Erlezaintzari eskainitako gune berria Lizarraldean

  • Xabi Azanza Urrak eta Txari Eleta Villabonak jarri dute martxan Eztitsu, erlearen eta erlezaintzaren interpretazio gunea Deierriko Lorkan. Erlezaintzari buruzko informazioa eta horri lotutako hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte Lizarraldeko herritxo horretan, eta euren produktuak saltzen dituzten denda ere badu guneak.


2020ko apirilaren 13an - 07:51
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

“Murgildu zaitez erleen eta erlezaintzaren mundu zoragarrian hainbat bizipenei esker: erlezainen lana, eztiaren ateratzea, erlezaintza eta osasuna, erlezaintza eta bibrazioa”, azaltzen dute proiektuaren webgunean. Azanza erleen proiektuan dago buru belarri, eta Eleta berriz erlaxazioaren alorrean zentratzen da gehiago. Baina azaldu dutenez, bi proiektuek bat egiten dute Eztitsun.

Urteetako ibilbidearen emaitza

Duela zortzi bat urte murgildu zen Azanza erleen munduan: “Izugarri gustatu zitzaidan hasieratik, eta duela bi urte lana uztea eta honetan sartzea erabaki nuen”. Proiektua borobiltzeko eta salmentaren zirkuitua ixteko asmoz bururatu zitzaien denda eta interpretazio zentroaren ideia, eta horrela iritsi dira honaino. “Nik erlezaintza modu holistikoan ulertzen dut, erlearen eta gizakiaren inguruan dauden eremu guztiak hartzen ditut kontuan: fisikoa, energetikoa…”. Erleak nola bizi diren, nola egiten duten lan eta beraien estruktura azaltzen dute zentroan, baina era berean, energia aldetik ere zein portaera dituzten kontuan izaten dute. “Pertsonek bezala, haiek ere badute alderdi hori”.

Eskaintzen dituzten zerbitzuen artean daude bisita gidatuak, kinesiologia, yoga, soinua eta produktuen dastaketak. Orain, gainera, itxialdia baliatzen ari dira erlezaintza-ibilbide berria egiteko: zentrotik hurbil, mendiko bidexka batetik egiteko ibilbidea izanen da, eta uda partean azalpenak zentroan eman beharrean, kanpoan, erletegira bidean ematea dute asmo.

Erlearekin lotutako produktu sorta

Eztitsun ekoizten duten eztiaz gain, bestelako produktuak ere eskaintzen dituzte ireki duten dendan: propolioa, argizaria, txilar eztia, kosmetikoak eta baita garagardoa. Guztiak eztiarekin eginak edo eztia daramatenak. “Bertako garagardo ekoizle batek garagardoa egiten du gure eztiarekin, eta gauza bera egiten dugu hemengo okin batekin ere: guk bidaltzen diogun eztiarekin ogi berezia egiten du”.

Otsailean ireki zituzten Eztitsu guneko ateak, eta hilabete eskasera, martxoan, koronabirusak itxi dizkie ateak. Dena den, egoerak hobera egin bezain pronto berriz ere martxan jartzeko prest eta gogoz daudela diote proiektuaren bultzatzaileak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2025eko irailaren 22
UAWC hazien bankua Palestinan
Bulldozerrak Palestinako haziak suntsitzen

2025eko irailaren 1
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

2025eko uztailaren 28
Udako azoka ekologikoak
Aurtengo hamabi plazak

Eguneraketa berriak daude