Zabalzaren erailketaren 40. urteurrenean ekitaldi hunkigarria egin dute Orbaitzetan

  • Mikel Zabalzaren jaioterrian ekitaldi bero bezain hunkigarria egin dute igandean. Gertatutakoa gogoratu dute, egiaren alde borroka egin dutenei eskerrak eman dizkiete, eta eta familiari eta herriari oraindik “egia eta justizia” zor zaizkiola aldarrikatu dute.

Igandeko ekitaldiko irudia, Orbaizetako Olan Mikel Zabalza Gogoan herri ekimena

2025eko abenduaren 1ean - 10:53
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

400 lagun inguru bildu dira Orbaitzetako olan, Mikel Zabalza atxilotu, torturatu eta desagerrarazi zuenetik 40 urte igaro direnean. “Berrogei urte. Berrogei ekitaldi, euri, haize, eguzki eta elurrak lagunduta. Berrogei aurresku eta lore eskaintza. Berrogei hamaiketako. Berrogei egia, justizia eta erreparazio eskaera”. Bide luze horretan egiaren alde borroka egin dutenei eskerrak eman dizkiete, Zabalza oroitu, eta aldarrikatu dute familiari eta herriari oraindik “egia eta justizia” zor zaizkiola. Eszenatokia hartu dute txistulariek, dantzariek, bertsolariek, senideek, lagunek eta lankideek. 

“Ekitaldira hurbildutako zenbaitek ez zuten gertatutako zuzenean ezagutu, beste askok bai”, azaldu dute, eta horiek memoria eta egiaren borroka bizirik mantentzeko egin duten ahalegina goraipatu dute. 1985ean gertatutakoa bizi eta salatzearen ondorioak jasan zituenetakoa izan zen Orbaitzetako apaiz Jose Luis Molinat, aurten zendu dena. Gogoratu dute ez zuela beste alde batera begiratu eta kasua salatu zuela. Horrek ondorioak ekarri zizkion, mehatxuak kasu.

Zabalza familiak Iñigo Iruin abokatuari ere eskerrak eman nahi izan dizkio, gertaeren ikerketaren berreraikitzea lortu zuelako, besteak beste. Iruinek babesa eskertu, familiari falta zaion egia judiziala lortzeko lanean jarraitzearen aldeko deia luzatu eta estatuaren inpunitatea salatu du.

Geltoki bat falta zaio Oroimenaren Busari

Mikel oritzeko urtero egiten dute omenaldia, baina aurtengoak berritasun bat izan du: Oroimenaren Busa. Mikelen lankide zirenen –Donostiako autobus langileen– ekimenez eta Aezkoako Batzarreko eta Nafar Gobernuko laguntzarekin ezarritako memoria erakusketa da. Herriz herri dabil busa, eta Donostiara iritsiko da abenduaren 14an. Dbuseko langileek, orain 40 urte bezala, autobusa eramango dute Kotxerasetik Bulebarrera. Azken ekitaldi horretara gerturatzeko dei egin diete euskal herritarrei.

Hala ere, azpimarratu dute bidea ez dela hor amaituko: “Geltoki bat falta zaio gure ibilbide honi. Egia osoarena. Justiziarena. Entzukizuna hartzearena. Desklasifika dezatela auziari lotutako informazio guztia. Dituzten dokumentuak ezagutzea, publiko egitea, ezinbestekoa da justizia eta erreparazioari bidea irekitzeko eta zigorgabetasunarekin amaitu ahal izateko. Eta Espainiako Gobernuaren esku dago egitea”. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estatuen biktimak
Eguneraketa berriak daude