Gizonak bezalako sheriffa

  • Ingalaterra, 1215. Bouvineseko guduko porrotaren ondoren, Joan I. Ingalaterrakoa, Joan Lurgabea ezizenez ezaguna, sorterrira itzuli zen, baina menpekoek ez zioten harrera onik egin. Eta erregearen kontrako jarrera areagotu egin zen zerga bidegabe bat –beste bat– ezarri zuenean. Ekainean nobleek Magna Carta dokumentua sinatu zezan lortu zuten; Ingalaterrako erregearen boterea mugatzen duen dokumentu zaharrena da. Baina irailean Aita Santuak gutuna bertan behera uztea lortu zuen Joanek.

     

Lincolneko gaztelua emakume baten ardurapean zegoen 1216an: Nicholaa de la Haye. Urte berean Joan ‘Lurgabeak’ sheriff izendatu zuen (arg: Chris Broadbent)
Lincolneko gaztelua emakume baten ardurapean zegoen 1216an: Nicholaa de la Haye. Urte berean Joan ‘Lurgabeak’ sheriff izendatu zuen (arg: Chris Broadbent)

1216ko lehen hilabetetan noble erreboltariek Rochester eta Londres hartu zituzten, eta Frantziako tronuko oinordeko Luisi Ingalaterrako koroa eskaini zioten. Joani aldeko hiru gotorleku besterik ez zitzaizkion geratzen: Windsor, Dover eta Lincoln. Azken horretan emakume bat zegoen gazteluzain: Nicholaa de la Haye.

1150 eta 1156 urteen artean jaio zen Nicholaa. Aita Richard de la Haye zaldun normandiarra zuen, Lincolneko gaztelujauna, eta hura hildakoan, gaztelua defendatzea egokitu zitzaion alabari. 1191n gaztelua eraso zutenean, adibidez, Richard de Devizes kronikalari garaikideak jaso zuenez, Nicholaak “emakumea ez balitz bezala pentsatuz, gizonek bezala defendatu zuen Lincolneko gaztelua”.

Magna Cartaren prozesuan ere nabarmendu zen. Joan erregearen aurkakoek gaztelua setiatu zuten 1215ean, baina Nicholaak errenditu gabe eutsi zion eta erreboltarien buru Gilbert de Ganterekin su-etena sinatzea lortu zuen. 1216an Joanek gaztelua bisitatu zuenean, gazteluko andereak esan zion bere adinean ez zela gai kargua behar bezala betetzeko eta gazteluko giltzak eskaini zizkion; erregeak, ordea, karguan berretsi zuen. Eta ez hori bakarrik; urte bereko urriaren 19an hil zen Joan Lurgabea, baina hil baino lehen Lincolnshireko sheriff izendatu zuen de la Haye.

Emakumeak bezalako heriotza

Joanen oinordeko Henrike III.ak 9 urte zituen koroa jantzi zuenean. William Marshal noblearen laguntza izanagatik, aurkakoak agintari berriaren ahuldadeaz baliatu ziren; noble erreboltariek, Luis frantziar erregegaiaren armadarekin bat eginda, Ingalaterrako gotorlekurik garrantzitsuenetakoa eraso zuten berriro: Lincoln. Gazteluzainak, ohi bezala, gogor eutsi zion, baina errefortzuak beharko zituen setioa gainditzeko. 1217ko maiatzaren 20an erregearen babesle William Marshalek setiatzaileak eraso zituen kanpotik, Nicholaa de la Hayek barrutik, eta garaipena lortu zuten. Hori eta Sandwicheko itsas guduan lortutako garaipena nahikoak izan ziren Henrike III.a tronuan indartu eta Frantziako nahiz bertako oposizioa uxatzeko.

Henrike III.aren aldekoek laudorioak eskaini zizkioten emakume gazteluzainari, baina beste guztia kendu. Lincolneko garaipena lortu eta lau egunera, sheriff kargua kendu zioten erregearen osaba Salisburyko kondeari emateko. Kondeak, nonbait, ez zuen nahikoa horrekin eta de la Hayeren lurrak eta gaztelua ere nahi zituen. Beste 9 urte eman zituen Nicholaak gotorlekua defendatzen, baina ez zuen berriro errefortzurik ez laudoriorik izan. 1226an amore eman zuen eta handik lau urtera hil zen.


ASTEKARIA
2018ko otsailaren 25a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Denboraren makina
Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Neolitoko piragua sofistikatuak

1992. eta 2006. urteen artean, Erromako Bracciano lakuko uretan, Neolito goiztiarreko La Marmotta aztarnategia industu zuten. Berriki, Plos One aldizkarian han aurkitutako bost piraguen inguruko ikerlana argitaratu dute. Ontziak 7.000-7.500 urte inguru dituztela ondorioztatu... [+]


Yale: prestigioa esklaboen truke

Killingworth (Connecticut, AEB), 1701. Collegiate School goi mailako ikasketa zentroa fundatu zuten. 1716an eskola berria New Havenera aldatu zuten eta handik bi urtera, 1718an, Yale izena hartu zuen gaur egun AEBetako eta munduko unibertsitate prestigiodunetakoa denak.

Urte... [+]


Nabigazioaren historiaren argazkia

2019an, Greziako Kasos uharteko uretan, ikerlan bat abiatu zuten Ikerketa Helenikoen Fundazio Nazionalak eta Greziako Kultura Ministerioak. Lanaren emaitza berriki jakinarazi dute: guztira, hainbat garaitako hamar ontzi-hondar aurkitu dituzte. Zaharrenak 5.000 urte inguru ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude