Donostiako Egiatik Agurainera, Amikuzen barna, paradigma berria ari da zabaltzen: ni euskaraz bizi naiz, zuk nahi duzun moduan erantzun eta kito. Elkarrizketa elebidunak mantentzetik hasi da iraultza berria. Baina horretarako euskaldunoi hizkuntzari eustea eragozten diguten aurreiritziak gainditu behar ditugu. Mapa egokiari begiratu, alegia.
Niretzat –kronika hau lehen pertsonan joango da, aitormena ere bai baita– deskubrimendu bat izan zen datua: bizi naizen Hernanin herritarren %80k ulertzen duela euskara. Bestela esanik, gaztelania guk nahi baino askoz gehiago entzuten den Hernani industrial hiritartuan %20 baino ez direla euskara ulertzen ez dutenak.
Gure herriko “Eutsi Euskarari indar proba”, laugarren edizioa duen 2016ko Euskara Ari Du kanpaina, Egiak antolatutako “Euskaraz Bizi Nahi Dut” operazioaren uberan etorri da, Lasarte-Oriakoa, Astigarragakoa, Aguraingoa edo Arrigorriagakoa bezala, ARGIAko orrietan Onintza Iruretak azaldua duenez.
Hernaniarrei banatutako esku orrietan proposatzen zitzaien: “Ahal duzun guztietan hitz egin euskaraz. Bizi zaitezke euskaraz? Ez pasa gaztelaniara. Ulertzen baduzu, ez eskatu [nik] gaztelaniaz egiteko. [Zuk] ireki belarriak eta saiatu ulertzen”. Kanpainaren hasieran jende pila bat entrenatu gara sekula praktikatu gabeko kirol berrirako eta hainbat esperientzia eta bizipen ezberdin bezain kitzikagarriak bizi izan ditugu.
Nik neuk esango nuke euskaraz hitz egin ez baina ulertzen dutenekin elkarrizketa elebidunak mantentzea ari dela gertatzen iraultza. Ziurrenik paparrean “Euskara Ari Du” txapatxoa eramaten segitzea erabaki duten askok berdin sentitu duela esango nuke: “Zuk lasai segi zurean, ez dizut eskatzen aldatzea, nik neuk aldatzea erabaki dut”.
Prentsa-saltzailearekin, 60 urterekin gaztelaniaz trakets aritu arren euskaraz hitz egiten ez duen kaleko euskaldun atzenduarekin, kafea hartzen duzun ostatua gaztelaniaz betetzen duten arren ia denek primeran ulertzen duten funtzionario, komertziante eta jubilatuekin… norekin ezingo duzu euskaraz hitz egin baldin eta zure herrian %20 besterik ez bada ulertzen ez duena?
Aguraingo “Nik 75” kanpainak astindu gaitu orduan, “baina hauek zeuzkatek barrenak… Agurainen 75 ordu euskaraz bizi?” Eta bai, zeren eta Agurainen euskara ulertzen omen du… %55ek! Hernanin ez banuen espero %20 bezain gutxi izatea euskara ulertzen ez dutenak, Agurainen ez zitzaidan burutik pasako %55ek ulertzea, Jainkoak daki zein sorpresa aurkituko nukeen Barakaldon… Zalantzarik gabe, Aginagan kale-baserritarra jaio nintzen honi maizter-konplexuak baldintzatu dit orain arte jokabidea, baina Euskal Herritik okerreko mapekin bidaiatzeak ere bai.
Aztiker kooperatibako soziologo bati eskatu diot laguntza, nire herritik bidaiatzeko mapa berriak behar ditudalako, eta hasteko hau: ehunekotan, gure herrietan zenbat jende dira euskara ulertzeko gauza? Horrela prestatuak dira kronika honekin doazen kartak.
Euskarari kolorea aldatu zaio
1. mapa –kronika honen hasieran doana– bilakatu da niretzat tresna nagusia. Biltzen ditu ezagutzaz Soziolinguistika Klusterraren EDB Euskararen Data Baseak dauzkan daturik berrienak: euskaraz hitz egiteko gai ziren herritarrak gehi ulertzen zutenak 2011n EAEn, 2001ean Nafarroan (herri handienetan 2011n eguneratuak) eta 2011n Iparraldean lurraldeka, hemen ez baita ez udaletako eta ez eskualdekako informaziorik.
Ezagutza maila bakoitzari eman diogu 1979an Euskaltzaindiak plazaratutako Hizkuntza Borroka Euskal Herrian liburuaren azken orrietako mapen kolore bera, gero begirada errazeko alderaketak egin ahal izateko: gorriz %80-100, hori-laranjaz %60-80, urdinez %40-%60, berde ilunez %20-%40 eta berde argiz %0-20.
Niri begiek esaten didate, laburrean, Gipuzkoan ia denetan ulertzen dutela %80 baino gehiagok, ez da ez herri eta ez hiri bakar bat (Eibar, Irun, Donostia, Errenteria…) %60 baino gutxiagok ulertzen duenik. Bizkaia gehiena ere gorri edo hori, eta nire harridurarako, Bilbo eta Ezkerralde osoa ere urdin, %40tik gorak ulertzen dute. Txundituta Arabak utzi nau: ia osorik urdin (%40-60), Errioxako herri batzuk barne!
Nafarroa Garaiak azken urteotan Arabarekiko hartu duen atzerapena bistakoa gertatu arren, harrigarri gertatu zait zenbat herritan (Iruñea eta ingurukoak, Lizarra eta Tafallaz gain) gainditzen den %20ko marra. Iparraldean, Zuberoa eta Nafarroa Behereak osotasunean harturik %60ko marra gainditzen dute oraindik, eta ez dakigun arren nola dabiltzan barneko hiri erdaldunenak (Maule, Donapaleu…) ez dirudi esajeratua horietan ere %40 gaindituko dutela pentsatzea. Lapurdikoa… beste upeleko ardoa da: Itsasu edo Sara bezalako herriak eta Angelu-Miarritze-Baiona ezin dira parekatu, baina media %20-40 artean ibiltzeak euskaraz bizi nahi duenari ematen dizkio pistak.
Seguru mapa honi aitzakiarik jarriko zaiola. Esaterako, zenbat ulertzen du “ulertzeko gai” dela aitortzen duen herritarrak? Baina, oro har, “Egia ereduko herritarren Euskal Herria” karta harturik (Interneten ipini dugun bertsioan xehetasun handiagoz ikus daitezke herriak) sentitu dut anitzez lasaitasun handiagoa euskaraz hitz egiteko edonori edonon, jakinda zenbat probabilitate dauzkadan “no te endiendo nada” entzuteko leku bakoitzean.
Soziolinguistikaz dakitenek aspalditik dakizkiten datuak izan arren, ni oraindik nire buruari galdezka nabil nola ez naizen egoera honetaz jabetu lehenago. Esango nuke errealitatearen irudi okerra eduki dudala nire bizitzan zehar. “Egia ereduko herritarren Euskal Herriak” harritu nauela oso urrun dagoelako nire buruan neukan mapatik. Hau posible baldin bada, posible baldin bazen atzo bertan ere... zein maparekin ibili naiz, ordea, orain arte? Euskal Herriaren zein okerreko mapak baldintzatu du euskaltzale kontsekuente moduan bizitzen ahalegindu naizen honek erdara hainbeste erabiltzea?
Soziologoarekin solasean, beste mapak probatuz, iruditu zait nire buruan euskara ulertzen duen Euskal Herriaren kartak irudikatzen zuela gutxi gorabehera duela 15 urte 1996an euskara hitz egiteko gai zirenena.
Ikusi 2. mapa... “Horrela bai”, horrela bizi izan naiz ni azken urteotan, oharkabean beti kalkulatuz gutxi gorabehera leku bakoitzean (Lekeition, Barakaldon, Orexan, Agoitzen…) zenbat egon zitezkeen nire komunitatekoak, txikitatik euskara hitz egin dutenak gehi eskoletan ikasita hitz egiten dutenak gehi gau eskoletatik ateratako euskaldunberri militanteak… Horrela nola ausartu, ez dut esango Bilbon, edo Irunen… nola ausartu Donostian edo Agurainen?
Gu zahartu eta euskara gaztetu
Baina aurkeztu didate Egiatar bizitzen ahalegintzeko beste mapa argigarriago eta are itxaropentsugo bat, hemen doan 3. grafikoa: 35 urtetik beherako gazteen artean euskara ulertzen dutenen karta.
Begiratu EAEk zer kolore hartzen dituen. Baskongadak ia erabat gorri! 2. grafikoa ikusirik, nola galdetu edo erantzungo diot gaztelaniaz Bizkaia, Araba edo Gipuzkoako gazte bati? Zuberoa eta Nafarroa Beherea, gainbehera doazen arren, oraindik urdin, Lapurdi bera eta Nafarroako herri asko berde ilun (%20-40)…
Euskara 2017an zenbatek ulertzen duten laster jakingo da, estatistika berriak martxoan plazaratzean ikusiko da urteotako aurrerapena. Oraingoz 2001 eta 2011ko datuekin Euskal Herriak daukan benetako itxura hori ikusita… zer gertatuko da Egiako aitzindarien gibeletik zientoka batzuk eta gero milaka euskaldun ari baldin bagara euskarari eusten gure egunerokoan?
Gaztelaniadun monolingueei kontrako pisua egin ziezaieketen euskaldun elebakarrak aspaldi galdurik, gaztelaniaz baino askoz errazago euskaraz mintzo ziren gure gurasoak hiltzen, hedabide espainol eta espainolduen uholdean gero eta ugariagoak dira gaztelaniaz aiseago ari direnak eta haien umeetako asko D eredu onenetan heziak izanagatik berehala pasatzen dira gaztelaniara eguneroko bizitzan.
Urrunegi joatea ote da esatea Egiatarrok eragina eduki dezakegula alde guztietatik erasotzen duten euskararen oreka pittin bat berreskuratzen, hiztunetan asko ahuldu den nukleo gogorra sendotuz? Edota hori dela bide ia bakarra gaztelaniaz bizitzera kondenatu nahi gaituzten kolore politiko guztietako gure lagun ustez euskaltzaleen jarduera aldarazteko?
Egia aitortzeko, euskararen etorkizunagatik baino gehiago nire interesez ari naiz Egiatar bizi nahian. Ohartu naiz nire jokabidea ez aldatzekotan hilko naizela zaintzaile erdaldunarekiko errespetuz azken urteak gaztelaniaz ematen dituzten gure zaharren moduan. Eta euskaldun oso bizi nahi nituzke nire azken urteak. Amikuzen eta Agurainen erakutsi didate lor dezakedala.
Euskararen biziberritzeari buruz asko hitz egiten ari azken urteetan eta horren inguruan ari da lanean Euskaltzaindiko talde bat. Talde horretan dago Jon Sarasua ere eta galdetu diogu zeregina zertan den. Galdetu diogu, halaber, udaberrian idatzi zuen Puprilusoko artikulu... [+]
IB3 telebista publikoaren neurria "katalanaren aurkako erasotzat" jo dute katalanaren normalizazioaren aldeko zenbait eragilek, eta "berehalako zuzenketa" eskatu dute. Zuzendaritza aldaketa izan da berriki kate publikoan, PP eta VOXen botoei... [+]
Zientzia-dibulgazioa saritzeko erreferentziazko sariak izan dira CAF-Elhuyarrekoak. Antolatzaileek 31. edizioa martxan zegoela etetea erabaki dute, "sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako".
Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu
Euskararen balizko etorkizunari buruzko ikerketa bat ezagutzera eman da berriki, eta zalaparta eragin du bertan irudikatzen den paisaia beltzak. Asaldamendu hori auzitan jarriz abiatuko dut nire ekarpena. Zergatik da harrigarria datu hori? Zein mundutan bizi gara, gure egoeran... [+]
Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]
Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]
Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]
Lizarrako Udalak udarako antolatu dituen bost musika ikuskizunetan eta beste horrenbeste film emanaldietan bat bera ere ez da euskaraz izanen; datorren astean hasiko diren festen egitarauan haurrentzako ekitaldi bat dago euskaraz programatua, justu, erraldoi eta buruhandien... [+]
Hankak lurrean dituzte gure solaskideek. Euskalgintzaren eta herri mugimenduen joko-zelaian dabiltza etengabe eta eskarmentu horretatik hitz egiten dute euskarari eusteaz, hizkuntza zapalkuntza ez normalizatzeaz eta erdaldunengandik espero beharko genukeenaz. Gorka Torrek ez du... [+]
Gu gara euskara. Euskara gure baitan bizi da. Guk biziarazten dugu. Euskara bizi dugu eta euskarak bizi gaitu. Guk elikatzen dugu eta gu elikatzen gaitu. Euskara gara. Euskara egiten dugunean euskarak egiten gaitu. Guk dugu, euskarak gaitu.
Euskararik gabe ez gara, eta hori... [+]
Euskarazko B2 maila dutela ez ziurtatzeagatik Eibarko Egogain zaharren egoitzako lan eskaintza publikotik kanpo utzi zituzten bi langileen alde ebatzi du Donostiako Lehen Auzialdiko 3. Epaitegiak, CCOOk jakinarazi duenez. 2024ko urrian, Gonzalo Pérez Sanz epaileak... [+]
Europar Batasuneko estatu kideen gehiengoak atzera bota du euskara, katalana eta galiziera EBn hizkuntza ofizialak izateko eskaera. Finantzazio eta arlo legalean hainbat "zalantza" dituztela plazaratu dute.
Igande goizean elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herrian Euskarazek deituta, Geldi euskara zapaltzea! lelopean.
UEMAk antolatuta egin dituzte kontzentrazioak larunbat eguerdian, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epai euskarafoboaren aurka eta euskararen alde. Euskara “benetan” babesteko “adostasun sendoak” eskatu ditu UEMAk, “euskarak eta euskaldunok... [+]