Euskara maila egiaztatzea ezinezko denean


2020ko maiatzaren 18an - 16:16

Covid-19 izurritearen ondorioz, Iruñeko Hizkuntza Eskoletako euskara azterketak ez omen dira ohi bezalakoak izanen. Litekeena da ikasleek ekain honetan izerdirik ez egitea, seguruenik ez dira aurten 300 lagunetik gorako probetan korridoreetan metatuko eta ez dute aspaldi ez ikusitako kideak biltzeko eta besarkatzeko gogorik izanen. Aurtengo azterketariek eta aztertzaileok komunera joateko gogoari eutsiko diogu bost orduko C1eko proba idatzian. Lasaitasuna izanen da nagusi egun batean bai eta hurrengoan ere bai eginen diren euskara maila egiaztatzeko probetan. Berdintsu ibiliko dira aleman, italiera, frantses eta ingeles azterketetan, maila guzietan. Amaitu da distopia; ongi etorri, utopia. Gimeno kontseilariak antzeko zerbait izanen ote zuen buruan Hizkuntza Eskolako azterketetan osasun baldintzak bermatuko direla adierazi duenean? Nork eta nola bermatuko dituen, ordea, ez digu ordezkari publikoak jakinarazi, eta, gainera, ez digu zehaztu zeinek hartuko duen erantzukizuna zerbait gaizki ateraz gero. Hezkuntza Departamentuak lehendabizi hizkuntza maila egiaztatzeko probak egitea erabaki eta betearazi egin du, eta geroko utzi ditu egoeraren azterketa eta planifikazioa. Foru Erkidegoan proba masiboak egitea posible dela frogatzeko intentzioan, Nafarroako Gobernuko arduradunek ikasleak eta eskolako langileok hartu gaituzte akuri. Gaseosaz egin behar zirela esperimentuak esaten ziguten txikitan.

Hizkuntza Eskolako euskara irakasleok berriki ezagutu dugu noiz eta nolakoak izanen diren aurtengo egiaztatze probak. Azken hilabeteotan informazio batzuk tantaka helarazi dizkigu Hezkuntza Departamentuak prozesu luze batean: lehendabizi zehaztu zigun azterketa idatziak maiatzaren bukaeran eta ekainaren hasieran egin beharko genituela, gerora ordezkariek jakinarazi ziguten ekainaren erdialdean izanen zirela, eta azken berria da ekainaren bigarren hamabostaldian egitekoak direla; badakigu eginen ditugun proba idatziak inoiz baino luzeagoak izanen direla, bitartekotza trebetasuna txertatu behar izan dugulako; eta, hau ez da berria, ohikoa baizik, ziur gaude Hezkuntza Departamentuko adituek ez dutela irakasleon iritzia kontuan hartu proben diseinua egiteko orduan —zertarako eskatu ote ziguten iritzia?—.

"Hezkuntza Departamentuak lehendabizi hizkuntza maila egiaztatzeko probak egitea erabaki eta betearazi egin du, eta geroko utzi ditu egoeraren azterketa eta planifikazioa"

