Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Gehiago' hitzari gizakiok lotu diogu egungo bizimodua mantentzea eta garapen espektatibak betetzea.

Bada pisua neurtzeko antzina erabiltzen zen tramankulu bat, balantza. Modu oso bisualean alde batean pisu gehiago jarrita, bestean gutxiago geratzen zela erakusten zuena. Ideia hori buru askotan inprimatuta geratu zen. Beharbada, holako ideia sinplea da kapitalismoaren atzean dagoena, gehiago edo gutxiago izatearen borroka etengabean.

Behar den gehiago hori neurtzeko modua oso ezberdina izan da garaiaren arabera eta garaian-garaiko zibilizazioak formateatzeko erabili izan diren eredu zibernetikoen arabera. Azken asteko berriak entzunda, izan behar den gehiago horietako bat datua dela dirudi. Australian, gizartean hezkuntza digital kritikoa landu beharrean, eta adingabeentzat sare sozialetara sarreraren debekua gurasoen eta gazteen eskutan jarri beharrean (erraza ez den lana), korporazioen bitartez ezartzea erabaki dute. Sare sozialen jabeei eskurago jarri diete euren erabiltzaileen datu pertsonal gehiago jasotzeko aukera: haien identitatea eta adina ziurtatuko duen NANa esate baterako, eta horrek bere baitan duen informazio guztia.

AEBetan, mundu osoan etsaiak sortzeko lana ez da eten, eta hainbeste etsai sortuta, mundu osoa mehatxutzat hartu du. AEBen mehatxu potentzial den mundu guztiari buruz jakiteko grina hazten doa, duten eredu zibernetikoa atomiko bilakatuz: pertsona guztien datu pertsonalak ez ezik, mundu ikuskerak ere ezagutu nahi dituzte. Baloratzen ari dira AEBak bisitatu nahi duen orori eskatzea azken bost urteetan erabilitako telefono zenbaki ezberdinak (pertsonalak eta lanekoak), azken hamar urteetan erabilitako posta elektroniko kontuak, igotako argazkiaren IP helbidea eta metadatuak, familiakoen izenak, jaiotze data eta jaiotze herria, familiakoen telefono zenbakiak azken bost urteetan, senideak non bizi diren, datu biometrikoak (aurpegia, hatz-aztarna, irisa, DNA).

Gehiago izatea baldin bada gutxituak izan diren herrien mendekuaren beldur bizitzea, nahikoa eta bidezkoa denarekin bizitzea bilatu beharko genuke. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude