Coviteren salaketarekin bat eginda, Auzitegi Nazionalak gradu erregresioa aplikatu die hirurei, eta Martuteneko espetxera bueltatu dituzte.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Fiskaltzak helegiteak aurkeztu ditu Gurutz Agirresarobe, Itziar Alberdi eta Josu Narbaez preso politikoen kontra: Covite elkarteak hilabete honetan jarritako salaketarekin bat eginez, Fiskaltzak kolokan jarri ditu hirurei ezarritako hirugarren graduak. Horren ondorioz, espetxera itzuli behar izan dute oraingoz. Martutenen (Gipuzkoa) dituzte gatibu.
Agirresarobe, Alberdi eta Narbaezez gain, Covitek Jurdan Martutegi ere jarri zuen jopuntuan salaketan. Esan zuen "oraindik Ezker Abertzaleari lotuta" daudela eta ez dutela "damurik" erakutsi, eta horregatik, kartzelan beharko luketela oraindik. Covitek salaketa aurkeztu bezain pronto jakinarazi zuen Fiskaltzak helegiteak jarriko zituela; hirugarren gradu erregresioa aplikatu izanaren kontra Agirresaroberen kasuan, eta hirugarren gradua kontrol telematikoaren bidez aplikatzearen aurkakoa Narbaez eta Alberdiren kasuan. Errekurtsoak jartzean, baina, zuzenean gradu erregresioa ezartzen diete presoei ("larritzat" jotako delituak tartean direnean), behin-behinean gutxienez. Gero auzitegiak berak ebatziko du zer gertatuko den.
Zuzenean gradu erregresioa indarrean sartzeko praktika 2022an markatu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Azken urteetan, EAEko kartzeletako tratamendu batzordeek proposatutako eta EAEko espetxe-administrazioak onartutako hirugarren gradu ugariren kontra egin du Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Fiskaltzak, gradu erregresioei bide eginez. Iaz hamalau hirugarren gradu onartu zituen Eusko Jaurlaritzak, eta momentuz 22 eman ditu ontzat aurten.
32 urteko espetxe-zigorra betetzen ari da Agirresarobe, eta 2010etik daukate preso. Narbaez eta Alberdi, berriz, 2014an kartzelaratu zituzten Mexikon, bi hamarkadaz baino gehiagoz ihes eginda egon ostean. Joan den apirilean ere ezarri zioten gradu erregresioa Narbaezi.