Durango ez da Iurreta pasata hasten: irailean hasten da eta ez da inoiz amaitzen. Hasi dira aurkezpenak bata bestearen atzetik: Bernardo Atxagaren eleberria, Eider Rodriguezen ipuinak, Danele Sarriugarteren beste zerbait... eta etorriko dira gehiago. Tentazio gehiago. Ping. Barkatu: mezua sartu zait.
Ni, bitartean, ari naiz irakurtzen 600 orri inguruko liburu bat. Eta zain ditut beste dozena bat. Baita ARGIA, Jakin eta Berria ere... Gero daude Telegram kanalak, Instagrameko story amaiezinak eta whatsapp-lerdoak. Eskaintza amaiezina da, buffet libre bat. Ping, ping. Barkatu berriz.
Irailetik aurrera ikusi ahal izan ditugu euskarazko zenbait film ere: Jone, batzuetan, Maspalomas, eta ea non ikustea lortzen dudan Xiberoa kantuz loraturik. Kontuan izan gabe musika: kolaborazio zoragarriak, disko berriak, letra bakoitza patxadan entzuteko gogoa. Eta kontzertu- eta antzerki-agenda amaiezina.
Eta gero dago erdaretan argitaratzen den literatura, musika eta zine guztia, ez baitago Durango bakarra munduan: Filmin, Netflix eta La 2. Ping. Isilean jarriko dut. Eta youtuber batzuk ere bai. Bueno, eta orain podcastak ere bai. Dena bihurtu baita gaur egun podcast: baita garbigailu bat zentrifugatzen ere.
Demagun jatetxe batera joan eta kartatik aukeratutako risotto eder bat jaten ari zarela. Gozatzen. Eta, kolpera, kartako plater, ardo eta postre aukera guztiak ateratzen dizkizutela mahaira. Durangora. Eta kartan ez zetozen zenbait plater gehiago ere bai: lupia freskoa, adibidez. Jaten ari zaren risotto eder hori utzi eta gazta tarta bat jango zenuke orain, “dotoreziaren eta konplexutasunaren adibide” den ardo-kopa batekin: fruitu gorri, espezieen arrasto, oihanpeko ukitu eta zergatik ez, zedro aire batekin. Ping ukitu batekin.
Eta nik, koitadu honek, tentazioz betetako enpatxu honen erdian, astean behin, jendeak nire testuak irakurtzea nahi! Konforme nintzateke aurrean daukagunarekin gozatuko bagenu, zer galtzen ari garen pentsatzen ibili gabe. Pong.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.