Europako Batzordeak 2011tik zuen “dieselgate”-aren berri, Alemaniako WirtschaftsWoche aldizkariaren arabera

  • Alemaniako WirtschaftsWoche aldizkariak argitaratu duenez, Europako Batzordeak 2011tik zekien automobilgintza sektoreko hainbat enpresa iruzur egiten ari zirela zenbait autoren emisioen neurketetan.


2015eko azaroaren 13an - 17:45
Greenpeaceko aktibista bat, Volkswagen eskandaluagatik protestan Alemanian (Arg.: Fabian Bimmer / Reuters). Greenpeaceko aktibista bat, Volkswagen eskandaluagatik protestan Alemanian (Arg.: Fabian Bimmer / Reuters).
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Batzordeko iturri baten arabera –albistea sinatu duten kazetariek ezkutuan gorde dute haren izena–, urte hartan automobil fabrikatzaile batek iruzurra gertatzen ari zela jakinarazi zion Antonio Tajani orduko Industria komisarioari.

Hain zuzen, Europako Batzordeko Klima eta Energia sailak Volkswageni kontuak eskatuko dizkiola jakin eta bi egunera zabaldu du WirtschaftsWoche-k albistea.

Europako Legebiltzarreko Berdeen taldeak sinadura bilketa abiarazi du, diesel autoen emisioen eskandalua Parlamentuan bertan iker dadin. “Zabaldutako azken berriek –baieztatzen badira– aditzera ematen dute Europako Batzordeko lehengo zein oraingo Industria komisarioek bazutela iruzurraren berri, baina ez entzunarena egin eta Legebiltzarrari gezur esan ziotela”.   

Ikerketa batzorde bat eskatu ahal izateko, gutxienez 188 eurodiputaturen izenpea eskuratu beharko dute. Azaroaren 19a baino lehen saiatuko dira sinadurak biltzen, egun horretantxe bilduko baita Parlmentuko Batzordeetako Presidenteen Konferentzia, besteak beste Volkswagen eskandaluari buruzko neurriez hitz egiteko.  

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Volkswagen afera
Eguneraketa berriak daude