Errautsak ditu protagonista Oier Plazak (Gernika-Lumo, Bizkaia,1982) zuzendu duen lehen laburmetraiak, Popel-ek (Errautsak). Horiek dira protagonistak, kontakizunak errautsak baino ez baititu helduleku, 1936ko Gerrako hainbat erbesteraturenak: non eta Pragan, nork gordeta eta errausketa-labeko familiak, nazien aurkako erresistentzia ariketa betean. Euskal Herriko eta Txekiar Errepublikako zinemagileen artean ondua, memoria pieza bat sortu dute, Pragako labe horretan bukatu zutenen istorioak harilkatzen; Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta saria eman berri dio.
Estreinaldi bikoitza izan du pelikulak: Donostiako Zinemaldian aurkeztu zenuten, baina baita Pragan ere. Jendeak zer harrera egin dio dokumentalari?
Gezurrik esan ez badigute, dena ondo joan da. Eta neroni ere zinera sartu naizenean, jendea hunkituta ikusi dut, baten bat negarrez bere bai. Pragakoa izan zen lehen froga, deportatuen senideak izan ziren bertan eta jasotako erreakzioekin oso pozik gaude, egia esan. Han aurkeztu genuenean konturatu ginen oso ezberdinak direla kulturak; gauza ezberdinek sorrarazten digute hunkidura.
Pragaraino joan zarete, baina istorioaren hasiera etxe ondoan izan duzu hasieratik, Busturian (Bizkaia), Anjel Lekuonarekin.
Bai, hori da. Nik Anjel Lekuonaren historia ezagutzen nuen aspalditik, Anton Gandarias –bere iloba eta dokumentaleko harietako baten narratzailea– gernikarra da, Anjelen ondorengoak ere Gernikan bizi dira, Busturia Gernika alboan baitago. Istorio hori ezagutzen nuen, baina egun batean, 2022 hasieran, Anton hurbildu zitzaigun esanez agian bere osabaren errautsak aurkitu zituztela Pragan. Kontatu zigun, gainera, pertsona bat egon zela errauts horiek gorde zituena desobedientzia ariketa erraldoi batean. Hori entzun nuenean interesa handitu zitzaidan, jada ez zelako bakarrik istorio tragiko bat, Anjel Lekuona modukoak milioika baitaude II. Mundu Gerran; bat-batean beste zerbait ere bazegoela ikusi nuen, zeozer positiboa. Dokumentalaren sakonean, berez, heriotza dago, bidaia dramatiko bat, kontzentrazio esparruak; baina horren gainetik badago zerbait positiboa: ekintza txiki asko egin dituzte desagertutzat eman ziren pertsona horien memoria berreskuratzeko, duintasuna bueltatzeko. Eta hori ikusten duzunean konturatzen zara zelako istorio ederra den, eta kontatu beharra dagoela.
Izan nuen tentazioa Lekuonarekin bakarrik egiteko dokumentala, baina ezin nuen bazter utzi Unai Egia –dokumentaleko beste narratzaile bat, Enric Monerren benetako istorioa ikertu zuena–. Gainera, berak aurkitu zuen dena, eta ulertu egin behar dugu alde horretatik. Ikerketaren eta aurkikuntzaren berri izan nuenean, Anton eta Unairekin batu nintzen, eta eurekin joan nintzen Pragara
Izan ere, Angel Lekuonaren bizia kontatzen duzu, baina laster batzen zaio Enric Moner, Moriartitarren Marco pelikulan identitatea lapurtzen dioten deportatua, Unai Egia irakaslearen ikerketatik.
Pelikula Euskal Herrian finkatzea aukeratu nuen, Anjelen historiagatik. Baina gero, benetan pasatu zen moduan, Anjel eta Enric Monerren biziak gurutzatu zirenez, hori sartu behar nuen. Oraindik ere harritu egiten naiz, neure buruari galdetzen diot ea zelan izan zitekeen elkarrengandik hurbil bizi diren bi pertsona –Anton Gandarias eta Unai Egia–, kasualitate batzuk tarteko, batak bestearen berri duten eta konturatzen diren zelan baten osaba eta bestea ikertzen ari den pertsona aurkitzen diren, hiltzen dituzten egun berean eta errausten dituzten batera, gau berean. Kasualitatea sekulakoa da, kontuan hartuta Espainiako Estatu osoan 4.000 deportatu hil zituztela kontzentrazio esparruetan, eta gainera beraiek egon ziren esparrua oso txikia zela... Kasualitate erraldoia da. Istorio honek dituen bueltak eta karanbolak dira horiek.
"Nire izenean agertzen da dokumentala, eta bai, niri tokatu zait koordinatzea, baina talde lana dago honen atzean"
Ez dira hari gutxi ikusleak jarraitu ahal izateko.
Hiru nagusi daude dokumentalean. Bata da Anjelen bidaia dramatikoa, Gernikako bonbardaketaren ondorioz hasten dena, eta beste deportatuekin batzera daramana. Gero František Suchý-ren bizitza dago, edo Txekiar Errepublikan gertatzen dena; alegia, alemaniarrek okupatu zuten, ordurako labea martxan zegoen eta errepresioa hasten da, txekiar erresistenteen gorpuak hasten dira iristen errausteko eta Suchý hasten da bere erresistentzia ekintzarekin, erraustutakoen errautsak eta datuak gordetzen. Eta hirugarren haria da, garrantzitsuena eta dokumentalaren norabidea markatzen duena, Unai Egiaren ikerketa. Bere jakin-minarekin hasten da ikerketa, El Impostor (Inpostorea) liburua irakurri eta gero –Marco pelikulak oinarri duena–, berarentzat injustizia bat zelako Enric Monerren benetako bizitza ez jakitea, eta hori ikertzen hasi zen. Horrekin hasten da ikerketa, eta bukatzen da errautsen aurkikuntzarekin.
Hiru hari daude, baina ikerketak hartzen du garrantzia, horrek zabaltzen ditu beste harietan dauden elementuetarako bideak; horrela lortu dugu tentsio narratiboa, eta hori garrantzitsua da. Ez da bakarrik istorio harrigarri bat kontatzea, baizik eta istorio hori ipini behar duzu ikusleen jakin-min eta kontzientzian, eta ikerketaren bidez lortzen da hori. Hiru hari horiek bat egiten dute Strašnicen –Praga kanpoaldeko labean–, hor batzen da ikerketa, hor batzen da Anjel eta beste deportatuen gorpuen errausketa, euren bizitza. Esan dezagun errautsak direla dokumentalaren bihotza.
Eta beste kasualitate bat: František Suchý aita eta semea, biak izen berekoak, hilda daude, baina dokumentalean semearen elkarrizketa bat ageri da, bideoz grabatuta.
Txekiarrentzat František Suchý semea ezagunagoa izan da Txekiar Errepublikan preso politiko moduan, aurretik nazien kontra egin zuen desobedientziagatik baino. Izan ere, II. Mundu Gerraren ostean, SESB Txekiar Errepublikan sartzen denean, oposizioa jazartzen dute, atxilotzen dute; kasu batzuetan exekuzioak daude eta Suchýk jarraitzen du errausten eta desobedientzia ariketa egiten. Dokumentalean ez da kontatzen, baina Suchý semeak arma batzuk gorde zituen, disidente batzuk ezkutatu zituen, eta bera atxilotzearen arrazoia izan daiteke; baina, era berean susmo bat dago, eta ama eta aita ere atxilotzen dituzte. Kartzelan sartzen dituzte, eta orduan, semearen zigorra besteena baino handiagoa da, eta momentu batean gurasoek pentsatzen dute ez dutela berriz ikusiko eta mezu bat bidaltzen dute, zinta bat. Eta zintak adierazten du heroi anonimo horiek kartzelan amaitzen dutela stalinismoaren gerizpean. Txekiarrentzat zinta hori oso berezia da.
"Gernikan bizitzeak eta bertakoa izatean badarama motxila hori, uste dut gernikar guztiok hurbil sentitzen dugula Gernikako bonbardaketa"
Elementu guzti horiek ordenatzea izan da lanik zailena? Zelakoa izan da prozesua?
Hasierako gidoiak dokumentalean dauden elementu guztiak batzen zituen, baina ordena ez zen, inondik inora ere, gaur egungoa; jauzi gehiago ematen zituen, lizentzia artistiko handiagoak hartzen zituen animazioaren aldetik-eta. Baina narratibo bihurtzeko erabakia hartu dugu, bestela ez ginen gai dena ulerterraz bihurtzeko. Sekulako lana izan da, 11 hilabete pasatu ditugu edizioan, eta 11 bertsio izan ditugu, kasualitatez. Koprodukzioa izan da, gure lantaldea ez gara bakarrik hemengoa, Txekiar Errepublikako kideak ere izan dira lantaldean, eta kanpo begirada hori oso garrantzitsua izan da, dokumentala ulergarri egin behar duzulako euskal herritar batentzat, baina baita txekiar batentzat ere. Uste dut pelikularen muntaketan etengabe bi begirada horiek izatea oso garrantzitsua izan dela prozesurako, dokumentala ulergarri egiteko, jakiteko non dauden jauzi emozionalak, non sortzen dugun tentsioa... oso prozesu aberatsa izan da.
Orain ikusten dut nire izenean agertzen dela dokumentala, eta bai, niri tokatu zait apur bat koordinatzea kontua, baina talde lana dago honen atzean, talde lana da eta funtzionatu du, nire iritziz, begi asko egon direlako muntaketan.
"Kanpo begirada oso garrantzitsua izan da, dokumentala ulergarri egin behar duzulako euskal herritar batentzat, baita txekiar batentzat ere"
Elkarrizketa eta elkarrizketa artean, ilustrazioek ere izan dute tokia: Anjel Lekuonaren istorioa Kote Camachoren ilustrazioek jantzi dute.
Anjelen irudirik ez dugunez, horrela baino ezin genuen irudikatu. Hasieran, beldurra ematen zidan istorioko irudi errealak animazioarekin ondo uztartzeko gai ez izateak; dokumental askotan ikusi izan ditut horrelako kasuak, eta askotan iruditu izan zait ez daudela ondo ezkonduta. Kasu honetan, uste dut lortu dugula ondo ezkontzea.
Hasieran gura genuen animazioak egin errautsek sortzen duten zikin horretatik, deskonposatzen diren irudiak nahi genituen, eta estilo horretako norbaiten bila hasi ginen. Txekiar Errepublikan hasi ginen animatzaile bila, baina Kote ere bagenuen buruan. Bere aukera ederra zen, estilo hori erabat lantzen du bere zenbait lanetan, eta bere aukera hori hartu genuen. Kotek bere erreferentziak ditu, baina nik Jose Maria Urzelairen estiloa aipatu nion, Busturiko artistarena. Berak puntu surrealista oniriko bat du atzealdeetan. Hasieran lizentzia artistiko gehiago izango genuela uste genuen, bai egitura bai animazio aldetik. Baina gero narratibo bihurtu genuen, kolorea eman genion narrazioari. Eta horrela, bi estilo nahastu zituen Kotek: kolore ilunagoak eta sotilagoak Gestapo eta naziak dira, baina Gernika eta bere ingurua Urzelairen koloreekin daude.
Zu zeu gernikarra zara. Zelan eragin dizu horrek dokumentala egiterakoan?
Niretzat ez da urrun dagoen gai bat: memoriari lotutako beste lan batzuk eginak ditut, eta Gernikako lobak elkarte memorialistako parte ere banaiz. Gernikan bizitzeak eta bertakoa izateak badarama motxila hori, uste dut gernikar guztiok hurbil sentitzen dugula Gernikako bonbardaketa, Gernikak duen sinbologia eta esangura; eta beti pentsatu izan dut memoriak izan behar duela era honetako gauzak saihesteko erreminta bat, gaur egun Gazan pasatzen ari dena adibidez. Memoria erabili behar dugu pertsona moduan aberasteko, kritikoagoak eta sentsibleagoak izateko, gerrak eta indarkeriak sortzen duten saminarekin enpatia izateko gaitasuna izateko. Dokumentalean nahi nuen Gernika markatu, Anjelen ihesa bonbardaketaren ostean hasten baita, eta Gernika badelako elementu unibertsal bat, bere esangura gure mugetatik harago doana.