saiatzeko”, dio Lekuonak.

Oraingoan azpimarra jarri dute euskal herritarrek munduko beste errealitate horiekin duten harremanean, ditugun eraginei eta ardurei buruz gogoetatzeko. Ekuadorren petrolio enpresek Amazoniako komunitateak nola mehatxatzen dituzten erakusten duen Zona Wao filmarekin hasiko dute zinemaldia. Hain zuzen, trantsizio ekologikoa izango da aurtengo gai nagusia, eta Hariaken antolatzaileak ziurtatu duenez, argi izan dute estraktibismoaren eta klima larrialdiaren gaiak ekarri nahi zituztela: “Trantsizio ekologikoaren eztabaida pil-pilean dago gurean, eta Hariakekin gai horrekiko ikuspegia aberastu nahi dugu, munduan gure energia kontsumoak eragiten duena erakutsita. Hemen egin behar dugun eztabaidan kontuan hartu behar dugu gure eragina munduko beste errealitateetan”.

Petrolioa eta gasa ustiatzeko jatorrizko komunitateak suntsitzen dituzten enpresen kasuez gain, energia berriztagarria sortzeko zentral hidroelektrikoen megaproiektuek lurraldean eta jendartean eragiten dituzten kalteei buruz ere hitz egingo dute zinemaldian. Herrialde eta borroken arteko hariak josten jardungo dute datozen egunetan, izan ere, Lekuonaren hitzetan, udaleko lankidetza arloak apustua egin du azaroko bi asteotan herritarren agendan tokia egiteko, eta giza eskubideen aldeko borrokei oihartzun handiagoa emateko.

Aurreko edizioetan Euskal Herriko erresistentzia istorio gehiago egon baziren ere, aurten erabaki dute kanpora begiratzeko unea zela: Ekuador, Argentina, Honduras, Bosnia-Herzegovina, Pakistan, Kongoko Errepublika, Yemen, Antilla Txikiak, Kenia, Uganda, Mendebaldeko Bengala, Kuba, Palestina... Kulturarteko Plaza Feministako aretoko eserlekuetatik atzerrira bidaiatzeko gonbita egingo dute antolatzaileek, eta film bakoitzaren ostean gatazken testuingurua edota filmaren nondik norakoak aletzeko ere bertako nahiz nazioarteko hizlariak etorriko dira. Film guztiak jatorrizko bertsioan izango dira, euskarazko edo gaztelaniazko azpitituluekin.

Migrazioa ulertzeko tresnak

Lekuonak dio udalaren zeregina dela herritarrei tresnak eskaintzea inguruan gertatzen ari dena ulertzeko: “Migrazioaren gaia landu egin behar da, zeren badirudi denok gaudela oso ados, baina gero errealitatean ekainean bezalako eraso eta jarrera arrazistak agertzen dira”. Zinemaldi honekin erremintak eman nahi dituzte, eta horregatik, aurten ere migrazioaren gaiaren kausak landuko dituzte: besteren artean, klima larrialdia eta gerrak, “askotan lotuta baitaude”.

Azaroaren 16an Palestina eta Kuba lotzen dituen La raíz del olivo dokumentalarekin itxiko dute zinemaldia, eta Hernanin erbesteratuta bizi diren Sol Band taldeko kide palestinarrek musikatuko dute bukaera. Dena den, ahaztuta dauden bestelako gerra eta genozidioei ere ahotsa eman nahi izan diete, eta beraz, Kongoko filmak (estraktibismoari zein gerrari buruzkoak) eta Yemengoak ere proiektatuko dituzte. Yemengo gatazka Gerra hemen hasten da filmarekin jorratuko dute: abiapuntutzat du Bilboko Portuko suhiltzaile batek uko egin ziola Yemengo populazio zibilaren aurka erabiliko den arma-kargamentu batean parte hartzeari. Gainera, bi astez Yemen: Gosea, gerraren beste zauria argazki erakusketa egongo da Kulturarteko Plaza Feministan, Pablo Tosco argazkilariaren eskutik.

“Eta nahiz eta pasatako gerra bat izan, Bosniakoa ere ekarri dugu. Loturak daude: bai Bosniaren kasuan bai Kongoko pelikularen kasuan, bietan hitz egiten da gerra testuinguruan bortxatu zituzten emakumeen seme-alabez, alegia, bortxaketen ondoren jaiotako haurrek bizi dituzten prozesuez”, adierazi du Lekuonak. Alegia, urrunekoak izanik ere, gerra testuingurutan errepikatzen den emakumeen aurkako indarkeria bortitzaren adibideak ere ekarri dituzte.

