Errigorak 85.000 euro bildu ditu udako suteen kalteei aurre egiteko kanpainan

  • Ekainean Nafarroak inoiz jasan gabeko kalteak izan zituen suteen ondorioz. Errigora ekimenak diru bilketa abiatu zuen uztailean, ondorioak bideratu ahal izateko eta "lurrarekiko begirunez jardungo duten ereduak" sustatzeko. 85.000 euro bildu dituzte Euskal Herriko elkarte, udal eta norbanakoen ekarpenei esker. 

Kanpainan bildutako dirua suebaki berdeak sortzeko eta abeltzaintza estentsiboa sustatzeko erabiliko ditu Errigorak.

2022ko abenduaren 22an - 08:50

Nafarroako Ager eremuan euskara eta nekazaritza sustatzen dihardu Errigora ekimenak, eta diru bilketa abiatu zuen uztailean 15.000 hektarea kixkali zituzten suteen kalteei aurre egiteko. Hori, eta aurrerantzean etorri daitezkeen hondamendiei aurre hartzeko. Euskal Herriko elkarte, udal eta norbanakoen ekarpenei esker, Errigorak 85.000 euro lortu ditu. Suebaki berdeak sortu eta abeltzaintza estentsiboa sustatzera bideratuko du dirua.

Inoizko kalterik handienak eragin zituzten Nafarroan ekaineko suteek, eta Errigorak ez errepikatzeko lan egiteko asmoa du. Uxue eta San Martin Unxen inbertituko dute bildutako dirua. Unxen, esaterako, suteek lurraren %95 erre zuten. Bertan lan egiteko lau ildo zehaztu dituzte: batetik, bide berri bat egitea herriaren sarrera konektatzeko Erriberritik Sanper ingururantza. Bigarrenik, El Boyeral-era begirako aisialdi gune bat. Hirugarrenik, etxebizitzen pare-parean mahasti berriak landatzea. Eta laugarrenik, herriko behi-abeltzain gaztea laguntzea eta ahutz-abeltzain berriak erakartzea.

Uxuen, bestalde, zehaztu dute Antzandieta amildegiaren garbiketa egitea eta iturri zein zubi erromanikoen berreskurapena; Lanbide Heziketako eskolekin hitzarmenak egitea lanpostuak sortzeko nekazal gaiak, agroekologikoak eta agroforestalak landuz; eta herrigunetik Uxue parkerainoko bidea irekitzea. 

"Lurra, sua, ura, Herria"

Uztailean abiatu zuten kanpaina “Lurra, sua, ura, Herria” lelopean, eta Errigorak berak jarri zituen lehen 10.000 euroak. Gainontzekoa ekarpenen bidez bildu dute.

Lortutako diruarekin ekimenetara igarotzeko, talde teknikoak jaso ditu proposamenak, eta hartu ditu irizpide eta erabakiak. Mahaia osatu zuten suhiltzaile, basozain, lehen sektoreko sindikatu eta Nafarroako udal eta kontzejuetako lehendakariekin.

Ekimena, hala ere, “lehenengo bultzada” da suteei aurre egiteko bidean. Gero beste eragile eta erakunde batzuk batzea espero du Errigorak eta aurkeztutako proiektuei eta berriei jarraipena eman ahal izatea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errigora
'Eutsi geureari' goiburuarekin abiatu da Errigoraren udaberriko kanpaina

Nafarroako erdialde eta erriberako nekazariei eta euskalgintzari babesa adierazteko produktu loteen eskaerak egin daitezke Errigora. eus webgunearen bitartez. 'Eutsi geureari'  izeneko kanpaina abiarazi zuten atzo eta martxoaren 13ra arte aukera dago saski horietako... [+]


14.000 saskitik gora saldu ditu Errigorak, eta 185.000 euro bideratuko ditu euskalgintzara

Hamar urte dira saskiekin hasi zirela eta bi milioi euro bildu dituzte guztira.

 


Errigora, hamar urte euskarari puzka

50 euroko saski bakar eta "biribila" eta komunitatea batuko duen argazki erraldoia atera nahi dituzte urteurrena ospatzeko kanpainan. Azaroaren 9ra bitartean egin daiteke saskien eskaera.


Ludoteka euskaldunak Nafarroa erdi eta hegoaldean, aisialdian ere haurrak euskaraz aritu ahal izateko

Nafarroa erdi eta hegoaldean euskaraz ikasi bai baina erabiltzeko aukera gutxi du haur askok. Herri horietan aisialdia euskaraz gozatu ahal izateko asmoz jaio ziren Jolasteka ludoteka euskaldunak. Ikasturte honetan gutxienez 16 herri, 22 jolasteka eta 3 eta 12 urte arteko 211... [+]


Suteei aurre egiteko, auzolana eta elkar-laguntza

Iazko udan suteek panorama iluna utzi zuten Nafarroan, argazkiko San Martin Unxen lurren %95 kiskali zuten. Asko hitz egin zen hedabideetan suteek eragindako kalteez, baina nola aurre egin gero eta sute gehiago eman daitezken testuinguruari? Nafarroako Gobernuaren interes falta... [+]


Eguneraketa berriak daude