Hezkuntza euskaldunaren alde, milaka ikasle bildu dira gaur Ikamak deituta

  • Ikama gazte antolakundeak mobilizazioak egin ditu ostegun honetan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, euskararen kontrako oldarraldia salatu eta hezkuntza euskalduna aldarrikatzeko. 

Ikasleak ostegun goizetik elkarretaratu dira. Ikama

2025eko abenduaren 11n - 08:54
Azken eguneraketa: 14:35
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Abenduaren 11n greba eguna izango da Hego Euskal Herriko hezkuntzaren arloan, Ikamak deituta. 60 eragilek baino gehiagok babesturiko ekimena da eta manifestazioak antolatu dituzte Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean eta milaka lagun elkartu dira. 

Goizean zehar ikastetxe eta unibertsitateetan piketeak egin dituzte, ikasleak mobilizazioetara batu daitezen deitzeko eta zenbait kasutan errepide mozketak ere egin dituzte.

 Klak
 Klak
Iruñeko manifestazioa Ahotsa.info

Manifestazioen amaieran azaldu dutenez, ez dago behar bezelako "anbiziozko politika publiko askatzailerik" euskarak jasaten duen egoerari aurre egiteko eta gogorarazi dute Euskal Herria hiru eremu administratibotan dagoela banatuta, hizkuntza ofiziala ez den eremuetan are "zailagoa" baita egoera.

Zentzu horretan egungo hezkuntza eredua "agortuta" ikusten dute, eta ez delako gai izan hizkuntza mila "duin" bat transmititu eta erabilera jauzi bat emateko. 

"Ikasleok lehen lerroan egon behar dugu"

Gazte antolakundeak, euskararen kontrako oldarraldi "judizial, mediatiko eta soziopolitikoari" erantzun bat eman behar zaiola iritzi du eta hezkuntza ereduen erdigunean ere auzi hori dagoela. Hala, euskararen biziraupenerako "independentzia eta euskal hezkuntza sistema propioa" ezinbestekoa direla azaldu zuen Ikamak mobilizazio eguna aurkezterakoan.

"Guretzako gaurko eguna bada mobilizazio eta borrokarako egun bat. Egungo konstestuan aurkitzen gara euskararen biziberritzearen agortze fasean ez ezik, atzerapen egoera batean. Euskara jasaten ari den oldarraldiak logika atzerakoia hartzen du. Gaurko eguna bada ikasleria kontzientziatu eta bereziki mobilizatzeko egun garrantzitsua", azaldu du Aimar Loiti Ikamako kideak Hamaika telebistan egindako elkarrizketan.

Ildo beretik, Garazi Ubiriak ere azpimarratu du euskara "larrialdi linguistiko batean" dagoela: "Horren adierazle da UEMAk argitaratu duen azken diagnostikoa, non aipatzen den arnasguneak hamar urteren buruan desagertuko egin daitezkeela. Beharrezko ikusten dugu euskararen egoera hezkuntzatik ere lantzea. Ikasleok euskararen zapalkuntza lehen mailatik bizitzen dugulako. Ikasleok lehen lerroan egon behar dugu".

Hala, ostegun honetan "olatura batzeko" eta kalera ateratzeko deia egin du Ikamak. Manifestazioak 12:00etan abiatu dira, Bilbon Arriagatik, Donostian Bulebarretik, Gasteizen Elurretatik eta Iruñean Hezkuntza Departamentutik.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ikasle mugimendua
Eguneraketa berriak daude