Egitaraua osorik jarraian, eta hariak.hernani.eus atarian informazio gehiago:

Azaroak 6, osteguna:

18:00etan: Zona wao (Ekuador), Ekuadorko Amazoniako sakrifizio-eremuei buruzkoak, non petrolio enpresek bertako komunitateen bizitza mehatxatzen duten. Solasaldia: Nagore Eceiza Mujika, filmaren zuzendariak eta Haizea Bernas Loinaz Medicusmundi Gipuzkoako Gizarte Eraldaketarako Komunikazio eta Hezkuntza arduraduna.

Azaroak 7, ostirala:

18:00etan: Flying Hands (Pakistan). Entzumen arazoak dituztenentzat azpidatzia euskaraz eta espainieraz. Pakistanen pertsona gorrek bizi duten arbuioaren inguruko dokumentala. Solasaldia: Marta Gomez zuzendaria eta Aitor Bedialaunieta, Euskal Gorra Elkarteko presidentea. Solasaldian zeinu hizkuntzara interpretazioa egongo da.

Azaroak 8, larunbata:

11:00etan: Las semillas de Berta Cáceres (Honduras). Berta Cáceres, Hondurasko giza eskubideen defendatzailearen iruditik abiatuta, berak ereindako haziak aztertzen ditu. Solasaldia: Dalila Argueta Hondurasko Giza Eskubideen Defendatzaile Sareko kidea, Guapinol ibaiaren aldeko borrokan aritua.

18:00etan: Semillas de Kivu (Kongoko Errepublika). Gerrillek taldean bortxatutako emakumeek bortxaketen ondoren erditutako haurtxoak onartzeko tratamendu psikologikoaz dihardu.

Ondoren, Mama (Kongoko Errepublika), Kahuzi-Biega parke nazionaleko Lwiroko primateak babesteko santutegiari buruzkoa. Solasaldian Nicole Ndongala Nzoiwid giza eskubideen defendatzailea mintzatuko da, Kongoko emakumeen Espainiako plataformako kide eta Karibu elkarteko zuzendaria.

Azaroak 9, igandea:

11:00etan: Gerra hemen hasten da (Euskal Herria eta Yemen). Bilboko Portuan suhiltzaile batek Yemengo populazio zibilaren kontra erabiliko den arma-kargatze batean parte hartzeari uko egiten dio. Solasaldia: Emakumeok Gerraren Aurka taldeko kideek euren borroka azalduko dute.

18:00etan: Dabruneba (Europa). Sofikok zazpi urte zeuzkala Georgiatik Bartzelonara egindako bidaia berregingo du atzerako bidean, umetako lagunekin. Solasaldia: dokumentala egin duen kolektiboak (Paloma Bercovich, Júlia Farràs eta Mar Garro) Europako migrazio politikei buruz hitz egingo du.

Azaroak 13, osteguna:

18:00etan: Hay alguien en el bosque (Bosnia-Herzegovina). Bosniako gerran bortxaketen ondoren jaiotako hiru haurri ahotsa ematen dio dokumental honek. Solasaldia: dokumentalaren egileak, Teresa Turiera-Puigbò eta Erol Ileri.

Azaroak 14, ostirala:

18:00etan: Esto es fracking (Argentina). Vaca Muerta eremuko biztanleek haustura hidraulikoarengatik jasaten dituzten kolonialismo klimatikoaren ondorioei buruz. Solasaldia: Mikel Otero, Fracking Ez Arabako kidea eta EH Bilduko trantsizio ekologikoko idazkaria.

Azaroak 15, larunbata:

11:00etan: Mariposas negras (Antilla Txikiak, Kenia-Uganda eta Mendebaldeko Bengala). Klima-aldaketaren ondorioz migratzea beste aukerarik izan ez duten hiru lagunen bizipenak. Solasaldia: Javi Raboso Greenpeaceko kide eta soziologoak migrazio klimatikoak izango ditu hizpide.

18:00etan: We are migrants (Europa). Migratzaile eta errefuxiatuen aldeko Europako eragileen ahotsak biltzen ditu, eskuin muturraren gorroto arrazistaren diskurtsoaren aurrean. Solasaldia: Cristina Cardín zuzendaria.

Azaroak 16, igandea:

18:00etan: La raíz del olivo (Kuba-Palestina). Beren aberritik urrun bizi diren bost palestinarrek beren esperientziak kontatzen dituzte. Gazatik ihesi, Hernanin errefuxiatuta dauden Sol Band taldeko gazteen bizipenak entzun ahal izango dira. Haien musikarekin emango zaio bukaera edizioari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Giza eskubideak
Eguneraketa berriak daude