Urteurrenetik haratago


2025eko abenduaren 5ean - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Franco hil zenetik 50 urte pasa badira ere, aurrera darrai bere ondareak. Hego Euskal Herrian halabeharrez eta indarrez azpiratuta biziarazten gaituen estatuaren formari eta bere instituzioei erreparatu besterik ez dago, hauek berak markatutako bide-orriaren jarraipena direla konturatzeko. Ez zen gauzatu apurketa demokratikoa. Lapurtu egin zioten garaipena herri langileari. Ustezko trantsizioaren estalkipean, inpunitatea eta kontinuismoa izan ziren garaile, sobera ezagunak ditugun askoren kolaborazio eta isiltasun konplizea medio. Horrela, frankismoak, desagertu beharrean, espainiar erresumaren erroan bizirauteko aukera paregabea izan zuen, estatuaren DNAren parte banaezina izateko punturaino. Erregimen aldaketa gisa saldu zutenak erdigune inperialistako ustezko demokrazientzat onargarria izan zitekeen itxura hartu zuen, hauek azkar asko eman ziotelarik labela.

Noiz arte jarraituko dugu fartsarekin, ordea? Noiz arte egongo gara bestaldera begira, askapenaren egikaritzea hurrengo egunerako uzten?

Aitzitik, ez dezagun 50 urtez elikatu duten gezurra irentsi. Boterea odolez hartu zuen diktadorea estatu buruak berak izendutako eta inork hautatu gabeko erregeak ordezkatu zuen, besapean demokrazia ekarri zuelako leloa mila aldiz errepikatuta. Eta horrela, gauzak aldatu egin ziren, denak berdin jarrai zezan. Euskal Herria ukatuta. Bere nazio izaeraren aldarrikapena baztertu eta kriminalizatu beharreko separatisten posizio politiko gisa aurkeztua. Euskararen egoera, itsasaldia bezala, Madril zein bere instituzioen eskutik ematen diren oldarraldien menpe. Izan ere, muga da konstituzioa, Euskal Herri Langilea sumituta eta azpiratuta mantentzen duena. Langileon miseria eta esplotazioa betikotzen eta handi-mandien mozkinak bermatzen dituena.

Baina, noski, badago zapaltzen gaituztenek inposatutako instituzioen eskutik alternatibak eta askatasuna lortuko dugula saldu eta sinisten duenik. Beraz, lasai egotea dugu. Erreformak geldoak badira ere, bere bidea hartzen ari direla esaten digute batzuek. Baretasuna eta otzantasuna izan behar dira nagusi, antza. Badirudi ez dela hainbeste igaro 1978ko abenduaren 6tik. Noiz arte jarraituko dugu fartsarekin, ordea? Noiz arte egongo gara bestaldera begira, askapenaren egikaritzea hurrengo egunerako uzten? Batzuek konstituzioaren eguna urteurrenera mugatzen duten bitartean, beste batzuok Durangon izango dugu hitzordua abenduaren 6an, apurketa demokratikoaren eskutik ibilbidea egiten hasteko eguna iritsi baita jada. Amaitu egin behar dira itxurak eta hitz hutsak. Euskal Herri Langileak lepoan duen uztarria kentzeko eta bere ibilbidea jorratzen hasteko garaia da.

Intzara Mendinueta Lazkoz, Jarki Antolakunde Iraultzaileko militantea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin