Eider Rodriguez, Irene Aldasoro eta Kepa Altonaga Euskadi Sarien irabazle

  • Asteazken honetan jakinarazi dituzte literaturako Euskadi Sarietan falta ziren kategorietako irabazleak: Eider Rodriguezek aurtengo bigarren saria eskuratu du, oraingoan haur eta gazte literaturari eskainitako kategorian, Santa familia liburuari esker.

Irene Aldasoro itzultzailea, saritutako nobelaren aurkezpenean.

2018ko urriaren 17an - 12:29

“Normalean guraso + nerabe ekuaziotik ez da emaitza onik ateratzen”, esan zuen Eider Rodriguezek gaur saritu duten liburuaren aurkezpen egunean. Izan ere, adoleszentzia eta gurasotasuna ardatz dituen komikia da saritu diotena. Haren gidoia idatzi zuen iaz Oreretako idazleak eta Julen Ribasen marrazkiekin batera argitaratu zuen Ikastolen Elkarteak.

“Istorio dramatikoa izan zitekeen, eta neurri batean hala da, baina umoretik heldu dio Rodriguezek. Eta irri egingo duzue, zin egin dezaket”, idatzi zuen liburuaz Jon Torner ARGIAko kazetariak uda honetako Aktualitatearen Gakoak aldizkarian.

Emily Brontë, lehen aldiz euskaraz

Irene Aldasorok irabazi du itzulpen alorreko Euskadi Saria, Emily Brontëren Gailur ekaiztsuak nobelaren itzulpenarengatik. Literatura Unibertsala bilduman argitaratu da idazle ingelesaren eleberria eta lehenbiziko aldia izan da egile klasiko anglosaxoi hori euskaraz argitaratu dena.

Asteazken honetan saritu duten lanaren egileak iazko azaroan hitz egin zuen ARGIArekin itzulpenari buruz, liburua argitaratu berritan, besteak beste nabarmenduz, pixkanaka emakumezko idazleak merezi duten lekua hartzen ari direla literaturaren klasikoen artean.

Brontë itzultzeko nahikoa borrokatu behar izan duela aitortu zuen: “Azkenean, behintzat, lortu dut munstroa orrialde batzuetan entzerratuta uztea, eta denboralditxo batean hor egongo dela espero dut”.

Euskal Herri berria sortu… Patagonian

Saiakeraren alorrean, Kepa Altonagaren Patagoniara Hazparnen barrena saritu du epaimahaiak. Gertakari historikoetan oinarritutako liburua da, baina Altonagak bertan azaldu dituenak kontuan izanda, nobela fantastiko baterako materiala ere izan zitekeen: Florentzio Basalduak (Bildo 1853-1932) Argentinako Patagonian Euskal Herri berria sortzeko izan zituen asmoak dira liburuaren ardatza. Ameriketara abiatu aurretik, Hazparnen izan zen eta liburuak deskribatzen ditu iraganean Hegoaldeko eta Iparraldeko euskaldunek nolako harremanak zituzten ere.

“Hegoaldekoentzat Iparraldea egun leku exotiko bat bilakatu da. Aldiz, iraganean, ez zen leku exotikoa, ez hemen ez Argentinan. Argentinan euskaldunak, euskaldunak ziren, ez Iparraldekoak edo Hegoaldekoak. Euskaraz egiten zuten eta liburuan erakutsi dudanez, Argentinan euskarazko liburuak zeuden, non eta Argentinan argitaratuak. Niretzat jakitea hori existitu dela ikaragarria da”, esplikatu zion idazleak ARGIAri eskainitako elkarrizketan.

Gaztelaniazko literatura saria Donostiara

Bestalde, Karmelo C. Iribarren poeta donostiarrak irabazi du gaztelaniazko literaturari dagokion Euskadi Saria Mientras me alejo lanari esker.

Asteazken honetan ezagutu diren irabazleei gehitu behar zaizkie aurretik jakinarazitakoak: Eider Rodriguezek berak irabazi du euskarazko literatura saria Bihotz handiegia ipuin liburuarengatik, Santos Zunzuneguik gaztelaniazko saiakerakoa Bajo el signo de la melancolíarengatik eta Yolanda Roquek berriz ilustraziokoa, Guy de Maupassanten liburu bat osatzeko egindako marrazkiengatik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskadi Sariak
Euskadi Literatura Sariak banatu dituzte Getxoko Muxikebarrin

Ondorengoek irabazi dute euskarazko kategorian: Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta, Miren Billelabeitia, Maialen Berasategi, Joxe Mari Berasategi eta Joseba Larratxek.


Maialen Berasategi eta Joxe Mari Berasategik irabazi dute Itzulpengintzako Euskadi saria

Aita-alabek Abdulrazak Gurnah-en Paradisua liburua itzuli dute euskarara. Tanzaniarrak Literaturako Nobel saria irabazi zuen 2021ean. Miren Billelabeitiak Saiakerako Euskadi saria jaso du Norberak maite duena. Hitza gogoan, irakurketa biziz lanagatik.


2023ko Euskadi sariak irabazi dituzte Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta eta Joseba Larratxek

Azken Etxea, Zerria eta Ni ez naiz Mikel Laboa lanak saritu ditu epaimahaiak Euskarazko Literatura, Haur eta Gazte Literatura eta Ilustrazioa kategorietan hurrenez hurren. Oraindik beste lau irabazle daude jakinarazteke.


2022-10-13 | ARGIA
Uxue Apaolaza, Leire Bilbao eta Maite Mutuberriarentzat Euskadi Literatura Sariak

Euskarazko Literatura saria jaso du Apaolazaren 'Bihurguneko nasa' ipuin bildumak, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura saria Bilbaoren 'Barruko hotsak' albumak, eta Literatur Lanaren ilustrazioaren saria Mutuberriaren 'Irrimola' lanak.


2021-10-20 | ARGIA
Banatu dituzte Euskadi Sariak kategoria guztietan

Urriaren 14an jakianrazi zituzten sarietuetako zenbaiten izenak, eta asteazkenean eman dituzte ezagutzera gainontzekoak. Pello Lizarralde, Anjel Lertxundi, Joxan Elosegi, Alex Gurrutxaga, Mikel Reparaz, Txani Rodriguez eta Javier de Isusi dira 2021eko edizioko sarituak.


Eguneraketa berriak daude