40 emakumeri aitortza, Elgetan, apirilaren 24ko Erresistentzia Egunean

  • Herria omenaldirako prestatzen ari da. Datorren astean zabalduko dute 55 argazkiz osatutako Azken batailoia erakusketa. Antolatzaileek gertu dute egitaraua: bisita gidatuen eskaintza zabaldu egin dute, Intxortako borrokaldien errekreaziorako 125 boluntario elkartu dituzte, eta prest dute emakume omenduen zerrenda.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2016ko apirilaren 07an - 18:44

Espainiako gerran "askatasunaren alde borrokatu ziren" gudarien eta milizianoen 55 argazkiz osatutako Azken batailoia erakusketarekin abiaraziko dituzte  aurtengo Intxortako Erresistentzia Eguneko ekitaldiak. Datorren astean zabalduko dute Elgetan erakusketa, "apirilaren 12an edo 14an, ze Bizkaiko Batzar Nagusietan dago asteotan, jende asko dabil hura ikusten, eta eskatu digute beste 10 egunez luzatzeko", esplikatu du Juan Ramon Garaik, Intxorta 1937 Kultur Elkarteko ordezkariak.

Milizianoez gain, iaz omendu zuten Josefina Lambertoren argazkia ere bada Azken batailoia erakusketan. Maravillas Lambertoren ahizpa da hura: falangistek aita atxilo hartu zutenean, Maravillas Lambertok harekin joan nahi izan zuen; Larragako Udaletxera (Nafarroa) eraman zituzten biak, eta, UGTko kide zen aita udaletxeko kartzelan zuten bitartean, alaba behin eta berriro bortxatu zuten, eta gero hil. Haren gorpua biluzik txakurrei eman zieten eta gorpuzkiak erre egin zituzten. Aita ere erail egin zuten. Bada, Lambertoren argazkia baliatuta gura dute iragarri hurrengo erakusketa emakume erresistente eta errepresaliatuen gainekoa izango dela. Argazkiak Mauro Saravia txiletarrak ateratakoak dira.

Sei emakume debagoiendar

Hain zuzen, apirilaren 24an –domeka– egingo dute Intxortako Erresistentzia Eguna, Elgetan, justu frankistak Elgetan sartu ziren egun berean. 40 bat emakumeri egingo diete aitortza;  errepresaliatuak eta erresistentziako kide izan ziren emakumeei, hain zuzen. Aitortza egingo diete, besteak beste, Arrasateko Iñigo Arregi eskultura-egileak egindako Egiaren iturria oroigarria emanez.

Aitortza jasoko dutenen artean sei debagoiendar daude; bizi direnak: Felisa Garai –94 urte, Elgeta– eta Trini Ruiz de Alegria –92 urte, Arrasate–. Eta erail zituztenak edo hilda daudenak: Isabel Beritxinaga –Elgeta–, Emeteri Aranburuzabala –Eskoriatza–, Edurne Galartza –Oñati– eta Norberta Ezpeleta –Bergara–.

125 boluntario errekreaziorako

Aurrera doaz baita ere Intxortako Atea-ren aurrean beste urte batez egingo den Intxortako borrokaldien errekreazioko prestaketa lanak. Elgetako Udalak emandako datuen arabera oraingoz 125 boluntario daude izena emanda, tartean 33 emakume. Elgetarrak 34 dira.

Bazkarirako txartelak salgai

Antolatzaileek jakinarazi dute, bestalde, udaletxean daudela salgai Erresistentzia Egunean Elgetako frontoian egingo den bazkarirako txartelak. Prezioa da 16 euro, eta txartelak Elgetako udaletxean daude salgai.

Menu berezia izango da antolatzaileek gerra garaiko elikagaiak aukeratzen saiatu direlako: txitxirioak edo garbantzuak, haragia, kontserbako arraina eta kanpainako gailetak. 

Bisita gidatuak hurrengo bi domeketan

Gogoratu azkenik Elgetan bisita gidatuen eskaintza zabalagoa dutela apirilean. Bisita gidatuak ere iragarri dituzte bai domeka honetarako bai hurrengorako. Hurrengo bi domeketan Intxortako frontea gidari baten laguntzaz ezagutzeko aukera emango dute. Bisitok Espaloia kafe antzokian dagoen interpretazio zentrotik abiatuko dira 10:00etan, eta ondoren bost kilometroko ibilbide tematikoa egingo dute bisitariek oinez.

Interesatuek aurrez eman behar dute izena. Bideak hainbat dira: turismo@debagoiena.eus / 943 79 64 63 / 943 71 89 11.

Informazio gehiagorako: www.elgetamemoria.com

 

Albiste hau Goiena.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1936ko gerra
1936ko Otxandioko bonbardaketaren pilotuari demokrazian emandako kondekorazioak kenduko dizkiola agindu du Espainiako Gobernuak

Ángel Salas Larrazabal militar frankista urduñarrak gidatzen zuen hegazkinak bonbak bota zituen Otxandioko Andikona plazan zibilen aurka, 1936ko uztailaren 22an. Gutxienez 61 herritar hil ziren. Frankismoan hainbat kargu militar eta politiko izan zituen, eta 1991n... [+]


Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude