Iruña-Veleia afera argitzea eta ondarea ez suntsitzea eskatu dute Gasteizen

  • Iruña-Veleia auzia “behin betiko” argitzea eskatu dute martxoaren 30ean, Gasteizen egindako manifestazioan. Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu plataformak aztarnategian egindako “txikizioak” salatu ditu eta Arabako Foru Aldundiaren ardura azpimarratu du.

Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu plataformak deitutako manifestazioa Gasteizen, Foru Aldundiko Plazan. Endika Portillo / Foku

2025eko martxoaren 31n - 10:14
Azken eguneraketa: 12:32
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Prentsa-oharrean, Iruña-Veleia auzia argitzeko eskatu diote Arabako Foru Aldundiari. Haien ustez, “oso erraza da” grafitoak benetakoak diren ala ez jakitea. Piezen lagin bat laborategi espezializatuetara bidaltzea eskatu dute, horrek argituko lukeelako afera. Foru Aldundiak eskari horri “behin eta berriz” uko egin diola diote, eta gehitu dute “zerbaitegatik" izango dela.

Auzia argitzeaz gain, ondarea suntsitzeari uztea eskatu dute. Prentsa-oharrean, 2009tik suntsiketak egin izana salatu dute: 2010ean, harresi kanpoaldean, EHUko Julio Nuñezek zuzentzen zuen taldeak 7.000 metro koadroko eremu bat suntsitu zuela; 2016an, “euskarazko grafito asko agertutako” 6. sektorea hondatu zutela; 2023tik gaur arte, Qark enpresak aztarnategiko hainbat lekutan “sekulako sarraskia” egin duela. Arabako Foru Aldundiari ekintzok babestea egotzi diote.

“Txikizioak” epaitegian salatu dituztela azpimarratu dute, bideoak eta argazkiak erakutsiz, eta erantzuna beti berdina izan dela: “Zuzen jardun dute arkeologoek”. Agintari, parlamentari, arkeologo eta kazetariei gertaerok jakinarazi dizkietela adierazi dute, eta ezentzunak eta ezikusiak sentitu direla.


Eguneraketa berriak daude