Iragan udazkenekoa dugu liburua: Euskarazko izenak erromatar garaiko aldare eta hilarrietan (Nabarralde, 2024). Historiara jo du berriz Juan Martin Elexpuru idazle eta filologoak, eta argira ekarri euskarak epigrafian egina duen bidea, utzia duen aztarna, orain artean inork egin ez bezala.
Liburuari sarrera eginez diozunez, hutsune bat betetzeko asmoz burutu duzu lan hau.
Bai. Izan ere, erromatar garaiko euskal izenen gaia lehen lerroan egon da beti, euskararen historiaz arduratu direnen artean, gutxienez behintzat. Asko idatzi da horretaz, baina orain arte, nik dakidala, ez da argitaratu esku-liburu ganorazkorik, hau da, epigrafe ia guztiak transkribatuta eta argazkiak dituenik; bila daitezkeen neurrian, jakina. Liburu honetan, berriz, orain arte batzuek eta besteek esandakoaz aparte, epigrafeen testuingurua eta izen bakoitzaren balizko esanahia aztertzen saiatu naiz.
Epigrafiaz ari zara, material gogorretan egindako idazkunak aztertzen dituen zientziaz, alegia. Zer jakinarazten digu epigrafiak euskaldunoi?
Antzina, pergaminoan edo papiroan idazten zen gehienbat, baina material galkorrak izaki, orduko idatzi asko eta asko ez zaizkigu gure egunetara heldu. Material gogorretan grabatutakoak, berriz, iraun egiten du eta eskerrak horri informazio ugari jaso dugu antzinateaz. Euskararen kasuan idazle erromatar klasikoen testuetatik baino askoz gehiago heldu zaigu epigrafiatik, batez ere hilarri eta aldareetatik. Eta horiek biltzera jo dut nik liburu honetan.
Askotariko epigrafeak ditugu, txanponak, miliarioak, oroitarriak, ostrakak… zuk, hala ere, oraintxe aipatu dituzunak ekarri dizkiguzu liburura, aldare eta hilarrietakoak. Zer dela-eta?
Ugarienak direlako, askogatik. Eta bestelakoetan euskarazko izen oso gutxi agertzen delako. Hazparneko Harria, esaterako, bestelakoa da. Novempopulania-ren sorrera ospatzeko eraikitako harritzarraz ari naiz, inskripzio luze bat duena. Historia aldetik oso inportantea, baina euskarazko izenik ez duena. Herauscorritse jartzen duen Atharratzeko aldareak, berriz, euskal dibinitate baten izena dakar, eta interpretatzeko bidea ematen du hizkuntza aldetik zein beste ikuspegi batzuetatik.
"Negargarria da altxor [epigrafeak] horiekiko dagoen, dugun ardura falta"
Segurtamenez bezainbat zalantzaz ari gara idazkunen aurrean… Non ditugu epigrafeak zuzen-edo interpretatzeko zailtasunak?
Izen batzuk oso gardenak dira, Andere, Astoilun, Belsco, Bihotz edo Sesenco ikustean badakigu zeren aurrean gauden. Beste batzuekin zalantzak sortzen dira, handiak edo txikiak; Aherbelste jainkoa, ziur asko, egungo Akerbeltz da, eta Erditse jainkosa erditzera doazen emakumeen babeslea. Baina ziurtasun osoz ezin esan, hala ere. Bestalde, hainbat izen agertzen da, ziurrenik euskarazkoak izango direnak, ez baitira izendegi latindar, iberiar edo zeltetan agertzen, baina zer esan nahi duten ez dakigu. Esaterako, zer dira Acan, Ageio, Bambits, Toliandots, Xuban… eta beste hainbat izen? Ez dakigu.
Zer du Joakin Gorrotxategi filologoak aztertutako Akitaniak, beste zenbait eskualdek ez duenik?
Akitania oso handia da, eta Akitaniako parte batean, Goi Garonan, agertu da epigrafe gehien. Zaila da jakitea zergatik Convenatarren lurretan, Lugdunum Convenarum –egun, Saint-Bertrand-de-Comminges–, hiriburuaren inguruan agertzen diren ia euskal epigrafe guztiak, eta zergatik Landetan, Biarnon edota Ipar Euskal Herrian agertzen diren hain gutxi.
Euskarazko epigrafeen banaketa irregularraz ari zara, alegia. Zertan da banaketa hori? Non daude gorderik?
Liburuaren hasierako mapa batean azaldu dut banaketa irregular hori. Goi Garona eta ondoko Goi Aturri ibarretan 205 euskal epigrafe agertu dira, eta gainontzeko guztian –hau da, Gironda, Landak, Biarno eta Ipar Euskal Herria–, bost besterik ez. Eta suposatzen da eskualde horiek ere euskaldunak zirela. Hegoalde osoan 60 bat dira, Burgos, Soria eta Aragoi barne hartuta. Non dauden gorderik? Inon ere ez. Batzuk in situ daude, elizetako edo etxe partikularretako hormetan edo iturrietan ezarrita. Esku partikularretan epigrafe gutxi ere ez! Banaka batzuk Euskal Herriko museoetan ikus daitezke, baina oso gutxi.
Liburuan kontatzen duzunez, haiek ikustera urrutiko museoetara joan, eta batere ez dagoela ohartu zara...
Hori ere gertatu zaigu, bai. 2024ko udan Akitaniako museoak bisitatu genituen argazkiak ateratzeko asmoz, eta emaitza penagarria izan zen. Luchongo Sacaze museoan 25 bat pieza egon behar zuten, Eduardo Orduñak 2014an emandako datuen arabera, baina… museo hori itxita dago 2017az geroztik. Pentsatzen dugu han jarraituko dutela. Okzitaniako Tolosan ez genuen bakar bat ere aurkitu, nahiz eta teorian han mordoxka bat eduki behar zituzten. Eta Saint-Bertranden, berriz, hogei pieza egon behar zuten lekuan, bi bakarrik zeuzkaten. Negargarria da altxor horiekiko dagoen, dugun ardura falta.
Aspaldi ari dira ikerleak euskarazko epigrafeak lantzen, beren interpretazio bitxi eta guzti, esaten duzunez. Zein ditugu egile eta iturri fidagarrienak?
Gure lagun batek esaten du euskaldunak honi heldu ziotenerako, gaia oso zaharra zela. Bladé eta Dumège izan ziren XIX. mendearen erdi aldera “izen bitxi batzuk” aurkitu zituztenak, baina oraindik ez zituzten euskararekin lotzen. Handik laster, XIX. mendearen bukaeran, Sacaze eta Luchaire okzitaniarrak izan ziren epigrafeetan euskara ikusten lehenak. Hegoaldeari dagokionez, hortxe dugu Fidel Fita katalana. Koldo Mitxelenak garrantzi handia eman zien epigrafeei, eta gure denboran Joakin Gorrotxategi da autoritate nagusia. Euskararen Historia liburuko Euskara antzinatean kapitulua oso gomendagarria da. Aipatzea merezi duten beste batzuk, Koldo Larrañaga azkoitiarra, Eduardo Orduña aragoiarra, Eduardo Alfaro arkeologo soriarra, Eduardo Aznar ikerle fiteroarra, Luis Mari Zaldua gipuzkoarra –honek, adibidez, bederatzi euskal dibinitateri buruzko liburua egin du–, eta beste hainbat. Gaiaz arduratu direnen zerrenda oso luzea da.
"Gure historiako testigantza inportanteak eta langile profesional jator batzuk zakarretara bota dira"
Zer dela-eta egin diozu tarte berezia Irulegiko eskuari? Zorioneko gara, ala ez?
Askok badakite Iruña-Veleia auzian murgilduta ibili naizela eta nabilela, eta erreta ez, kiskalita nagoela. Gure historiako testigantza inportanteak eta langile profesional jator batzuk zakarretara bota dira. Eta Irulegikoan ere gauza berdintsua gertatzen ari zela sumatzen nuen, arbitroa berdina delako bi kasuetan. Aurkezpen egunean denak ziren zorioneku, baina handik urtebetera Fontes-en [Fontes Linguae Vasconum] bederatzi artikulu agertu ziren, aurrez esandakoa errotik aldatzen zutenak. Testua zaila da, onartu beharra dago, interpretazio desberdinak egon daitezke, eta ezer gutxi ulertzen dela esatea ere zilegi da, eta norbaitek zalantzan jartzen badu euskaraz dagoela, ba tira, esan dezala. Horra arte ondo. Baina ezin da egin tranparik irakurketan. Liburuan uste dut garbi frogatua geratzen dela sorioneku jartzen duela, hasieran irakurri zuten bezala, eta ez sorioneke, handik urtebetera aho batez aldarrikatu zuten bezala. Eta ez dira “irakurketa-akats” bakarrak. Gaiari buruzko status questionis moduko bat egin nahi izan dut. Bitxia da Irulegiko eskuarena. Izugarrizko boom mediatikoa izan zen, eta orain inork ez du hartaz gogoratu nahi.
“Oso narrasak izan gara gure ondarearekin, eta arlo honetan [epigrafia] are narrasagoak”, idatzi duzunez. Horretarainokoa dugu zabarkeria?
Pieza asko galduta dago. Antzinako argazki edo transkripzioren bat, agian, gorde da, baina piezaren arrastorik ez. Beste asko, esan dut, partikularren eskuetan daude. Baina lokalizatuta dauden epigrafeak museo edo leku batean biltzeko inolako ahaleginik ez da egin, ezta probintzia mailan ere. Euroeskualdea aldarrikatzeko elkartzen dira gure politikari eta kulturgile gorenak, baina sakabanatuta dauden piezak museo batean biltzea eta “balioan jartzea” ez zaie burutik pasatu ere egiten. Eta hara non Soriak erakusten digun bidea: Eduardo Alfaro urte honen bukaeran museo dotore bat inauguratzekotan da Santa Cruz de Yanguasen (Soria, Espainia), Tierras Altas eskualdean agertutako estelekin. Europatik lortu duen diru-laguntza baliatuko du horretarako. Museo horretan, besteak beste, euskarazko izenak dituzten dozena bat hilarri egongo dira. Eta piezen artean bada bat euskarazko esaldi osoa duena.
Han eta hemen barreiatuta dagoen materiala biltzea izan duzu asmoa, gorago esan dugunez. Haatik, sailkapenak egiten, izenen esanahia ere argitzen saiatu zara… jakinik irrist ere egingo zenuela. Zer diozu horretaz?
Euskararekin edo orduko Euskal Herriarekin zerikusia duen guztia biltzen saiatu naiz. 350 bat lekukotza daude liburuan. Extremaduran eta Sardinian agertutako epigrafeak ere badatoz. Eta baita erromatarren legioetan ibilitako euskal kohorteei buruzkoak ere: Cohors Vasconum, Cohors Vardulorum, Cohors Aquitanorum… Hori egin eta gero, izen zerrendak, abere eta zuhaitz jainkotuak, panteoi erromatarretako euskal interpretazioak eta abar jorratzen saiatu naiz. Eta, azkenik, hiztegia paratu dut: izenen esanahia, etimologia bilatzen ahalegindu naiz, jakinda behin baino gehiagotan irrist egingo nuela. Ahalegintzen naiz nire ziurtasunak, zalantzak eta ezinak non dauden jakinarazten.
Euskararen mugen barruan agertutako latinezko epigrafiatik ez da segitzen orduko jendea erromatarra zela… Euskaradunak zirela defenditzen duzu, oker ez banaiz.
Bai. Beste lurralde batzuetan ere berdina gertatzen zen. Erromatar berbak Erromakoa esan nahi du, eta argi dago II. edo III. mendeetan Erroman edo Italian jaioak oso gutxi izango zirela. Inbaditzaileekin etorritako soldaduek eta kolonoek bost edo sei belaunaldi zeramatzaten hemen, bertakotuta egongo ziren eta gehienek bertako hizkuntza egingo zuten, hau da, euskara; zer esanik ez, betidaniko biztanleria autoktonoak. Hau ez da nire uztakoa, hau ikerle guztiek esaten dute. Baina bada datu bat ahaztu ezin duguna: Europa mendebaldeko hizkuntza guztiak galdu ziren latinaren eraginez, euskara izan ezik. Eta kontuan hartu behar dugu, hala ere, iberiarrek, zeltek eta etruskoek-eta, hiztun gehiago eta gizarte ustez aurreratuagoa zituztela.
"Gaurko gizartea gero eta akritikoagoa eta ezjakinagoa da, eta telebistan edo sare sozialetan agertzen denari begira dago ia soilik"
Beste gai bat, oso zeurea, liburu honetara ekarri duzuna: Iruña-Veleia. Zertan da auzia, zertan behar luke?
Oso bazterretik ukitzen dut gaia liburu honetan. Horretaz baditut bi liburu idatziak, eta blog bat. Nik uste mende honetan euskal kulturan gertatu den eskandalu handiena dela Iruña-Veleiakoa. Aurkikuntza zoragarri batzuk faltsutzat jo eta profesional jator batzuk deabrutu eta kondenatu dituzte. Eta neurri handi batean, euskara agertzen delako grafito batzuetan, eta gauzatxo batzuk ez datozelako bat zenbaitek orduko euskarari buruz duten ustearekin. Euskalduntze berantiarraren gaiak ere izan du bere pisua. Unibertsitateko filologo batzuek eraman dute batuta, baina langintza horretan alderdi politiko guztien eta gure elite kulturalaren babesa izan dute. Euskaltzainak, unibertsitate-irakasleak, kazetariak, idazleak… batzuek modu aktiboan eta beste batzuek beren isiltasunaz. Eta aztarnategia izorratzen ari dira hondeamakinaz. Salaketak jarri ditugu, baina alferrik. Honen aurrean ere jende handia mutu. Badakit hau esanda ez dudala lagun berririk egingo (barrez), baina nik horrela ikusten dut.
Oihartzun handirik ez du izan zure liburuak. Zer gogoeta eragiten dizu horrek? Narraskerian segitzen ote dugu? Argitaletxe “ez komertzial”-ak ateratzeak ikusterik ba ote du?
Argitaletxea “ez komertziala” izateak ez du eraginik izan, nire ustez. Elkarrizketa hauxe izango da prentsa idatziak liburuaz ematen duen lehen berria, lehen aipamena, eta hauxe ere ez saiatu barik (barrez). Eta badira sei hilabete liburua argitaratu zela. Nik ez dakit narraskeria den, edo egileak zenbait erredakziotan duen ospe txarra, edo horrelako gaiak ez zaizkion inori interesatzen, edo denetik pixkat. Zenbat euskal filologo irten da gure unibertsitateetatik azken berrogei urtean? Zientoka, edo milaka, agian. Pentsa, filologoei ez bazaizkie horrelakoak interesatzen… Dena dela, nik uste hau gaitz handiago baten sintoma dela. Gaurko gizartea gero eta akritikoagoa eta ezjakinagoa da, eta telebistan edo sare sozialetan agertzen denari begira dago ia soilik. Gu eta gu bezalakoak “frikiak” gara. Garai batean. hemengo jende gehienak ez zuen bertsio ofizialik sinesten. Orain, berriz, egia ofizialak onartzen ez badituzu negazionista eta konspiranoikoa zara!
“Lan hau nik aurretik egindakoekin lotuta dago. Bada konexioa. Beti gustatu izan zait historia, eta zer esanik ez euskararen historia. Iruña-Veleiako grafitoak eta liburu honetako euskal epigrafeak garai berekoak dira gutxi gorabehera. Euskarazko grafitoei buruz liburua argitaratu nuen lehenik (Iruña-Veleiako euskarazko grafitoak, Arabera, 2009), eta auzi orokorrari buruz beste bat hurrena (¿Qué esta pasando con Iruña-Veleia? Pamiela, 2018). Honetan murgilduta nenbilela, paleosardoari buruzko ikerketan ziharduen Blasco Ferrer filologo katalanarekin konektatu nuen, eta Euskararen aztarnak Sardinian? (Pamiela, 2017) liburua argitaratu. Hari berari tiratuz, Euskararen ustezko kidetasunak Italian eta Korsikan (Pamiela, 2021). Ekainean, berriz, hurrengo liburua argitaratuko dit Elkar argitaletxeak: Euskararen mende magikoak (V-IX K.o.). Neurri batean honen jarraipena da. Baina horiekikoak gerorako utziko ditugu”.
Iruña-Veleia auzia “behin betiko” argitzea eskatu dute martxoaren 30ean, Gasteizen egindako manifestazioan. Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu plataformak aztarnategian egindako “txikizioak” salatu ditu eta Arabako Foru Aldundiaren ardura... [+]
Otsailean bost urte bete dira Iruña-Veleiako epaiketatik, baina oraindik hainbat pasarte ezezagunak dira.
11 urteko gurutze-bidea. Arabako Foru Aldundiak (AFA) kereila jarri zuenetik epaiketa burutzera 11 urte luze pasa ziren. Luzatzen den justizia ez dela justizia, dio... [+]
Martxoaren 30erako Iruña-Veleia martxan, SOS Iruña-Veleia eta Euskeraren jatorria elkarteek manifestaziora deitu dute, Aski da! Argitu, ez suntsitu lelopean. Azken bi urteetan "hondeatzaileak sistematikoki eremu arkeologiko oso aberatsak suntsitzeko modu... [+]
Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]
Urriaren 26an Iruña-Veleia Argitu, ez suntsitu jardunaldian Zenbat esku daude Iruña-Veleian aurkitutako ostraken testuetan? ponentzia aurkeztu zuen Joseba Lizeagak
“Ikae” edo “igae” bezala transkribitu ditu aurkituriko ikurrak Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikertzaile taldeak. Duela 2.000 urteko "baskoierazko" idazkun bat izan daitekeela diote ikerleek, baina garai hartako hizkuntzei... [+]
“18 urte pasatu dira indusketan 400 bat grafito agertu zirenetik, 16 urte froga zientifikorik gabe Lurmen indusketa eremutik kaleratu zutenetik eta 4 urte gaia argitu barik epaiketa egin zenetik eta berdintsu jarraitzen dugula esan genezake: gaia argitu nahi genuenok... [+]
Gaur egun, gure munduan eraiki diren hierarkia guztiak mundu mailako kolonizazio prozesu baten emaitza dira. Menderatze-hierarkia global horiek elkarren artean txirikordaturiko beste hierarkia zehatzagoek osatzen dituzte, hau da, klasekoek, etnikoek, estetikoek, eta baita... [+]