Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zen Rosa Zarra oroitzeko plakari eraso diote Donostian

  • Ertzaintzak erail zuen Zarra 1995ean, manifestazio batean pilotakada batez jota. Aurrez, plaka kendu zezatela eskatu zuen ESAN sindikatu polizialak: "ESANek irmo defendatuko ditu Ertzaintzaren egia, justizia eta duintasuna".

Artikulu hau CC BY-SA 2.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2025eko azaroaren 14an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Rosa Zarraren familiak Donostiako (Gipuzkoa) Amara auzoan jarri zuen plaka bat bere omenez, baina oroigarriari eraso diote berriki: margo beltzez zikindu eta estali du norbaitek. 1995eko ekainean erail zuen Rosa Ertzaintzak. Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren hiletan ertzainek egindako kargak salatzeko mobilizazio batera batu zen Amara Berrin, eta pilotakada batez zauritu zuten sabelaldean poliziek. Handik zortzi egunera hil zen zaurien ondorioz.

Donostiako Udalak ere aurreko larunbatean jarri zuen Zarra oroitzeko beste plaka bat Ferrerias Plazan, 30 urte behar izan baititu aitortza hori egiteko. ESAN sindikatu polizialak berehala eskatu zuen oroigarria kendu dezatela.

ESANen aurpegi zuriketa eta kritika Zarrari egindako aitortzari

Nahiz eta ESANek Rosaren oroimenezko plaka erretiratu zezatela eskatu, gerora, senideek jarritako oroigarria erasotua izan denean, bere aurpegia zuritzen saiatu da. Izan ere, sindikatu polizialak X sare sozialean modu zalantzagarrian esan du "erabateko irmotasunez gaitzesten" duela "Donostian Rosa Zarrari eskainitako plakaren aurka izandako eraso bandalikoa". Eta gaineratu du: "Ekintza hori onartezina da eta ez du Ertzaintza ordezkatzen".

Hala ere, ESANek ez du aukera galdu Zarraren erailketari buruzko bertsio poliziala defendatzeko: "Gure kritika beti egon da Balorazio Batzordeari zuzenduta [...] Rosa Zarra Poliziaren ekintzaren biktimatzat jotzeko erabakiagatik eta joan den azaroaren 8an Donostian plaka bat jarri izanagatik, hori bermatzen duen babes judizialik egon gabe. ESANek irmo defendatuko ditu Ertzaintzaren egia, justizia eta duintasuna, baina baita errespetua, bizikidetza eta askatasuna ere, edozein indarkeria edo fanatismoren aurrean".

Zarraren memoriaren aurkako jarrera erakusteaz gain, harago ere joan izan da ESAN aurrez. 2022an, esate baterako, EITBk aldatu egin behar izan zuen Zarra ertzainek hil zutela zioen albiste bat, ESANek eskatuta.

Jaurlaritzak hiru hamarkadaz ezkutatu du egia

Juan Mari Atutxak, Rosa erail zuten garaiko Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuak, gezurra esan zuen bere momentuan: adierazi zuen "kausa naturalen" eraginez hil zela Rosa. Gainera, senideek Ertzaintzaren aurkako salaketa bat aurkeztu zuten arren, hiru astera artxibatu zuten. Jaurlaritzak 30 urte behar izan ditu Zarra Ertzaintzak erail zuela onartzeko, joan den martxoan jakinarazi baitzioten familiari ebazpen hori eman duela Balorazio Batzordeak. 

"Poliziaren inpunitatea salatzen dugu, beraien zuritze-lanetan diharduten estatu-aparatuekin batera", adierazi du Donostiako Kontseilu Sozialistak Zarraren oroigarriak jasandako azken erasoa dela eta. Elkartasuna adierazi die Ertzaintzaren biktimaren senideei.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estatuen biktimak
Eguneraketa berriak daude