Imanol Amundarain eta Gorka Laurnagari erantzuna

  • Azken asteetan aldizkari honetan bertan izan diren bi artikuluri jarraika gatoz gaurkoan, batetik AEBetako energia berriztagarrien sektorean lan egin eta bertan bizi den kideak idatzirikoa (Imanol Amundarain) eta bestetik aspaldian ezkerreko alderdi progresisten tesiak defendatu eta “berriztagarrien” aurkako mobilizazioak gutxiestera datorren kideak idatzitako artikuluari (Gorka Laurnaga).


2025eko abenduaren 5ean - 10:27
Azken eguneraketa: 11:37
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Zaila egiten da gaur gaurkoz oraindik Laurnagaren idatzian aipatzen den trantsizio energetikoaren gaineko kontsentsu horren espresio praktikoak aurkitzea. Mendebaldeko potentzia ekonomiko nagusien gainbeherak berarekin dakartzan bi fenomeno aztertuta, agerian gelditzen da balizko kontsentsu horren izaera diskurtsiboa: aurrera eramaten ari diren gerraren aldeko politikak, berrarmatzea bera kasu, eta egungo ataka ekologiko larri honetatik ateratzeko instituzioek erakutsi duten ezintasuna.

Bi elementu horiek agerian uzten dute instituzioetan larrialdi klimatikoaren auzia abordatzeko utzikeria eta ezintasuna daudela eta argi esan beharra dago gerrarako prestatzea bada gaur egungo botere-estrukturen apustua, horrek bere espresio guztietan egungo larrialdi ekologikoan sakontzen jarraitzea esan nahi duela. Ez da posible auzi klimatikoari aterabide bat eman nahi izatea gerraren aldeko apustu argia egiten ari den bitartean; hori hitzontzikeria baino ez da.

Larrialdi ekologikoaren aferari erreparatzen badiogu, argi izan behar dugu auzi hau ez dela berria, 1970. urtean jada zientzialariak hasiak baitziren hazkunde ekonomikoaren norabidean jarraitzeak izan zitzakeen ondorioez ohartarazten. Azken urteetan ordea, bat bateko urgentzia klimatikoa argudio moduan erabilita, herritarroi makro mailako berriztagarriak inposatu nahian ari dira. Diskurtsotik haratago, ordea, ezintasun horren erakusle dira, esaterako, 2025ean mundu mailan 9 muga biofisikotatik 6 gainditzetik 7 gainditzera pasatu izana edota MMEren (Meteorologiako Mundu mailako Erakundea) arabera 1960an 0,8 ppm CO2 isurtzetik, 2011-2012 urtean atmosferara 2,4 ppm CO2 isurtzera igarotzea eta 2023-2024an 3,5ppm CO2 isurtzera pasatu izana. Bilakaera oso kezkagarria, zalantzarik gabe.

Makro mailako berriztagarrien zabalpen masiboa aurrera eramatea xede dutenek sarri erabiltzen duten beste argudio bat ere aurkitu dezakegu idatzian, jatorri berriztagarriko energia iturriek hidrokarburoenak ordezkatzeko duten gaitasuna. Baina azter dezagun zer den diskurtsoa eta zer errealitatean gertatzen ari dena.

Egun mendebaldeko herrialde indartsuenak zailtasun ekonomiko handiak pairatzen ari dira, AEBek esaterako bere zorra izugarri handitu dute oso denbora gutxian, 37 billioiko zorra du (BPG %123) momentu honetan eta 5 hilabetero billioi bat hazi da bere zorra azken hamarkadan. Europa, berriz, hazkunde ekonomiko oso ahula erakusten ari da bere potentzia ekonomiko handienetan: Alemaniak, esaterako, 2025a %0,3ko hazkundearekin amaitzea aurreikusten du.

AEBetako hazkunde ekonomikoaren %92a datu zentroen garapenari dagokio

Gauzak honela, AEBak eta Txinak gidatutako aurrekaririk gabeko Adimen Artifizialaren garapen izugarria bizitzen ari gara. AAren garapenak behar material eta energetiko batzuk dakartza berekin, horietako bi dira esanguratsuak analisi honetarako: datu zentroak eta horiek haiekin dakarten elektrizitate kontsumo handia –ezin da ahaztu ur kontsumo handia dutela–. Hazkunde ekonomikoaren terminoetan hitz egiten badugu, AEBetako hazkunde ekonomikoaren %92a datu zentroen garapenari dagokio; honek agerian uzten du teknologia honen garrantzia zenbaterainokoa den. Gurean jada datu zentro erraldoiak ezartzeko proiektuak mahai gaineratu dira, Merlin eta Iberdrolak aurrera eraman nahi dutena 300 MW, Solaria 200 MW eta Nostrum 30MWkoa, esaterako. Honek agerian uzten du

Gurean jada datu zentro erraldoiak ezartzeko proiektuak mahai gaineratu dira (...) Arabako elektrizitateko kontsumo guztiaren ia bikoitza izango lukete hiru datu zentro horiek

elektrizitate behar handia aurreikusten dela datu zentro horiek hornitzeko; konparaketa gisa, Arabako elektrizitateko kontsumo guztiaren ia bikoitza izango lukete hiru datu zentro horiek. Makro mailako “berriztagarriak” enpresa pribatuen interesak bermatzera datoz –datu zentroak adibide garrantzitsu bat dira, baina ez bakarra–, hori bai, diskurtso berdez jantzita. Argi izan behar dugu inposaketa honek ez duela zerikusirik trantsizio energetikoarekin, ez auzi klimatikoarekin, eta are gutxiago larrialdi ekologikoarekin.

Bestalde, ezin dugu aipatu gabe utzi, beste behin (Mikel Oterori erantzuna idatzian ere azaldu genuen), EAE eta Nafarroako datuak bereizita aurkeztea oso interesatua dela. Biak batera kontuan hartuz gero, instalatuta dagoen berriztagarri kopuruarekin Europako bataz bestetik oso gertu baikaude. %44,57 da Hego Euskal Herrikoa eta %44,7ko Europakoa. Hau hobeto azaldu genuen aipatutako artikuluan.

Amaitzeko, eta Imanol Amundarainen idatziari aipamena eginez, alternatibak aurkeztearen beharraz pare bat kontu esatea oso garrantzitsua deritzogu. Momentu honetan ez dago egungo larrialdi

Irabazi ekonomikoen logikaren arabera gizartea antolatzeari uzten ez diogun bitartean, ez dugu larrialdi ekologikotik ateratzea lortuko

ekologikoari aurre egiteko gai dela erakusten ari den proposamenik mahai gainean, kontrara, larrialdi ekologikoan sakontzen jarraitzen dugu eta geroz eta abiadura handiagoan gainera. Norabide honetan guk argi dugu egungo eredu ekonomikoaren gaindipena ematea ezinbestekoa dela, hau da, irabazi ekonomikoen logikaren arabera gizartea bera antolatzeari uzten ez diogun bitartean ez dugula inolaz ere egungo larrialdi ekologikotik ateratzea lortuko. Beraz, horren keztatuta bazaude, utzi AEBetako enpresa pribatuen interesak defendatzeari eta hasi lurraren defentsan dihardugunoi begirune gehiagorekin hitz egiten, gu baikara enpresa eta instituzioen interesei aurre egin eta gure burua lehen lerroan jartzen ari garenak ataka larri honetan.

Lurraren denfentsan, Euskal Herria Bizirik

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude