“Ederra egin dugu”. Hitz horiekin baloratu du Errigora ekimenak oliba olioaren kanpainaren emaitza: 75.000 litro olio banatu dituzte 5.000 etxe baino gehiagotara auzolanean, iaz baino %65 eta 2014an baino %150 gehiago.
Nafarroa hegoaldeak berezko dituen produktuak eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko proposamena da Eskutik Eskura ekimena, “kontsumitzaile arduratsuen komunitateak osatzeko eta ekoizle arduratsuak saretzeko”.
Kanpainaren emaitzak ikusita, “aurrera jauziak” egiten ari dira bide horretan, ekimeneko kideek adierazi dutenez: 2014an 1.500 etxetara heldu ziren 30 bat herritan, 2015ean 3.000 etxe eta 50 herri izan ziren eta, aurtengoan, 5.000 etxe baino gehiagotara iritsi dira 60 herri baino gehiagotan: “Urtez urte kontsumitzaile-sarea egonkortzen ari da, eta kanpainatik kanpainara ekoizle berriak gehitu dira”.
Etxe partikularretara ez ezik, aurtengoan olioa hamaika kontsumo talde, elkarte gastronomiko, txoko eta eskola-ikastoletako jantokietara ere banatuko du ehunka boluntariok.
Hurrengo zita maiatzean jarri du Errigorak: maiatzaren 12tik 24ra kontserba loteak eskatzeko tartea zabalduko dute.