Begoña Urroz DRILek hil zuela dioten dokumentu polizialak desklasifikatu ondoren argi geratu da José Ángel Pardines Guardia Zibileko agentea izan zela ETAk hildako lehenbiziko pertsona. Baina ETA sortu zenetik Espainiako Estatuarekin izan duen gatazkan hildako aurreneko pertsona ez zen bera izan. Javier Batarrita enpresarioa lehenago hil zuen poliziak ETAko kidea zelakoan.
Iñaki Anasagastik kontatu zuen 2011n, Deia egunkariaren webgunean idazten duen blogean.
1961eko martxoaren 27an, zenbait Guardia Zibil, Espainiako Poliziako inspektoreak eta Polizia Armatuko agenteak Boluetako gasolindegiaren parean jarri ziren. Gaueko hamarrak jotzeko hamar minutu falta zirenean Peugeot 403 automobil bat orduko 50 kilometrora hurbildu zen lekura, Guardia Zibil batek gelditzeko agindu zion metrailetarekin apuntatuz. Gidariak kasu egin zion, eskua atera zuen, autoa gelditu eta atea ireki. Tiro bat entzun zen. Metraileta parrastadak gero, pistola eta fusil tiroekin nahastuta. Segundo batzuen ondoren gidaria lurrera erori zen odoletan blai.
Javier Batarrita zen hildakoa. 33 urte zituen. Gasteiztik iritsi berria zen, firma komertzial baten likidazioa egin ondoren, lan egiten zuen motor enpresako zuzendaritzako bi lankiderekin –Ballesteros eta Larizgoitia–. Gorpuak bederatzi bala zulo zeuzkan buruan eta berrogei gorputzean.
Zergatik hil zuten? Anasagastik kontatzen duenez, indar polizialek uste zuten ETAko kideak tirokatzen ari zirela. Julen Madariaga, José Mari Benito del Valle eta Manu Agirre hil berri zituztela pentsatuz lekutu ziren, gorpua bertan utziz; eta handik ordu batzuetara itzuli ziren, biktimak ETAkoak ez zirela jabetzean, aztarnak ezabatzeko.
Tiroketan zauritutako lankide bat, Ballesteros, bizi osorako paralitiko geratu zen. Bizilagunek atera zuten autotik eta ezkutuan eraman ospitalera, izen faltsuarekin.
Batarritaren alarguna San Frantzisko kalean zegoen prozesio batean. Basurtuko ospitalera joan zen bizilagun batek gertatutakoa kontatu zionean eta hogeita hamar polizia baino gehiago aurkitu zituen. Ez zioten tiroketaren berririk eman, ezta senarra hil ziotenik ere eta, agenteei hiltzaileak zirela oihukatzeagatik atxilotu eta Indautxuko komisaldegira eraman zuten. Epaiketa moduko bat egin zen Bilbon ekintzan parte hartu zuten poliziekin eta denak absolbitu zituzten.
Eguneraketa:
Gorka Arrese Susa argitaletxeko editoreak jakinarazi digu Gabriel Arestik Zuzenbide debekatua poema luzean Javier Batarritari lerro batzuk eskaini zizkiola. 1960-1961 artean idatzi zuen poema Arestik, baina zentsuratu egin zuten.
1961ean poemaren aurkibidea eta hamar lerro argitaratu zituen Eganek eta ez zen osorik argitaratu 1986ra arte. Karmelo Landak poemaren bi bertsio eskuratu zituen, bata Joxe Azurmendiren eskutik eta bestea Andoni Kaierorenetik (azkeneko hori bertsio luzeagoa). Susak argitaratutako Arestiren obra guztien bildumako lehen liburuan dago ondoko pasartea:
Nire laguna zen, nire lagun maitea;
bizikleteroa, denon adiskidea,
ideolojietan etzen inoiz sartu.
Bakean bizi zen mundu guztiarekin,
gorriekin eta berde eta zuriekin.
Orok estimazio haundia zioten.
Iluntze batean zetorren Bituritik
automobilean. Bihotzean zekarren
andrea laztantzeko gurari bizia.
Oraindik eztiot entzun inoiz inori,
bekatua dela, edo bidegabea,
esposari senarrak mosua liola.
Ezpainetan zuen tango baten soinua,
polizia batek gelditzeko haltua
mitralleta batekin eman zionean.
Dokumentazio identikaria
eskatu zioten. Atera zuenean,
ezpainetan ziarto isildu zitzaion
haren tangoaren msuiak dotorea.
Egia da ezen herri-gobernariak
dolatu ziren haren heriotzarekin.
Baina egiagoa ezen haren emazte
gajoak etzuen inoiz aurrerantzean
senar maitalearen musurikan hartu.
50 urte bete dira Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik. Urteurrenaren harira, BERRIAk lan hau ekoiztu.
«Txikiren anaia bat kalean ikusi nuen behin, Zarautzen [Gipuzkoa], eta pentsatu nuen: '50 urte igaro dira fusilamenduaz geroztik. Zer pentsatuko du berak? Nola... [+]
Frankismoaren azken exekuzioak hartu ditu hizpide Javier Buces historialariak, Askatasun Haizea (Txalaparta) liburuan. Estatuak eragindako biktimak, "bigarren mailako biktima" izaten jarraitzen dutela uste du Bucesek.
1985eko irailaren 25ean Inaxio Asteasuinzarra hernaniarra, Sabin Etxaide zestoarra, Agustin Irazustabarrena astigarragarra eta Jose Mari Etxaniz urretxuarra hil zituen GALek Baionan. 40 urte geroago omenaldia egin diete Monbar Hotelaren aurrean, hil zituzten lekuan.
Guardia Zibilak "jardunaldi irekiak" antolatu ditu irailaren 27an Bilboko Ramon de la Sota moilan, Karola garabi ezagunaren ondoan, eta armak eta ibilgailuak erakutsiko dituzte, besteak beste. Naiz-ek argitaratu duenez, erakustaldia egiteko Bilboko Udalaren baimena dauka... [+]
1985ean Guardia Zibilak Mikel Zabalza bahitu, torturatu eta hil zuela 40 urte dira aurten. Hori dela-eta, ekimen berezia antolatu dute hainbat eragilek: autobus ibiltari batek erakusketa eramango du herriz herri, kasuari buruz oraindik erantzunik gabe dauden galderak... [+]
Izpegiko besten karietarat Baztango eta Baigorriko gazteek mahai-ingurua antolatua dute arrats honetan Iparretarrak talde armatuaren memoria kolektiboa eraikitzeko beharrez. IKko sortzaileetan izan den Pilipe Bidartekin mintzatu gira, jakiteko nola bizi izan dituen 40 urte... [+]
"Oraindik korapiloa askatzeko" dagoela gogoratzeko eta Txiki eta Otaegiren fusilatzeen 50. urteurrena kari, Sortuk bi pankarta handi eskegi ditu Cuelgamuroseko monumentuko arku batetik. 1975ean bertan lurperatu zuten Francisco Franco diktadorearen gorpua, 1936ko gerran... [+]
Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioek antolatu duten erakusketa ibiltaria ezin izango da Zarauzko areto publikoetan ikusi. Udalak argudiatu du errelato "partziala" eta "ideologizatua" eskaintzen duela. EH Bilduren lokalean paratuko dute azkenean.
Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor elkarteak ostegunean jakinarazi dutenez, Nafarroako Gobernuak “giza eskubideen urraketaren biktima” modura aitortu ditu sei herritar, 16/2019 Foru Legearen babesean.
Jose Mari Dorronsoro preso politikoak Frantziako Estatuan bete zuen zigorra aintzat hartu ondoren, aske utzi zuten abuztuan, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez.
50 urte dira Francoren diktadura garaiko azken bost fusilamenduetatik. Jon Paredes, Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak, eta Sánchez Bravo, Humberto Baena eta Ramón García Sanz FRAPekoak. Txikiren abokatuetakoa izan zen Magda Oranich, mende erdia eta gero... [+]
UPNk salatu du Nafarroan eskuin muturreko taldeen eta Poliziaren indarkeria aztertzen duen batzordeak ia edonor hartzen duela biktima gisa. María Chivite lehendakariak erantzun dio Poliziak egindako abusuen salaketak asko izan direla eta denboran hainbat garaitan... [+]
Gatazka politiko bat egon da azken 60 urteetan Euskal Herrian, eta horrek izan du bere bertsio biolentoa, ETAk bideratu duena, zeinari Espainiako Estatuak errepresioz eta estatu-terrorismoz erantzun dion. Sei hamarkadetan, ordea, biolentzia horiek ez dira berdin ikusi izan... [+]
Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.