Rafael Chirbesi bizian egin gabeko bisita

  • Aspaldiko zor bat kitatuta, Rafael Chirbes zenaren etxean egon gara, Beniarbeigen, Alacanten. Aukera baliatu dugu, ez bakarrik idazlearen izena daraman fundazioaren zeregina ezagutzeko, baita idazlea jaio eta hiltzen ikusi zuen geografia, haren liburuetan hainbestetan agertzen dena, zapaltzeko ere.

Azken mezua 2013ko ekainekoa da. Udaberri hartan En la orilla izugarria atera zuen Rafael Chirbesek, elkarrizketa proposatu nion, baina ea utziko genuen uda pasa osterako: “Ezin lehorrago nago, ez dakit zenbat elkarrizketaren ondoren”. Jada 2008an, Crematorio ikaragarria atera eta gero, ondo damutu nintzen, autoa hartu eta Beniarbeig aldera joan ordez, lehen elkarrizketa hura distantziatik egin izanaz. Auskalo zer gertatu zen gero 2013ko udazkenean, ez dut gogoan, baina Chirbesi buruz izan nuen hurrengo berria 2015eko abuztukoa da. Haren heriotzak Galizian harrapatu gintuen, inoizko oporraldirik segur aski gozoenean. Alferrik izango ziren handik aurrerako temak: Chirbes bere etxean elkarrizketatzeko aukera joana zitzaidan, behin betiko.

Katalan hiztuna izan, baina katalanez ez idazteak sortzen zion kontraesanik 'De lugares y lenguas' artikuluan adierazi bezala

Ez, ordea, Chirbesen etxea bisitatzekoa. Are, haren familiak, ilobek, iloba batek, Manolok, osabaren omenezko fundazioa sortu eta Beniarbeig aldeko etxea bisitatzeko aukera eskaintzen zuela jakin nuenean. Osabaren nahia izan zen: ia hogei urtez, azkenak, bizi izandako etxea bisitariei irekitzea, bertan pilatutako liburuak eta testuak erakusgai jartzearekin batera, kontsulta eta ikerketarako. Biblioteka, 6.000 ale ingurukoa (tartean Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Harkaitz Cano), katalogatze lanetan dago orain. Akaso garrantzitsuagoa: idazlearen hainbat eskuizkribu, argitaragabeak, nobelak tartean, irakurri daitezke bertan. Nobela argitaragabeak, idazleak gazte garaian idatzi, eta bizian sekula publikatu nahi izan ez zituenak. Aukera izan baduen arren, sendiak ere argitaratuko ez dituenak, “nor gara gu orain osabaren borondatea zapuzteko”. Besterik dira idazlearen memoriak, argitaratzeko-edo gertu utzi zituen sei alekiak.

Fundazioak egiten duen beste lanetako bat, hain zuzen, idazlearen obra zabaldu eta ezagutaraztea baita. Urte bukaeran argitaratuko dute, Valentziako katalanera itzulia, La buena letra eleberria. Chirbes, katalan hiztuna, beti kezkatu izan zuen ama hizkuntzak, espainolez eta Gaztelan eskolatua izanagatik (aita hil zitzaionean, burdinbideetako langileen umezurtzen kolegioetan) sekula galdu ez zuenak. Katalan hiztuna izan, baina katalanez ez idazteak sortzen zion kontraesanik, De lugares y lenguas artikuluan adierazi bezala: “Berriz sentitu nuen hizkuntza hori nire idazketarako galdu izanaren mina”. La buena letra eleberriko protagonistek, hartara, aukera izango dute aurki berez hitz egiten zuten hizkuntzan jarduteko: “Arraroa egiten zitzaigun”, dio Manolok, “aleman, ingeles, frantsesera, are txinerara itzulitako idazle bat bere ama hizkuntzan ezin irakurtzea”.  

Anagrama etxearekin argitaratu berri den El año que nevó en Valencia narrazio laburrean ere ageri da hizkuntzen arteko talka, idazleak ulertzen zuen moduan agertu ere, klase gatazka baten gisa: hiriburuko jendeak gaztelaniaz egiten du, herrietatik datozenak valentzieraz, boteredun eta menekoen arteko arrakala agerian geratzen dela. Fikzioaren baitan beti, baina idazlearen biografiaren zantzuak igar daitezke kontakizun horretan: aita hil berri, familia elkartu egiten da, agur urrina duen urtebetetze festa batean. Ez alferrik, narratzaile haurra, Chirbesen egiazko Avilara joan ordez, fikziozko A Coruñara joango baita: “Ordurako, hasia nintzen jakiten ez ginela inongoak”. Joan aurretik sorlekuari atxikimendua erakutsi ondotik, noski: “Horren guztiaren parte izan nahi nuen”. Nazioarteko kongresu bat antolatuko du Chirbes fundazioak 2018an, Mimoun lehen eleberria argitaratu zela 30 urte joan direla ospatzeko.

Argazkia: Philippe Matsas-Opale

Marina Alta

Dena den, Beniarbeig aldera egindako bidaiaren asmoa ez da bakarrik izan Chirbesen etxea ezagutzea. Ez bakarrik mimo handiz idazlearen izena daraman fundazioa daraman Manolo iloba ezagutzea. Idazleak arnasten zuen geografia ezagutzeko nahia egon da halaber, ikusteko, usaintzeko, ukitzeko haren paradisu galdua, paradisu berreskuratua. Esana dugu, zortzi urte zituenetik han-hemenka ibiltzera behartua, Avila, Leon, umezurtz eskola batetik bestera, unibertsitate ikasketak egitera gero Madrilera, irakasle Marokora, Bartzelona, A Coruña orain egiazkora, hamabi urte luzez Extremadurako herri txiki-txiki batean bizi izan zen. Ahaztu gabe, Sobremesa aldizkari gastronomikoarentzat lanean, munduan zehar kurritu zituen bazter guztiak (El viajero sedentario liburuan bildu zituen artikulu horietarik zenbait). Eta, hala ere, “inpresioa izan dut bidaia guztiek balio izan didatela jatorrizko lekua hobeki irakurtzeko”. Literaturan behin eta berriro bueltatu zen bere lekuetara, bere geografiara, bere herrialde txikira: “Itzuli izan naiz –La buena letra, Los disparos del cazador, La larga marcha eleberrietan–, ia nahi gabe, nire bizitzako iragan urruneko istorioetara, hemen gertatu izan zirenak, Valentzian”. Azkenik fisikoki bueltatu zen arte, 2000. urtearen bueltan.

"Inpresioa izan dut bidaia guztiek balio izan didatela jatorrizko lekua hobeki irakurtzeko", utzi zuen idatzia Chirbesek

Beniarbeig, Marina Alta, Alacantera. Tavernes de la Valldigna, fikzioan Bovra deitzen duen jaioterritik 40 minutura, gurasoen Dénia hamabostera, Crematorio edota En la orilla alimalekoetan Misent gisa agertzen dena. Atzean Segaria mendia, aurre-aurrean Mediterraneo zabala (“arkakusoz betetako pakidermoa”), Marineta Casiana hondartza, aitona-amonen etxetik hain gertu, non ixten den nolabait Chirbesen zirkulu bitala, haren errautsak bertan barreiatuta. Dénian berean, hiltzear zegoelarik, familia bildu eta azken bazkaria egin zuten jatetxea. Edo azken urteak eman zituen etxe apartatutik herri kaskora egiteko, luze gabe tabernetara, laranjondoen artetik egin beharreko bidea. Bazuen, literaturan, maxima bat: dagoena kontatu behar da, baten bat molestatu arren, ikusten dena. Eta Rafael Chirbesek etxetik ikusten zuena hau da. Liburuetan harrapatu zuena. Higiezinen burbuila lehertu ondorengo paisaia. Baratze abandonatuak. Sasitza. Udazkeneko euriek belarrez estalitako hondakinak. Birkalifikazio urbanoa lortzeko atarian geratu ziren lurrak.

Arrazoi duzue: asmoa ez zen bakarrik etxea ezagutzea. Ez bakarrik mimo handiz idazlearen izena daraman fundazioa daraman Manolo ezagutzea. Ez eta idazleak arnasten zuen geografia ezagutzea ere. Esango nuke asmo nagusia bizian ezin egin izan nion bisita egitea izan dela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioarteko literatura
2024-03-10 | Julen Azpitarte
Zorigaiztoko musikarien laztasunak

Alfonso Cardenalek Vidas Perras. Cuentos musicales del Sofá Sonoro (Bizitza Latzak. Soinu-sofako musika-ipuinak) izenburuko liburua argitaratu berri du. Bertan, herri-musikaren historiaren bazterretan abandonatutako kultuzko hogei musikariren zorigaiztoko biografia... [+]


Iraingarria da istorio bateko pertsonaia “lodia” dela esatea?

Roald Dahl idazle irakurriaren umeentzako hainbat lan berritu dituzte: “lodi” eta “itsusi” bezalako adjektiboak desagertu dira, baita esaldiren bat gehitu ere ileordea eramatea ez dela ezer txarra adierazteko, esaterako.


Xavier Queipo. Galegoa berdin emigratzailea
"Galegoz hitz egiteko jarrera indartu besterik ez zen egin Bruselara joan nintzenean"

Galizian jaioa, Bruselan egin du kasik laneko aldi guztia. Biologia eta Medikuntza ikasketak eginagatik ere, gisako lanik ez herrialdean bertan, eta bakailao-ontzi batean itsasoratu zen, noizbait, biologo. Europako arrantza ikuskaritzan zen lanean laster. Idazle aipu eta sona... [+]


2022-10-06 | ARGIA
Annie Ernaux idazleak jasoko du Literaturaren Nobel saria

Annie Ernaux idazle frantsesa saritu du Suediako akademiak. Nobela autobiografikoak idatzi ditu batez ere, eta hainbat irakur daitezke euskaraz, 'Pasio hutsa' eta 'Gertakizuna' eleberriak, besteak beste. Bere obraren ausardia eta zehaztasun klinikoa saritu ditu... [+]


Pasazaite argitaletxeak agur esatea erabaki du 10 urteren ondoren

Ekain honetan hamar urte bete ditu Pasazaite argitaletxeak. Nazioarteko literatura euskarara ekartzen espezializatu den proiektuak urteurren hori baliatu du ateak itxiko dituela iragartzeko.


Eguneraketa berriak daude