argia.eus
INPRIMATU
Poliziak hil zuen Javier Batarrita, ETA sortu osteko gatazkaren lehen biktima
  • Begoña Urroz DRILek hil zuela dioten dokumentu polizialak desklasifikatu ondoren argi geratu da José Ángel Pardines Guardia Zibileko agentea izan zela ETAk hildako lehenbiziko pertsona. Baina ETA sortu zenetik Espainiako Estatuarekin izan duen gatazkan hildako aurreneko pertsona ez zen bera izan. Javier Batarrita enpresarioa lehenago hil zuen poliziak ETAko kidea zelakoan.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko maiatzaren 06a
Javier Batarritak 33 urte zituen ETAkoa zelakoan poliziak hil zuenean (argazkia: Eitb.com).

Iñaki Anasagastik kontatu zuen 2011n, Deia egunkariaren webgunean idazten duen blogean.

1961eko martxoaren 27an, zenbait Guardia Zibil, Espainiako Poliziako inspektoreak eta Polizia Armatuko agenteak Boluetako gasolindegiaren parean jarri ziren. Gaueko hamarrak jotzeko hamar minutu falta zirenean Peugeot 403 automobil bat orduko 50 kilometrora hurbildu zen lekura, Guardia Zibil batek gelditzeko agindu zion metrailetarekin apuntatuz. Gidariak kasu egin zion, eskua atera zuen, autoa gelditu eta atea ireki. Tiro bat entzun zen. Metraileta parrastadak gero, pistola eta fusil tiroekin nahastuta. Segundo batzuen ondoren gidaria lurrera erori zen odoletan blai.

Javier Batarrita zen hildakoa. 33 urte zituen. Gasteiztik iritsi berria zen, firma komertzial baten likidazioa egin ondoren, lan egiten zuen motor enpresako zuzendaritzako bi lankiderekin –Ballesteros eta Larizgoitia–. Gorpuak bederatzi bala zulo zeuzkan buruan eta berrogei gorputzean.

Zergatik hil zuten? Anasagastik kontatzen duenez, indar polizialek uste zuten ETAko kideak tirokatzen ari zirela. Julen Madariaga, José Mari Benito del Valle eta Manu Agirre hil berri zituztela pentsatuz lekutu ziren, gorpua bertan utziz; eta handik ordu batzuetara itzuli ziren, biktimak ETAkoak ez zirela jabetzean, aztarnak ezabatzeko.

Tiroketan zauritutako lankide bat, Ballesteros, bizi osorako paralitiko geratu zen. Bizilagunek atera zuten autotik eta ezkutuan eraman ospitalera, izen faltsuarekin.

Batarritaren alarguna San Frantzisko kalean zegoen prozesio batean. Basurtuko ospitalera joan zen bizilagun batek gertatutakoa kontatu zionean eta hogeita hamar polizia baino gehiago aurkitu zituen. Ez zioten tiroketaren berririk eman, ezta senarra hil ziotenik ere eta, agenteei hiltzaileak zirela oihukatzeagatik atxilotu eta Indautxuko komisaldegira eraman zuten. Epaiketa moduko bat egin zen Bilbon ekintzan parte hartu zuten poliziekin eta denak absolbitu zituzten.

Eguneraketa:

Gorka Arrese Susa argitaletxeko editoreak jakinarazi digu Gabriel Arestik Zuzenbide debekatua poema luzean Javier Batarritari lerro batzuk eskaini zizkiola. 1960-1961 artean idatzi zuen poema Arestik, baina zentsuratu egin zuten.

1961ean poemaren aurkibidea eta hamar lerro argitaratu zituen Eganek eta ez zen osorik argitaratu 1986ra arte. Karmelo Landak poemaren bi bertsio eskuratu zituen, bata Joxe Azurmendiren eskutik eta bestea Andoni Kaierorenetik (azkeneko hori bertsio luzeagoa). Susak argitaratutako Arestiren obra guztien bildumako lehen liburuan dago ondoko pasartea:

Nire laguna zen, nire lagun maitea;

bizikleteroa, denon adiskidea,

ideolojietan etzen inoiz sartu.

Bakean bizi zen mundu guztiarekin,

gorriekin eta berde eta zuriekin.

Orok estimazio haundia zioten.

Iluntze batean zetorren Bituritik

automobilean. Bihotzean zekarren

andrea laztantzeko gurari bizia.

Oraindik eztiot entzun inoiz inori,

bekatua dela, edo bidegabea,

esposari senarrak mosua liola.

Ezpainetan zuen tango baten soinua,

polizia batek gelditzeko haltua

mitralleta batekin eman zionean.

Dokumentazio identikaria

eskatu zioten. Atera zuenean,

ezpainetan ziarto isildu zitzaion

haren tangoaren msuiak dotorea.

Egia da ezen herri-gobernariak

dolatu ziren haren heriotzarekin.

Baina egiagoa ezen haren emazte

gajoak etzuen inoiz aurrerantzean

senar maitalearen musurikan hartu.