Hizkuntza Eskolako irakasleok urteak eta urteak eman ditugu eskola ematen, harreman zuzena izaten dugu ikasleekin eta esanen genuke eskolaren ezaugarriak inork baino hobeki ezagutzen ditugula, baina hizkuntza irakaskuntzako adituak Iruñeko Santo Domingo aldapako egoitzan omen daude. Aurrekoaz gain, jakinarazi digute ahozko proba batzuk telematikoak izanen direla eta ikasleak banaka aurkeztuko zaizkigula pantailan. Ba ote dakite Hezkuntza Departamentuko adituek proba horietako ariketa bat elkarrizketa dela eta nor bere buruarekin mintzatzeari bakarrizketa esaten zaiola? Baten batek badu horren berri, ikaslearen solaskidea irakaslea izatea proposatu baitu norbaitek, eta Hezkuntza Departamentuak proposamena jaso eta onartu. Argibide berean jakinarazi digu behar izatera bi irakasle aritu ordez irakasle bakarrak kudeatzen ahal izanen duela ahozko proba. Ez dakigu ohartu ote den ikaslearekin elkarrizketa egiteko, oharrak hartzeko eta aldi berean ebaluatzeko bi minutuko tartea izanen dugula. Aurrekoaz gain, esan digute Lizarrako ikasleek Lizarran eginen dituztela probak, baina oraindik ez dakigu nork prestatuko duen egoitza, zeinek eginen duen desinfekzio lana eta zer irakasle arituko diren han, proba bateratuak izanik Hizkuntza Eskolako irakasleok zail izanen baitugu aldi berean bi tokitan izatea. Aldaketak etengabe ezarri zaizkigu behin betiko eredua zein izanen zen inolako ziurtasunik jaso gabe, eta behin-behinekotasun horrek ezinegona sortu du ikasleengan zein irakasleongan, behin eta berriz jarraibide kontraesankorrei aurre egin behar izateari konfinamenduak ikasleak trebatzeko ekarri dituen zailtasunak gehitu baitzaizkio. Irakasleok gure erantzukizunaren jakitun gara; ez gara gure ikasleez bakarrik kezkatzen, langile publikoak izanik Nafarroako herritar guziendako lan egiten baitugu, eta horregatik ahalik eta zerbitzurik hoberena eskaintzeko baldintzak eskatzen ditugu, besterik ez.

"Badakigu Gimeno kontseilaria gezurretan edo ezjakintasunean aritu zaigula zentro pribatu eta kontzertatuetan hizkuntza probak eginen direla adierazi duenean —Cambridgek ingelesekoak atzeratu ditu, DELFek frantsesekoak eta Goethek alemanekoak—"

Beste datu batzuk jaso ditugu irakasleok, baina ez dizkigu Hezkuntza Departamentuko inork ekarri, gure esperientziak baizik. Badakigu zenbait ikaslek agiria eskuratzeko aukera bat gutxiago izanen dutela gainerakoek baino, arrisku taldeetako pertsonak izanik azterketarik ez egitea erabaki dutelako. Badakigu proben kalitatea kaskarra izanen dela, eta ez dela irizpide pedagogikorik kontuan hartu ariketetan aldaketak egiteko, lana nola edo hala aurrera ateratzea baita lehentasuna. Badakigu Hezkuntza Departamentuari bost axola zaiola zer euskara maila egiaztatzen dugun, helburua agiriak banatzea baita, eta erabaki horren ondorioek urte luzez iraunen dutela. Badakigu Gimeno kontseilaria gezurretan edo ezjakintasunean aritu zaigula zentro pribatu eta kontzertatuetan hizkuntza probak eginen direla adierazi duenean —Cambridgek ingelesekoak atzeratu ditu, DELFek frantsesekoak eta Goethek alemanekoak—, eta aditzera eman digu hezkuntza publikoak pribatua izan behar duela eredu, publikoak ezin baitu, antza, pribatuak egiten duena zalantzan jarri eta konponbide hobeak aurkitu. Badakigu normaltasuna erakusteko nahian Nafarroako Gobernuak baldintza anormalak ezarri dizkigula. Hori guzia jakinda, inork ez dezala emaitza normalik espero.

Ez ote litzateke hobe, akaso, datorren kurtsoaz mintzo denean kontseilariak etengabe aipatzen duen egokitze lan horri heltzea? Ez ote da premiazkoagoa berriro ere presaka jardun ez gaitezen, heldu den urteko programazioak moldatzeari ekitea? Ez ote litzateke garrantzitsuagoa geratzen zaigun denbora egoera konplexu honetan arrakala teknologikoak edo egoera gogor honek berak ikasketa-prozesutik at utzi dituen horiei nola lagundu aztertzen ematea? Ez ote da zentzuzkoagoa orain osasun egoera zaurgarrian dauden ikasleak ere aintzat hartu eta azterketa irailera atzeratzea? Guk argi dugu gure lehentasunak zein diren, eta badirudi beste behin ez datozela bat Hezkuntza Departamentuarenekin. Lastima.

*Irati Badiola Artolak ere sinatzen du artikulua, Jaume Gelabertekin batera.

Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko Euskara Departamentuko irakasleak

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude