Pascalen dilema globala

  • Ordaintzen ari garen prezio mingarria ez da inoiz izango gaineratu nahiko diguten faktura adinakoa.


2020ko martxoaren 22an - 11:32
Bartzelonako Boqueria merkatu turistifikatua, berriz ere, auzo-merkatu bihurtu da.

"Gizonaren zorigaitz guztiak dira gela batean eserita lasai eta bakarrik egoteko gai ez izatearen ondorio"

Blaise Pascal

Izurdeak Sardiniara itzuli dira. Veneziako ura, airea bezala, garbitzen ari da. Bartzelonako Boqueria merkatu turistifikatua, berriz ere, auzo-merkatu bihurtzen. Hotelak irekitzen dituzte Parisen, arloteak hartzeko. Eta Bartzelonako Zona Franca eremuko CIE Atzerritarren Atxikitze Zentroa itxi dute. Eta etxegabetzeak gelditu egin dira. Eta jada ez da udaberri El Corte Inglesen. Negozio pribatua, dekretuz, publiko unibertsalaren zerbitzura jarri da. Bat-bateko zerrenda oso luzea da, katarsi bilakatu den salbuespen egoera berri honetan. Baina, hala eta guztiz ere, paradoxa harrigarri handiena da, neoliberalismoaren hamarkada merkantilisten ondoren, osasuna lehenesten dela ekonomiaren aurretik. Aldiz, justu alderantzizkoa da egunorokotasuna mugatzen duigun baldintza erabakigarria: guztiz beste muturrera jo duen ziklo baten ondoren egiten ari direla. Ekonomia osasunari inposatzen baitzitzaion –eta politikari eta etxebizitza eta kulturarako eskubideari, eta beste edozeri eta mundu guztiari. Atzo dogma; gaur, drama.

Jatorria – hori bakarrik ez bada ere – birikoa baldin bada, konponbidea soziala baino ezin da izan

Txanponaren beste aldea ere badago, noski, beti baitago ilargiaren beste aldea: etxerik gabeko pertsonei isunak ez konfinatzeagatik, putre espekulatzaileak zor publikoaren zelatan, autoak ihesi Valentziako edo Pirinioetako bigarren egoitzetara, fake xenofoboak, zekenkeriak, tentazio militaristak edo 5Garen kudeaketa autoritarioa, kontrol sozial saretuaren irudi bat ematen diguna. Ez dadila spoiler bat izan. Neurri batean, ez da oso urruti joan behar hurbiletik ikusteko: azkenaurreko krisialdiaren –2008koaren– lezioak lotsagabekeria gehiegi utzi zituen agerian, min eta irakaspena gehiegi, akats eta izugarrikeria gehiegi, errepikatu behar ez liratekeenak, batzuek horretan tematu arren. Eta, hala ere, dena ezberdina da jada: berritasuna, inprobisazioa, kontingentzia eta inpotentzia nahasten dira gaur egun era bitxian. Baina jada ordaintzen ari garen prezio mingarria ez da inola ere izango gaineratu nahiko diguten fakturaren adinakoa. Jatorria – hori bakarrik ez bada ere – birikoa baldin bada, konponbidea soziala baino ezin da izan.

Azken finean, errealitatea esnatu egin da eta lokartuta harrapatu gaitu instalatuta geunden ustezko irrealitate baketsuan. Paradoxa irrazional gehiago, zaharkituegiak. Galdutako denboraren aporia: ez azken berrogeita hamar urteotan gure gehiegikeriaz ohartarazten gaituen ekologismoak, ez duela bost hamarkadotan bizitza erdigunean jartzea eskatzen diguten feminismoek, ez kapitalismo basatiaren globalizazioaren pleonasmoari egindako kritika arrazoituek... ez zuten lortu dena geldiaraztea, frenatu eta pentsaraztea non demontre bizi garen eta non arraio bizi nahi dugun. Munduaren ordena kanibalean – Jean Zieglerren baieztapen kartesia erabiliz – koronabirus berri batek etorri behar izan du dena bat-batean eta golpetik balantzaka ipintzeko. Astindu honetatik nola aterako garen, dena ikusteko dago oraindik.

Orain afera da, sekula baino gehiago, lortzea doktrina hura bere diseinatzaileen aurka itzul dadila

Shockaren doktrina jada bere plana antolatzen ari dela begi-bistakoa da: ikusiko dugu hau dena bukatutakoan non konfinatu nahi gaituzten batzuek. Eta orain afera da, sekula baino gehiago, justu alderantzizkoa lortzea: doktrina hura bere diseinatzaileen aurka itzul dadila eta konfina ditzala beren nihilismo soziopata, krudel eta neoliberalean. Larrialdia da, denbora faltan gabiltza bertan; urgentzia da, etzi beharko dugu denbora. Dena berriz pentsatzeko. Zeren eta, hau osasun gerra bat baldin bada, hizkera belizista eta patriotero ez neutral bat erabiliz, jadanik galdetu beharra dago ea nolako bakea sortuko den. Hamarkadatan egin ez duguna, ez dugu konponduko astebetean.

Pascalen dilema zaharra –ea gai garen gelan denbora luzez egoteko, pentsatuz eta geure buruak birpentsatuz, eutsiz eta geure burua soportatuz– global bilakatu da. Eta gela oso bestelakoa da: paradoxikoki distantzia bilakatu da gorputz –besteen gorputz eta alteritatearen arrazoi–, geure baitatik ateratzeko geure baitan giltzapetzen gara, elkarrengana hurbiltzeko elkarrengandik urrundu egin behar izan dugu, elkar maitatzeko elkarrengandik bakartu behar izan dugu, ekiteko geratu egin behara dago. Bitartean, ez dugu behar frame militarrik, ezta jeneralik ere prime time-an borrokarako morala aldarrikatuz, diziplina eta sakrifizioa eskatuz, prepotentzia militarrarekin ezkutatu nahian osasun sistemaren ezintasuna. Zeren eta armadarik behar izatekotan, armarik gabeko eta heroikoa, isil eta gainez egina... horra mantal zuridunen armada, gerra hau irabaziko duen bakarra, tiro bakar bat bota gabe eta munizio prekarioz hornitua. Eta atzeguardia bakarra: denok etxean geratzea.

Zaintzaren garaia da. Kurben bilakaera arretaz erreparatzen ikasi dugularik –honakoa goraka doan eta izutzen gaitu, beste hori kapela modukoa da lasaitzen du...– hausnarketa saihestezin bat bada. Kurbak biologikoak dira – eta agerian uzten digute sortzetik daukagun ahultasun–, baina lerro zuzena ez da. Beste lerro hura, grafiko bakoitza "osasun-sistemaren muga" esaldia zeharkatzen duen lerro zuzen hura, ez da ez naturala eta ez espero ezin zitekeena: ildo politiko bat da, lotua aurrekontu publikoetan ezarritako murrizketekin. Beste aldagaia soziala da, eta berriro ere eta beti bezala, geure esku dago: keinu bakoitza da garrantzizkoa, keinu bakoitzak leuntzen du kurba. Horixe da egin dezakeguna, eta ez da gutxi: "Gera zaitezte denak etxean", Manuel de Pedrolok Acto de violencia filmean esango lukeen bezala. Argi ulertu behar dugu zergatik daukagun epe laburrean suebakia eraiki beharra: ez birus bati irabazteko, baizik eta ospitaleen kolapsoa eragozteko kutsatuek gainezka egitearen ondorioz. Hau da, bizitzak salbatzeagatik eta ahulenak babestearren. Kontsigna eta goiburua, gaur iparra ez galdu eta bihar hego guztiak ez ahaztu: konfinamenduko lehen asteak sekula baino gehiago erakutsi du zein baliotsua den bizitza komunean, eta, azkenean, beste gauza batzuei garrantzia galdu erazi die. "Koronabirusak garaitu egin du dirua, agian gaur egungo jainkorik ankerrena" idatzi du Gabriel Magalhaesek. Horra kontrafaktiko demokratiko, postkapitalista, ekologista, bakezale, antiarrazista eta feminista: azken finean, oso zaila izango da honetatik ateratzea, baina askoz ere zailago eta ezinezkoagoa izango da ez ateratzea.

"Txarrena saihesteko onena ematea" –etxeko eta usadiozko erremedioa– diote txistuka El Lokal del Raval-etik Ferlosiok esango zukeen modura: ez daitezela etorri garai itsuak gaiztoago egingo gaituztenak, ez garai txarrik itsuago bihurtuko gaituenik. Jorge Reichmannek esana du: biharraren biharrean, alferrikakoena litzateke berriro tamalez aurreko lekura itzuli nahi izate. Derrigor leku berri batean egongo baikara. Marina Garcesek esana, sintetikoki: "Birusak ez digu gizakiaren hauskortasuna erakusten, sistemaren hauskortasuna baizik". Eta Yayo Herrero ekofeminista aurreratuak: ez badugu dena solidarioki egiten elkar zainduz, eskuin muturra ariko du zaparradaka. Eta Alba Rico guardiako filosofoak, aspaldiko internazionalismo zahar eta ezinbesteko bati helduz: "Gutako bakoitza salbatzeko modu bakarra da denok aldi berean salbatzea". Hala da, eta hala izan liteke. Hau guztia pasatakoan, nahiz eta orbanak ez pasatu eta ondorioek oraindik ere pisua izan, hor jarraituko du Pascalen dilemak, Monterrosoko dinosauroak. Eta jarrai dezatela egoten delfinak Sardiniako portuan. Ur garbia Veneziako kanaletan. Auzo-azoka bat La Boquerian. CIE bat itxita. Etxegabetu bakar bat ere ez. Hotelak aterperik gabeak babesten. Eta inor ez kalean lotan.

David Fernandez idazle eta ekintzaile katalanak Ara hedabidean plazaratu du jatorrian artikulu hau "El dilema global de Pascal" tituluarekin martxoaren 21ean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude