Euskadi euskararen aurka?

  • Arabako Iruina-Veleia aztarnategi arkeologikoan, besteak beste, euskarazko idazkunak dauzkaten pieza batzuk agertu ziren 2005ean. Arkeologoek III-V mendeetakotzat jo zituzten. Euskal Herriko aurkikuntzarik handiena izan arren, Arabako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzan, 2008an idazkunak faltsutuak zirela ebatzi eta arkeologoak aztarnategitik bota zituen. Gero 2009an Gasteizko Epaitegian haien aurkako kereila aurkeztu zuen.


2015eko maiatzaren 13an - 12:26

(Politikariak gai al dira arazo zientifiko bat ebazteko, idazkun batzuk zein mendetakoak diren, zientzi laborategiek egin beharrean? Ondorioa begi-bistan dago: 6 urte daramatzate Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Epaitegiak eztabaida argitu gabe, inork ere ez baitu III mendeko euskara entzun. Orain, ordea, entzun ez, baina bada III mendeko euskara irakurtzeko aukera, idazkunak egiazkoak badira. Horretarako, zientzi laborategi batek hilabeteren buruan emango luke noizkoak diren emaitza; kirolarien dopin-kontuak, adibidez, zientzialariek biharamunerako ebazten dituzten bezala. Eta zientziak hitz egin eta gero, betoz Aldundiak, Unibertsitateak, epaileak eta hizkuntzalariak egin behar dutena egitera).

Kontu hau ez da arkeologo auzipetuen arazoa bakarrik edo Arabaren arazoa bakarrik, Euskal Herri osoaren arazoa baizik, euskararen historiaren froga batzuk arriskuan daude eta.

(III mendeko piezak, auzipean egon arren, betidanik Aldundiaren eskuetan egon dira, salatariaren eskuetan, haien egiazkotasunaren aurkari baten eskuetan. Izan ere, maneiatu izan dira, pieza batzuen oraingo itxura eta hasierako argazkietan zutena ezberdinak dira eta. Ez ahal zaie ezbeharrik gertatuko!).

Piezei azterketa zientifikoak egitea eskatu zuten betidanik arkeologoek. Aldundiak, aitzitik, ez du behin ere nahi izan idazkunei data emateko azterketak egiterik, beharrezkoak ez direla argudiatuz, “grafitoak faltsutuak direlako”.

(Aldundiak bere iritzia eskaintzen du frogak “frogatzeko”).

Arkeologoek beste eskaera bat ere egin zuten hasieratik: pieza gehiagoren bila jarraitzeko, egiaztatzeko indusketak egitea. Aldundiak, ordea, arkeologoak kanporatu ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateko arkeologiaren irakasle bati eman zion aztarnategiko zuzendaritza. Zuzendari berri honek ez du egiaztatzeko indusketarik egin, ezta hurrik eman ere.

(Harrigarria da, batetik, auzipean dagoen edo “krimen-gertalekua” izan omen den aztarnategia irekita eta lanean egotea; eta bestetik, zuzendari berria 2008an idazkunak faltsutzat jotzen zituzten bi txostenen egilekidea izatea, txostenak Aldundiak erabakia hartu baino 15 egun geroago aurkeztu zituzten arren. Zuzendari berri honek, aztarnategira sartu bezain azkar, hondeagailu bat erabili zuen 6.000 m3 lur kentzeko. Hondeagailua erabiltzea ere! non eta aztarnategi arkeologiko batean!! auzitan, gainera!!! Lur hartan froga gehiago egon balitz, denak betiko galduko ziratekeen. Bestalde, orain euskarazko pieza gehiago agertuko balitz?)

Azkenean ere! 2012an piezen azterketa zientifikoak hurbil zeudeneko itxaropena sortu zen: epaileak (IPCE) Espainiako Kultur Ondarearen Erakundeari pieza batzuk ikertzeko agindu zion eta. Baina ustel atera da, IPCEren txostena lotsagarria da eta.

(III mendean pieza zeramiko batzuk lurpetu ziren eraikin baten erortzeagatik. Geroago Iruina-Veleia hiri osoa ere suntsitu zen abandonaturik, poliki-poliki lurrez estali eta azkenean hiria lurpetuta geratu zen. Mendeetan zehar lurraren osagaiek eraginez, pieza lurpetu haien azalei zarakarra atxiki zitzaien. 1.800 urte geroago, 2005ean arkeologoek pieza haiek aurkitu zituzten. Eta aurkikuntza jendaurrean aurkeztu zutenean, pieza haietako idazkunak, batzuk euskaraz, eztabaidan nahasi ziren, eta 2009an Gasteizko Epaitegira sartu ere.

Hiru urte geroago (arkeologo salatuek eskatu baino hiru urte geroago!) azkenean, epaileak (IPCE) Espainiako Kultur Ondarearen Erakundeari pieza batzuk aztertzeko agindu zion. IPCEren txostena, berriz, alferrekoa izan da: pieza batzuen azalean gaur egungo metalak aurkitu dituela(!?). Oraingo metalaren bat zarakar azpian aurkitu balitz, zarakarra metalaren ondorengoa izango zatekeen; beraz metala eta zarakarra orain eginak: faltsutua izango zatekeen. Baina metal-aztarnak zeramikaren azalean edo idazkun baten azalean edo zarakar gaineko azalean agertzen direnez gero, zeramika, idazkuna eta zarakarra metalak baino lehenagokoak dira; faltsuketaren frogarik ez da.

Azaleko metalak eta aztarna guztiak mota askotako lanetan geratzen dira piezetan: lehen, lurpetik agertu zirenez geroztik, piezak garbitzean, neurtzean, idazkun estaliak ondo irakurtzeko zarakar puskak kentzean, argazkiak egitean, garraiatzean; gero, Aldundiak eragin dituen azterketak egitean eta abar.

Dena dela, kasu honetan ere ez zaie piezei data jarri; horretarako, epaileak IPCEri agindutako azterketa zientifikoak egin beharko zizkiekeen zeramikari, idazkunei eta idazkunen gaineko zarakarrari. Baina IPCEk ez dio epaileari obeditu, ez baitu ikerketa hori egin, azalaren miaketa hutsa baizik; lotsagarria).

Kontu honetan larriena arkeologo salatuen egoera da: sei urtez (oraingoz) Arabako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta euskal hedabideek kriminalizatuta, langabezian (noski) jarraitzen dute, ez fiskalak ez epaileak akusaziorik egin ez duten arren. Lehenago edo geroago agertuko da nonbait oraingo idazkunak egiaztatuko dituen zerbait, baina bitartean zuzengabekeria da salatuei, akusatu izan gabe, egoera hau jasanaraztea. Beste kasu batzuetan bezala, honetan ere erakunde politiko batek, arazo bat (noren arazoa?) konpontzeko gaitasunik ez duenean, zientziak aztertzen utzi beharrean, Epaitegira igorri du... eta eman urte luzeak! Duela sei urte hasita, auzia geldituta bide dago, epaileak auzigai dagoenetz erabakiko duen zain, akusatuko ala artxibatuko duen.

(Eta auzirik ez dago:

1.- Idazkunak gezurrezkoak zirela erabakitzeko, Arabako Foru Aldundia ez zen oinarritu bazeuzkan froga ukigaietan, pieza arkeologikoetan, teorietan baizik. Aldundiak ez zuen nahi arkeologoek berek eskatzen zituzten noizkoak diren ebazteko azterketak egiterik, baizik eta aditu batzuen teorien txostenetan oinarritu baitzen.

Gainera, ez da egia txosten horietan oinarritu zenik, idazkunak faltsutzat jotzeko erabakia hartu zuen egunean, Aldundira hizkuntzalari baten txostena bakarrik sartua zelako; beste guztiak, aldekoak eta aurkakoak, erabakia hartu ondoren iritsi zitzaizkion.

2.- Piezak epaiketarako alferrak dira, Epaitegiaren babespean gorde beharrean, beti Aldundiaren eskuetan egon direlako, eta maneiatu izan direlako.

3.- Espainiako Kultur Ondarearen Erakundearen txostenak ez du egiazkotasuna ala faltsutasuna ebazten, epailearen agindu zehatzak bete gabe, azalaren miaketa hutsa bakarrik egin du eta).

 

 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude