“Ebaluazioa ez da kontrol tresna, baizik eta hobetzeko tresna”

  • Ikasleak eta irakasleak ebaluatzeaz, konpetentziak ebaluatzeko “erronka handiaz”, Adimen Artifizialak ebaluazioan duen eraginaz eta orokorrean ebaluazioaz gogoetatzeko kongresua antolatu du Eusko Jaurlaritzak. Antolakuntzan dagoen Jasone Cenozekin hitz egin du ARGIAk.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua eta Jasone Cenoz, kongresua aurkezten. Irekia.eus

2025eko azaroaren 27an - 08:10
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

2026ko martxoaren 9 eta 10ean, Bilboko Euskalduna Jauregian, Hezkuntza Ebaluaziorako Nazioarteko Kongresua antolatu dute, aditu, hizlari eta gai ugarirekin, denak ebaluazioaren bueltan. Gaiaz aritu gara Jasone Cenoz EHUko katedradunarekin.

Orokorrean, zer moduz ebaluatzen da Euskal Herriko ikastetxeetan? Kalifikazio tradizionaletik konpetentziakako ebaluaziorako saltoa nolakoa izaten ari da?

Aldaketa sakona da eta nahiz eta aurretik urratsak eman diren (errubrikak, autoebaluazioa, ahozko probak, portfolioak…) trantsizioa ez da erraza; gainera urrats horiek ez dira orokorrak izan. Konpetentzietan oinarritutako ebaluazioa erronka handia da, baina guztiz beharrezkoa, ebaluatu behar delako informazioa nola aukeratu eta horrekin zer egin.

Baina ikasle, irakasle eta gurasoen artean ez al dago oraindik nahaste-borraste pixka bat, konpetentziaka jardun eta ebaluatu behar honetan?

Neurri batean bai, eta horretarako ere garrantzitsua da kongresua, izango diren hizlari, aditu, ikerketa eta gogoetez gain, balioko duelako entzuteko, ikastetxeek partekatzeko dituzten kezka, arazo eta eztabaidak. Horretarako, besteak beste, posterren deialdia zabaldu dugu eta ikastetxe eta unibertsitateek beren esperientziak bidali ditzakete. Azken finean, Hezkuntza Sailak jakin behar du zein arazo eta kezka dauden, gero horri erantzuteko eta formakuntzak antolatzeko.

"Irakasleak ebaluatzeaz ere hitz egingo dugu kongresuan. Ebaluazio hori nola egingo den eta zertarako erabiliko den, gardentasuna funtsezkoa da"

Aditu ugari ekarriko dituzue kongresura. Funtsean, ebaluazio on baten gako nagusiak aurreratzerik bai?

Besteak beste, ongi jakin behar da zergatik eta zertarako egiten den ebaluazioa. PISA eta halako kanpo-ebaluazioen emaitzak asko ageri dira hedabideetan, baina ebaluazioa gehiago da irakasle eta ikasleen artean egunerokoan dagoen feedbacka, feedback eraginkorra, ikasleak bere ikas-prozesuaren garapenari buruzko informazioa izan dezan aldiro, eta irakasleak berak ere jakin dezan nola egiten ari den. Alegia, nondik jo, zer hobetu… Ebaluazioa ez delako kontrol tresna bat, baizik eta hobetzeko tresna bat, ikas-prozesua nola hobetu jakiteko. Gaitasunak, gainera, ikuspegi askotatik neurtu daitezke eta horretarako proba ezberdinak erabili daitezke: proiektu bidezkoak, ariketa praktikoak, idatziak, ahozkoak… panorama osatuagoa izateko baliagarri. Eta ikaslearen ahotsa entzutea ere inportantea da, autoebaluazioa eta koebaluazioa tarteko.

Irakasleak eta ikastetxeak ebaluatzeaz ere hitz egingo da kongresuan. Kezka sortu ohi duen gaia da, zeren nahiz eta aipatu duzun ebaluazioak izan behar duela hobetzeko tresna, sarri kontrol tresna gisa ulertzen dugu.

Gai delikatua da, baina kongresuan hitz egingo dugu horretaz, bai, ez dakit gero hori martxan jarriko den. Unibertsitatean ohituta gaude irakasleak ebaluatzera; ikasleek ikasturtea ebaluatzen dute –ikasleak jada helduak direla ere kontuan hartzekoa da–, baina hori da irakaslea ebaluatzeko irizpideetako bat, beste askoren artean. Erresuma Batuan adibidez, ikuskaria sartzen da gelan eta ikusitakoaren arabera ondorioak ateratzen ditu, baina bestelako modu egokiagoak eztabaidatu beharko genituzkeela uste dut, denon artean adostuta. Helburuak izan behar luke irakasleari gogoetarako bide ematea eta bere lana hobetzeko lagungarri izatea, ez kontrolatzeko tresna izatea. Ebaluazio hori nola egingo den eta zertarako erabiliko den, gardentasuna funtsezkoa da.

"Entregatutako lanetan, edukiari lotuta Adimen Artifiziala zein neurritan erabili den ez jakiteko beldurra egon badago, unibertsitatean ere gertatzen ari da"

Bereziki hizkuntzetan duzu zuk esperientzia handia. Hizkuntzen ebaluazioak badu berezitasunik, gainerako materiekin alderatuta?

Arlo honetan ere gauzak aldatzen ari dira eta pixkanaka ari gara pasatzen hizkuntza batean edo bestean daukagun gaitasuna bakarrik neurtzetik neurtzera baita ere gaitasun eleaniztuna, nola konpontzen diren ikasleak hizkuntzen arteko interakzioetan, eta horri ere, hizkuntzen ebaluazioari, helduko diogu kongresuan.

Adimen artifiziala aipatu duzue kongresuaren aurkezpenean. AAk ebaluazio moduak aldatuko ditu, ezinbestean?

Nola erabili AA gure alde, irakasleok kontrolatzen dugularik eta gure lanaren lagungarri, eta ez alderantziz. Hori da gakoa. Azken finean, potentzial handia du AAk, azterketak eta errubrikak prestatzeko, feedbacka lortzeko edota batez ere bai ebaluazioa eta bai oro har ikasketa pertsonalizatzeko. Formazio handia behar da gai honetan. Eta hizkuntza ere aldagai bat da, euskaraz badituelako mugak AAk.

Baina ebaluazioari lotuta, mamu handienetako bat da ez jakitea ikasleek ikastetxean entregaturiko lanak zein neurritan egin dituen ikasleak eta zein neurritan AAk.

Beldur hori badago eta unibertsitatean ere gertatzen ari da, kezka handia dago. Ikaslearen lana hobetzeko AA baliatzea ona izan daiteke, hizkuntza zuzentzeko, lana apur bat editatzeko… baina edukiari lotuta zein neurritan erabili den AA, hori arazo bat da. Erronka bat da eta ikuspegi eta gaitasun kritikoak inoiz baino gehiago behar ditugu, baina baita irakasleak AA erabiltzen duenean ere.

Kongresuaren inguruko nondik norakoak, lotura honetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2025eko azaroaren 26
Saioa Mujika Sierra. Pedagogia mugimenduan
"Herritartasuna bueltatu behar diegu, hori da umeekin daukagun zorra"

2025eko azaroaren 14
Iñaki Alegria Loinaz eta Amaia Torrealday Galarreta ikerlariak
"Oso garrantzitsua da administrazioak onartzea euskara zientzia hizkuntza bat dela"

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.