Zetak-ek egin du 24. Korrikako kanta: ‘Xiberutikan Mendebaldera’

  • Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorenarekin batera, Pello Reparazek ahotsa jarri dio 2026ko Korrikako abestiari. Ostegunean aurkeztu dute Agoizko kultur etxean, eta bideoklipa ere ikusgai dago jada. Martxoaren 19tik 29ra izango da Korrika, Atharratzetik Bilbora.


2025eko abenduaren 11n - 12:21
Azken eguneraketa: 17:01
Pello Reparaz, Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorena abeslariak, eta Ane Elordi Korrikako arduraduna. AEK
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Xiberutikan Mendebaldera, Atharratzetik Bilbora, Euskara gara lelopean ehunka mila euskaltzalek egingo duten bideari doinua jarri dio Zetak taldeak, eta Pello Reparazekin batera ahotsa jarri diote Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorenak. Bideoklipean ere hirurak dira protagonista, eta plano sekuentzia bat da; Reparazek berak zuzendu du. Aurtengo leloari erreferentzia eginez, honelaxe diote: “Zer gara euskara bera ez bagara / Maixux eta Erramunen herrian (...) Lauburu bat gâteau batean baino / Euskara gara”.

Hain zuzen, AEK-k 24. Korrikan aldarrikatuko du euskararen herria denontzako “aterpe irekia” dela, aurkezpenean berretsi bezala, eta euskararen bidez eraikiko dela zapalkuntza orotatik babestutako “komunitate berdinzale eta zabala”. Oraingoan Errigora omenduko du Korrikak, Nafarroa euskalduntzen egiten duen lanagatik, eta Xiberutikan Mendebaldera kantuan ere euren auzolanaren eredua goraipatu dute.

Ane Elordi Korrika arduradunak aurkezpenean azaldu du AEK osoak aukeratu duela kantuaren enkargua nori eman, aurrenekoz, prozesu demokratiko baten bitartez. Reparazek gehitu du ez dela “enkargu hutsa” izan, baizik eta bere ibilbide artistikoko “erantzukizun eta poz handienetako bat”: “Euskarak eta Korrikak niri eman didatenaren zati bat itzultzea da”. Kantaren egileak berretsi du Euskara gara leloak pisu handia duela, eta hori islatu nahi izan du letran ere: “Bizitzeko, elkar zaintzeko eta etorkizun duinago bat elkarrekin irudikatzeko modu bati buruz ari gara”. Reparazek azaldu duenez, kantari “mugimenduan dagoen komunitate baten sonoritatea” ematen ahalegindu da, ez “ereserki zurrun” batena.

Bideoklipean azpitituluak hiru hizkuntzatan daude, euskaraz, gazteleraz eta katalanez (frantsesezkorik ez): “AEKren euskaltegietan izena ematera lehen urratsa emateko, alabarekin duen elkarrizketa batean euskaraz egitera animatzeko, edota Korrikan kilometro bat gehiago egitera sustatzeko balio badu, kantak bere funtsa beteko du”, ziurtatu du Reparazek.

Hauxe da letra osorik:

Erensugeren itzala
Santa-Grazitikan
Zarrakaztelura

Eta Errigoraren auzolan eredua
Eskutik eskura
Hori ere bagara

Sorgin baten azken kanta
Itoizko kaletan

Zer gara euskara bera ez bagara
Maixux eta Erramunen herrian

Maitasun eskutitz baten bide luzea
Xiberutikan Mendebaldera
Junkeraren fandango berri bat bezala
Bidaia berri baten bila

Ko! rri! ka!
Arranoaren hegaldia lumadi berriaz 
Ko! rri! ka!
Irrintzi zahar bat aho gaztetan
Gailur berrietan

Basurdearen aztarna gara
Elorretatikan
Agurainaldera

Larruz eraikitako milaka etxola
Dajlatik Gazara
Hor da gure gogoa

Ezkerraldeko AEK
Saretuz lurra

Artzai gazte bat kontu zaharretan 
Bariñako Bidane Baskaran

Maitasun eskutitz baten bide luzea
Xiberutikan Mendebaldera
Junkeraren fandango berri bat bezala
Bidaia berri baten bila

Ko! rri! ka!
Arranoaren hegaldia lumadi berriaz 
Ko! rri! ka!
Irrintzi zahar bat aho gaztetan
Gailur berrietan

Lauburu bat gâteau batean baino
Euskara gara

Ilargirik gabe mareak gora
Nola bestela?
Nola bestela?

Maitasun eskutitz baten bide luzea
Xiberutikan Mendebaldera
Junkeraren fandango berri bat bezala
Bidaia berri baten bila

Ko! rri! ka!
Arranoaren hegaldia lumadi berriaz 
Ko! rri! ka!
Irrintzi zahar bat aho gaztetan


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korrika
Eguneraketa berriak daude