Mikel Zabalza 40 urte gogoan egitasmoaren nondik norakoak eman dituzte asteartean Donostiako Bulebarran. Lau hamarkada direla Guardia Zibilak Zabalza atxilotu eta Bidasoa ibaian agerrarazi zuen egunen arteko datetan, erakusketa ibiltari batek Euskal Herria zeharkatuko du autobus batean.
Altza, Aezkoa eta Bortzirietako herri ekimenak, Dbuseko langileak, Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioa batu dira ekimen ibiltariaren zehaztasunak emateko, irailean Iruñean aurreratu zuten modura.
Mikel zabalza oroitzeko Autobus Birak sei geltoki izango dituela azaldu dute. Donostian abiatuko da azaroaren 26an, Zabalza atxilotu zutela 40 urte beteko diren egunean, eta bi egun egingo ditu bertan. Handik abiatuta, azaroaren 30ean Zabalzaren jaiotetxean izango du lehen geldialdia, Orbaizetako Olan, bere oroimenean urtero egiten den ekitaldira batzeko. Abenduaren 4a Iruñera iritsiko da, aldez aurretik Auñamendi eta Agoitz herrietatik pasako delarik. Hiriburuko Takoneran hiru eguneko egonaldia egingo ditu, eta ondorengo geltokia Bortziriak izango dira. Endarlatsara ailegatuko da han, "Mikel Zabalzaren gorpua agerrarazi zuten lekura". Lesaka eta Beratik pasa ondoren Donostiara bueltatuko da autobusa, Altzara, atxiloketa egunean Zabalza bizi zen auzora. Erakusketa ibiltaria Zabalzak lan egiten zuen lekuan izango da ikusgai ondoren, Dbuseko kotxeratan.
Abenduaren 14ean, duela 40 urte autobusetako langileek burutu zuten protesta "ikonikoa" errepikatuko dute udaletxe parean, Hemen ez dago gidaria, non dago? lelodun pankartarekin. Bulebarran ekitaldi nagusia antolatuko dute ekimenari amaiera emateko. Herritarrei dei egin diete Autobus Ibiltariari herriz herri harrera egitera, eta abenduak 14ko ekitaldira bertaratzera.
Memoria eta borroka
Ekimena bi hanketan oinarritzen dela azaldu dute prentsaurrekoan. Lehenik eta behin, gogoratu nahi dute ez bakarrik Zabalza desagertuta egon zen denbora, baita lau hamarkadatako "herri memoria eta borroka" ere. Memoria ariketa horretarako, autobuseko erakusketa ibiltariak kasuaren inguruko hamar testigantza eta hainbat borroka pasarte bilduko dituzten panelak izango ditu ikusgai.
"Egitasmoaren bigarren hanka litzateke egia osoaren eta erantzukizunaren aldarria", azaldu dute agerrladian. Nahiz eta urrats “garrantzitsu eta beharrezkotzat” jo Hego Euskal Herriko instituzioek Zabalza estatuaren indarkeriaren biktima gisa aitortu izana, "kontakizun osoa azaleratzeko galdera asko erantzuteke daude oraindik: zer gertatu zen
zehazki, non, nork, nola…". Zabalzarentza ez ezik, Euskal Herrian torturak jasan dituzten milaka herritarrentzat egia, justiza eta erreparazioa eskatu dute.