Uxue Apaolaza, Leire Bilbao eta Maite Mutuberriarentzat Euskadi Literatura Sariak

  • Euskarazko Literatura saria jaso du Apaolazaren 'Bihurguneko nasa' ipuin bildumak, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura saria Bilbaoren 'Barruko hotsak' albumak, eta Literatur Lanaren ilustrazioaren saria Mutuberriaren 'Irrimola' lanak.


2022ko urriaren 13an - 13:51

Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa (Susa, 2021) liburuak “identitatearen eta alteritatearen inguruko hausnarketa aberatsa eskaintzen du", Lourdes Otaegik, Ane Labakak, Jon Martinek, Yurre Ugartek eta Josu Jimenezek osatutako Euskarazko Literaturako epaimahaiaren iritziz. Apaolazaren lana "atseginez irakurtzen den prosa gihartsuan idatzia" dagoela argudiatu du saria ematerako orduan. "Edukiari ederki egokitzen zaion hizkera" ere azpimarratu du, "hiri handiko herrestaren dinamika bizian -ustekabean- irakurleak protagonistaren begirada ernea sumatuko du detaileen tolesduretan sakontzen”. 2011n Mea Culpa argitaratu zuenetik hamar urte igaro ostean plazaratu zuen Apaolazak Bihurguneko nasa ipuin bilduma -irakurri hemen Kepa Matxainek egindako elkarrizketa-. Apaolaza ARGIAko zutabegilea da, besteak beste.

Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria, aldiz, Leire Bilbaoren Barruko hotsak albumak jaso du. Manuel Lopezek, Larraitz Idarretak, Karla Fernandez de Ganboak, Ziortza Onaindiak eta Patxi Zubizarretak osatutako epaimahaiaren aburuz, “forma aldetik, poesia bisuala da, kaligramaren generoa berritzen duena, errimaz eta erritmoz betea. Liburuko testuaren, tipografia-jolasen eta irudien ustekabeko uztarketek eragiten duten txundidurak askotariko irakurketak egiteko aukera eskaintzen duena”. Gaineratu dutenez, “Barruko hotsak belarriekin irakurri eta begiekin entzuteko moduko liburua da, jolastia eta umore finez josia. Nabarmentzekoa da, orobat, liburuaren konposizio-, maketazio- eta ilustrazio-lan bikaina”. Hain zuzen ere, Literatura Lanaren Ilustrazioaren Euskadi Literatura saria jasoko duen Maite Mutuberriarenak dira Leire Bilbaoren liburuko ilustrazioak. Leire Bilbaok bigarrenez irabazi du Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria. Pamiela argitaletxearekin kaleratutako Xomorropoemak eta beste piztia batzuk lanarekin ere irabazi zuen saria 2017an, eta Maite Mutuberriarena izan zen orduan ere liburuaren ilustrazioa lana. 

Maite Mutuberriak berak Irrimola liburuagatik jasoko du aurtengo Literatur Lanaren Ilustrazioaren kategorian Euskadi Literatura saria. Epaimahaiarentzat Mutuberriaren lanak “album ilustratuaren kontzeptua beste dimentsio batera eramaten du, formatu zirkularrean diseinatutako liburu-objektu bat, zeinaren konposizioak esperimentazioa eta irakurketarekin jolastea ahalbidetzen duen. Ilustrazioen atzean landutako kontzeptu bat dago, baliabide grafikoen erabilera egokiarekin batera, irakurtzeko geruza eta modu desberdinak indartzen dituena. Gainera, irudien plangintzak zirkuluaren geometriaren errepikapena baliatzen du beste erreferentzia batzuk gogora ekarriz, hala nola planisferioa edo zootropoak, eta haien irakurketa eta berrirakurketa beti bestelako plazer bihurtzen du, liburua lan agortezin bihurtzen duena”. Javier de Isusik, Maria Altunak, Jon Mantzisidorrek, Yolanda Mosquerak eta Miren Asiaienek osatu dute Literatur Lanaren Ilustrazioa modalitateko epaimahaia eta saria erabakitzeko arrazoietan laburtu dutenez, “Irrimola haurtzarotik literaturara sartzeko ate bat da. Jolaserako eta alaitasunerako oda bat”.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Estitxu Eizagirre
#3
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskadi Sariak
Euskadi Literatura Sariak banatu dituzte Getxoko Muxikebarrin

Ondorengoek irabazi dute euskarazko kategorian: Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta, Miren Billelabeitia, Maialen Berasategi, Joxe Mari Berasategi eta Joseba Larratxek.


Maialen Berasategi eta Joxe Mari Berasategik irabazi dute Itzulpengintzako Euskadi saria

Aita-alabek Abdulrazak Gurnah-en Paradisua liburua itzuli dute euskarara. Tanzaniarrak Literaturako Nobel saria irabazi zuen 2021ean. Miren Billelabeitiak Saiakerako Euskadi saria jaso du Norberak maite duena. Hitza gogoan, irakurketa biziz lanagatik.


2023ko Euskadi sariak irabazi dituzte Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta eta Joseba Larratxek

Azken Etxea, Zerria eta Ni ez naiz Mikel Laboa lanak saritu ditu epaimahaiak Euskarazko Literatura, Haur eta Gazte Literatura eta Ilustrazioa kategorietan hurrenez hurren. Oraindik beste lau irabazle daude jakinarazteke.


2021-10-20 | ARGIA
Banatu dituzte Euskadi Sariak kategoria guztietan

Urriaren 14an jakianrazi zituzten sarietuetako zenbaiten izenak, eta asteazkenean eman dituzte ezagutzera gainontzekoak. Pello Lizarralde, Anjel Lertxundi, Joxan Elosegi, Alex Gurrutxaga, Mikel Reparaz, Txani Rodriguez eta Javier de Isusi dira 2021eko edizioko sarituak.


2020-10-14 | ARGIA
Idoia Santamariak eta Uxue Alberdik irabazi dituzte itzulpen eta saiakera alorreko Euskadi Sariak

Ingeborg Bachmannen Aldibereko ipuin liburuaren itzulpena eta Kontrako eztarritik liburuko emakume bertsolarien testigantzak nabarmendu dituzte alor bakoitzeko epaimahaiek.


Eguneraketa berriak daude