Euskal pilotan selekzioaren ofizialtasuna eztabaidatuko dute, Espainiako federazioa kontra izanik

  • Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak batzarra egingo du, lehen aldiz euskal pilotarien estatusaren aldaketa aztertzeko prest azaldu ostean. Espainiako Pilota Federazioak bere aurkako "iraintzat" jo du asmoa, eta gaineratu du "izaera nazionalista aitortzea" ekarriko lukeela.


2023ko apirilaren 14an - 11:48
Azken eguneraketa: 12:50
2022ko urrian pilota klub eta erakundeetako ordezkariek Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu zuten, Durangon. (Argazkia: Anboto)

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak (FIPV) Ezohiko Biltzar Orokorra egingo du, euskal selekzioaren ofizialtasuna eta euskal pilotarien estatusaren aldaketa eztabaidatzeko. Lehen aldiz agertu da FIPV euskal selekzioa erakundean sartu ala ez aztertzeko prest, eta hemendik hiru hilabetera egingo dute biltzarra, Mexikon.

Euskal selekzioaren aldeko botoak %66ra iristen badira, 2026an Argentinan jokatuko den munduko pilota txapelketan euskal selekzioaren izenean ateratzeko aukera izango dute Nafarroa, Behe Nafarroa, Bizkaia, Lapurdi, Araba, Zuberoa eta Gipuzkoako pilotariek.

Espainiako Pilota Federazioa aldaketaren aurka agertu da, Julian García Angulo federazioko presidenteak sinatutako komunikatuan. Adierazi du erabaki hori orain arte "pilota modalitateen garapenean eta praktikan arrakasta eta harmonia izan duen ereduaren kontra" doala.

"Asmo nazionalista" 

Komunikatuak dio FIPV-ek kirol izaera duela, eta ez dela bere eskumena "estatu subiranoen politikan" inplikatzea. "Euskadiko Euskal Pilota Federazioa aitortzeak beste 33 federazio nazionalen antzeko estatusa ematea eta horri izaera eta asmo nazionalista aitortzea ekarriko luke". Espainiako Pilota Federazioaren aurkako "iraintzat" jo du euskal selekzioa ofizialtzearen aldeko asmoa. 

Gaineratu du, 10. artikuluak dioenaren arabera, Euskal Pilota Federazioaren integrazioak Espainiako Gobernuaren onarpen ofiziala behar duela, eta, osagarri gisa, dagokien Batzorde Olinpikoarena edo dagozkien beste organo batzuena.

2022ko urrian, Biarritzen jokatu zen Munduko Pilota Txapelketaren atarian, Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu zuten pilota klub eta erakundeetako ordezkariek. Besteak beste, Munduko Pilota Batzarrari eta euskal pilota federazioei zuzendu zitzaizkien Euskal Pilota Federazioa ofizial egiteko eskatzeko.

2022ko azaroan, Espainiako Diputatuen Kongresuak Kirolaren Lege berria aldatu zuen. Lege berriak autonomia erkidegoetako kirol selekzioak sortzeko aukera ematen du, eta Nazioarteko Federazioak barnetik onartu behar du integrazioa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal selekzioak
Espainiako selekzioetan parte hartu ala ez erabaki ahal izango dute kirolariek

Esquerra Republicanak egindako lege proposamena onartu du Espainiako Kongresuak, eta 2022ko Kirol Legea aldatuko dute.


2022-11-03 | ARGIA
Espainiako selekzioaren deialdiei uko egiten dieten kirolari eta klubak zigortuko ditu Kirol Lege berriak

Ostegun arratsaldean dira onartzekoak legea Diputatuen Kongresuan. Aurretik ere Espainiako Selekzioarekin lehiatzeari ezezkoa ematen zion kirolariak zigorra zuen, baina lege berriak klubei ere ezarriko dizkie. Bi eta hamabost urte bitartez federazio lizentzia galtzea ekar... [+]


2022-10-14 | ARGIA
Euskal pilota selekzioa ofiziala izan dadila eskatu dute, Munduko Txapelketaren atarian

Hilaren bukaeran jokatuko da Biarritzen Munduko Pilota Txapelketa, baina euskal pilotariek ezingo dute haiek nahiko luketen taldearekin lehiatu. Ekintzak eskatu dizkiete instituzio, eragile eta alderdi politikoei.


Eguneraketa berriak daude