Sasoi betean dago Koldo Almandoz: bere azken telesaila, Zeru Ahoak, Donostiako Zinemaldian aurkeztu eta gero, pelikula berria grabatzen amaitu berri du, Azken agurra. “Pertsona xumeak” ekarriko ditu pantailara, pertsona “normalen” istorioa; “normal” gisa ulertzen bada hileta zibilen enpresa bat sortu duen gizon “enpresa-jabe” bat eta bere bekaduna, antropologia ikaslea bera. Kalamitate bat bestearekin lotuko dituzte, edonoren bizilaguna izan daitekeen pertsonaia pantailaratuta. 2026ko “momenturen batean” estreinatuko dute pelikula.
Irungo (Gipuzkoa) industrialde bateko kale luze bat puntarik punta gurutzatu du Iñigo Azpitartek. Ordu eta erdi darama ibilbide bera egiten, behin eta berriro. Halako batean, “moztu!”, diotso Koldo Almandozek. Eta horrela, bukatu dute zuzendari donostiarraren pelikula berria, Azken agurra. Haien arteko lore sorta eta besarkada artean hartu dute ARGIA, azken grabaketa egunean. 2026ko “momenturen batean” ikusiko du argia pelikulak, oraindik zehaztu gabeko data batean. “Hori du ona txikian ekoizteak, ez dituzula presa horiek”, dio Almandozek. Hori, eta “jende xumearen istorioak” kontatu ahal izatea, “istorio normal” bat, edonor identifikatuta sentitu daitekeen horietakoa.
Etorkizun batean, Azpitarte Tomas bihurtuko da, eta behin eta berriro errepikatu duen bide hori, berak sortutako hileta zibilen enpresarako bidea. Tomas enpresa-sortzaile bat baita, enpresa jabe peto-petoa; edo, behintzat, horrela ikusten du bere burua. Berez, kalamidade bat da, “tipo nahiko gorrotagarria”, Almandozen berbetan. Baina berdin dio, Tomasek bere burua asko estimatzen du, “guztiz garaikidea den” sindrome bat baitauka, inpostorearen sindromearen kontrakoa, Dunning-Kruger-en sindromea. Tomas da, azken finean, gizarte garaikidearen ispilua. “Denok dakigu guztiaz, gure iritzia balekoa da beti, gauza guztietara atrebitzen gara... Ni-tasunak ematen digun harrotasun puntua duen pertsonai batetik abiatzen gara”, laburtu du zuzendariak.
Oraindik ezin dute ezer aurreratu, baina badiote Tomasi “zerbait” gertatuko zaiola, eta leku guztietara oinez joan beharko duela. Non eta hiriaren kanpoaldeko industriagune batean, garraio publiko gutxi ezagutzen duten eremuan, hain justu. Eta filmari are puntu surrealistago bat gehitzeko, Tomasi laguntzaile bat egokitu diote: Sara (Izaro Nieto) antropologia ikasleak bertan egin beharko ditu praktikak. Komediak ardaztutako pelikula izaki, kalamitate bat bestearen atzetik zerrendatuko ditu, surrealismoaren eta muturreko normaltasunaren artean; trama txikiak harilkatzen, “baina trama txiki horiek oso handiak bihurtzen dira norberarengan”, dio Azpitartek.
Almandozen azken aldiko obsesioari erantzuten dio bukatu berri duen pelikulak. Ikustea gustatzen zaion zinea egitea gustuko duela aitortu du zuzendariak, pelikula handien epikatik urruti, diskurtso landu eta arrazoitua izatearen premiari iskin eginda. Nabari da bere begia lokalizazioen aukeraketan ere, eta nolabaiteko hari bat ikusi daiteke: Oreina-n (2018) Donostiako kanpoalde industriala eta Oria ibaia aukeratu zituen, Hondar Ahoak-en (2020) Ondarroako (Bizkaia) portu post-industriala, Zeru Ahoak-en (2025) Bilboko ibaiadarra, eta azken honetan, Azken agurra-n, berriz bueltatu da hiri kanpoaldeko industriagunera. Argi dago, beraz, hiri bukoliko eta erromantikorik ez, “benetako” eszenatokiak nahi dituela bere pelikuletarako, jendea dabilen, jendeak irauten duen leku horiek. Bizitza dabilen leku horiek, azken finean.
Castinga, lehenengoan
Lekuen aukeraketarekin bat doa aktoreena ere, ezin bestela. Erakutsi nahi baina ezinaren baitan mugitzen da Tomas, gizon arlote samarra. Ez da lehen aldia Azpitarte eta Almandozek elkarrekin lan egin dutena, zuzendari donostiarrak aurten kaleratutako telesailean, Zeru Ahoak-en, ere azaltzen baita Azpitarte, guztiz paper ezberdin batean bada ere; eta zuzendariak ordutik zuen buruan berarekin zerbait egitea. “Zeru Ahoak egin genuenean Iñigo begiz jo nuen. Landare poto bat eman nion, eta argazki batzuk egin nizkion, oraingo pelikula hau buruan neukala. Argazki horiek beti izan ditut buruan”, dio zuzendariak. Eta Azpitartek Almandozen erronkari baiezkoa eman zion, eta zuzendariaren konfiantza eskertu du: “Aktore batentzat ez dago ezer aberasgarriagorik pertsona normal bat gorpuztea baino”.
Nietok, aldiz, lehen lan luzea du. Alegia, casting prozesua pasatu behar izan du filmera heltzeko; aktore orok gorroto duen prozesu hori. Almandozek berak ere aitortu du “oso gaizki” pasatzen duela castingetan, eta azken pelikula horretarako oso prozesu txikia baino ez zutela abiatu. Aurretik ere ezagutzen zuen Nietoren lana, eta, aukeraketa prozesua martxan jarri bazuen ere, intuizioari ere egin zion kasu, eta ez zuen zalantza egin.
Gutxirekin, asko
Pelikula txikia dela azpimarratu dute taldeko kideek. ETB eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du, baina grabaketaren atzean ez dago streaming bidezko plataforma bat bera ere. Horrek eragin die ohikoa baino lan intentsitate handiagoz lan egitea: baliabide murritzagoekin izanda, grabaketak “optimizatu” egin behar izan dituzte. Konparaziorako, ohiko grabaketa prozesua jarraitu izan balu, zazpi edo zortzi aste beharko lituzkete pelikularen grabaketetarako; beraiek, ordea, bostean bukatu dute. Alegia, denbora gutxi izan dute denerako: “Entseguetarako, zalantzetarako, haserrealdiak baretzeko tarterik ez. Gogorragoa egiten da”, dio Almandozek.
Horrenbeste baliabide ez izate horrek eraman ditu lanak zehatzago antolatzera, baita bakoitzak bere ardurak hartzera ere. Intentsitate handiko grabaketa egunotan, ez dute nahi beste denbora izan eszena bakoitza mimoz lantzeko, baina horri erantzuten jakin dute lantaldeko kideek, hori dio Almandozek. Aktoreekin ere horrela izan da: “Egin dugu entsegua aurretik, baina gero asko jo behar izan dute intuiziora, ni ez naizelako egon askotan, eta beraiek ekarri dutenetik egin dugu asko”.
Mauka motzean hasi eta txamarra lodiarekin amaitu dute grabaketa; hori guztia bost asteren buruan. Horrela grabatzeak “badu bere magia”, horixe dio Almandozek; “bost aste irauten baditu bai, gehiago jada...”, erantzun Azpitartek. Bakoitzak bere “Vietnam” bizi izan du kamerren aurrean, eta denek egin dute beren lana, zorrotz, lehen “grabatzen!”-etik azken “moztu!”-raino. Azken eguna heldu zaienean, poza eta lasaitua nabari zaie, lanak ondo egin dituenak izan ohi duen patxada hori. Kazetariak agurtzearekin bat itzuli dira besarkadak, lore sortak; desmuntaiak beren esku horiek ere erreklamatzen dituen artean, bederen.