“18 urte pasatu dira indusketan 400 bat grafito agertu zirenetik, 16 urte froga zientifikorik gabe Lurmen indusketa eremutik kaleratu zutenetik eta 4 urte gaia argitu barik epaiketa egin zenetik eta berdintsu jarraitzen dugula esan genezake: gaia argitu nahi genuenok ikertzen jarraitzen dugu eta datazioak ukatu zituztenek Iruña-Veleia hondeamakinarekin suntsitzen jarraitzen dute, etengabe”. Horrela hasten da urriaren 26an Durangon egingo den 4. Biltzarraren aurkezpena.
Argitu eta ez suntsitzearen eredu garbitzat daukat nik Irulegiko Eskuaren kasua: azterketa fisiko eta kimikoak, C14, datazio frogak, unibertsitatearen eta erakundeen babes osoa… Iruña-Veleiako grafitoekin gertatu eta gertatzen ez dena.
Iruña-Veleiako auzia argitu ez izanaren arrazoiak ederki azaldu zituen hitz gutxitan Elixabete Garmendia kazetariak 2020ko urtarrilaren 20ko Berria-n, aurreko 14 urteetan gertatutakoaren jakitun: “Tamalgarria da arkeologo, hizkuntzalari eta historialariak elkarlanean jarri eta auzia argitzeko gai ez izatea; deitoratzekoa, jakintzaren arloan diharduten erakundeek –Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Jakiunde, unibertsitateak…– horretan ez lagundu izana”. Gaur egunerako ere balio duten hitzak.
Balizko benetakotasunaren alde dihardutenek –balizko hitza azpimarratu nahi dut, oraindik ez delako frogatu zientifikoki ez grafitoen benetakotasuna ez faltsutasuna– 4. Biltzarra antolatu dute urriaren 26rako Durangon, non bederatzi hizlarik beren ikuspegia azalduko duten hainbat arlo jorratuta. Horien artean, Eliseo Gil Zubillaga, Zigortutako arkeologo baten gogoetak hitzaldiarekin. “Baina egin nezakeen Arkeologo madarikatu baten gogoetak izenburupean ere, tragikomedia honetan egokitu zaidan patua baita horixe”, zioen aurkezpenean.
Informazioa jaso, izena eman edota bere iritzia agertu nahi duenarentzat: iruñaveleia@gmail.com.
Tomas Elortza Ugarte
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.