Urte luzeak daramatza Laura Macayak indarkeria jasan duten emakumeei lagun egiten, arlo instituzionalean, militantzian, bai eta beste justizia-eredu batzuetatik abiatuta ere. Horri guztiari buruzko liburu bat kaleratu berri du: Gatazka eta abusua ez dira gauza bera (Katakrak, 2025; itzultzailea: Amaia Astobiza). Euskal Herriko hainbat lekutan aurkeztu zuen maiatzean: hausnarketa deseroso bezain beharrezkoak dakartza.
Hasteko, liburuaren harreraz galdetu nahi nizuke. Euskal Herrian, behinik behin, harrera beroa jaso du.
Liburuaren harrera oso ona izan da. Orain urte batzuk hasi nintzen Euskal Herrira etortzen, punitibismoaren kritikaz aritzeko, eta hemen oso prest agertu zarete ikuspegi hori jasotzeko. Baina oro har harrera ona izan da kontzientzia-hartze bat tarteko: argi dago orain arte egin denak ez duela berebiziko emaitzarik ekarri. Indarkeria matxistaren intzidentzia apenas aldatu da, eta emakumeen bizitza ez da hobetu; aldiz, sustatu den sisteman, modu sistematikoan jazartzen zaie zaurgarriei, eta zenbait praktikak, hala nola kantzelazioak eta bazterketa sistematikoak, komunitate afektibo eta politikoak suntsitzen dituzte.
Gainera, kapitalismoaren krisi bortitz batean gaude: gero eta pobretze handiagoa dago, gero eta komunitate galera handiagoa… Beraz, artikulatzeko eta komunitateei eusteko premia dago, eta indarkeriari heltzeko marko punitiboek, gaur egun dauden bezala, ezin diote horri erantzun. Gainera, ez diete erreparaziorik ematen indarkeria jasan dutenei.
Komunitate, prozesu eta antolakunde mordo bat hautsi dira goitik behera, lotura afektiboak eta politikoak deuseztatu, gatazkak edo konpondu gabeko indarkeriak blokeatu direlako. Horrek arazo handiak dakartza: antolakunde horietan bertan behera uzten dira helburu batzuk –esaterako, etxebizitzaren aldeko borroka edo auzoko turismoaren kontrakoa–, zeinak ezinbestekoak baitira gizartearentzat orokorrean, justizia sozial handiagoa eskuratzeko, eta, batez ere, indarkeria matxista jasan duten pertsonentzat.
Feminismo antipunitibistari lotutako gogoeta mordo bat biltzen dira testuan, baina jakintza hori dena urte luzetako lanaren fruitua da.
Bai, eta ez da lan pertsonala soilik, baizik eta, batez ere, kolektiboa. Izan ere, gaur egun Generan gabiltzan pertsona askok [elkarte bat da Genera, eta indarkeria matxisten lanketa eraldatzailean aritzen gara] aspalditik dihardugu elkarrekin ibilbide profesional eta militantean. Azken 20 urteotan hausnarketa-prozesu oso bat garatu dugu elkarrekin, indarkerien kontuaren harira, hori izan baita gure lanaren eta militantziaren ardatza, feminismoaren eta kartzela-sistemaren aurkako zein errepresioaren aurkako kritikaren markotik. Erresistentzia eta bullying asko jasan ostean, gaur egun, antipunitibismoa gero eta zentzuzkoagotzat hartzen dela ikusi dugu.
"Eraldaketa soziala da biderik seguruena guztiontzat"
Genera elkartea aipatu duzu.
Genera antolakunde politiko bat da; gaur egun hor ari naiz lanean, baina kolaboratzaile moduan aritu naiz 2008tik. Hasieran, Generak sexu-lanaren deskriminalizazioaren ildoa lantzen zuen bereziki; duela hiru urte nik eta beste bi kidek elkartearen gidaritza hartu genuen. Gaur egun, sexu-lanaren deskriminalizazioa eta sexu-langileen eskubideen defentsa lantzen ditugu oraindik ere, baina begirada antipunitibista txertatu dugu; sexu-langileen kasua, izan ere, paradigmatikoa da: indarkeria matxistaren bat jasaten dutenean, babes- eta aitortza-zirkuituetatik kanpo geratzen dira. Ez dira “biktima ona”, ezta "biktima purua" ere. Lan-arloko boteretzea, estigmaren aurkako prozesuak eta oinarrizko eskubideen lorpena lantzen ditugu, ukatu egiten baitzazkie, baina, horretaz aparte, indarkeriari heltzeko metodologia ez-baztertzaileak, ez-paternalistak eta ez-biktimizatzaileak garatzen ditugu. Nabarmen kriminalizatutako emakumeak izaten dira, ez bakarrik sexu-lanean jarduteagatik, baizik eta ez dutelako betetzeko feminitate zuri eta onberaren rol hegemonikoa. Ama txarraren, emakume txarraren, baliabide publikoen erabiltzaile txarraren estigma jartzen zaie besteak beste. Funtsean, emakume haustaileak dira, modu sistematikoan zigortzen dituzte haustura horiengatik, eta ez zaie babesik eskaintzen indarkeria jasaten dutenean; aitzitik, kriminalizatu egiten dituzte.
Harrerako eta Indarkeriari arreta emateko udal zerbitzuetan jardun zara Bartzelonan. Zigorraren mekanismo hori ikusi izan duzu?
Harreran, esaterako, oso nabarmena da. Marko horietan biktima onaren eredu jakin bat nagusitzen da: biktima hain dago jota indarkeriaren eraginez, ez baita gai bere biziari buruzko erabakiak hartzeko. Prozesu horietan biktima-egoera moralizatzen da, eta biktimen izaeraren eta beharren ikuspegi homogeneo bat ezartzen, abantaila ekonomiko, sozial eta sinboliko handienak dituzten emakumeen eredua hartuta. Aurrediseinatutako prozesu horietan ez da emakume horien autonomia errespetatzen, ezta beren aniztasuna ere, eta espektatibak betetzen ez dituztenean, biktimaren roletik kriminalaren rolera igarotzen dira. Orduan, printzipioz “emakumeak babesteko” xedea duten marko instituzionaletatik, zigorrak eta errepresaliak ezartzen zaizkie, ez zaie aitortzarik ematen eta auzi moralek inondik ere baldintzatu behar ez lituzketen eskubideak ukatzen zaizkie.
Argi ikusi genuen indarkerian esku hartzeko marko horiek, urte luze-luzetan hegemonikoak izan direnak udal zirkuituetan eta administrazioko zerbitzuetan, berez kaltegarriak direla emakumeentzat beren suspertze-prozesuan eta indarkeriarekiko autonomia garatzeko prozesuetan. Eta orobat ikusi dugu biktima-errudun parea, marko penalean ez ezik, marko feministan ere aktibatzen dela.
Hortik dator bestelako justizia baten beharra.
Hain zuzen ere, ikasketa eta bizipen horiek denak aintzat hartuta, badira lau bat urte geure marko metodologikoa garatzen hasi ginena, indarkeria matxistei heltzeko erreparaziozko justizietatik eta justizia eraldatzaileetatik, eta emakumeei, kuir pertsonei eta komunitate politiko zein afektiboei lagun egiteko.
Ikusi dugu gaur egungo marko administratibo punitiboetan ez dagoela lekurik sexu-langileek bizi dituzten indarkeria batzuei arretarik eskaintzeko. Eta ez hori bakarrik: ez diete erreparaziorik ematen klase ertaineko emakume zuri eta ideologia kontserbadorekoaren eredutik at dauden eta indarkeria jasan duten emakumeei, esate baterako, disidente politikoei. Halaber, ohartu gara marko punitiboa zabaldu egin dela eta gure komunitate eta sareetara iritsi dela. Eta hortik abiatuta indarkeria matxistei heltzeko lan-metodologia bat garatu dugu, komunitarioa eta feminismo intersekzionalean eta justizia eraldatzailean oinarritua.
Zein dira metodologia horren zutarriak?
Justizia eraldatzaileko prozesuen helburua da indarkeria matxistaren atzean dauden harreman sozial zapaltzaileak eraldatzea maila pertsonalean, erlazionalean zein sozialean. Indarkeria ez da pertsonen arteko gatazka gisa ulertzen, jokabide partikularretatik harago doazen eredu zapaltzaileen erreprodukzioak eragindako kalte gisa baizik. Horrek ez du esan nahi kaltea eragin duenak ez daukala erantzukizunik, baina erantzukizun hori berrosatze komunitarioaren eta erasoa jasan duenari egindako kaltearen erreparazioaren matrizearen barruan ulertu behar da, ez zigor soil gisa.
Guretzat, adibidez, lehentasun bat da borrokan dauden komunitateak indartzea, desegin ez daitezen eta borrokan jarrai dezaten. Horretarako beharrezkoa da prozesu horietan kaltea jasan duen pertsonak parte hartzea, baina baita kaltea eragin duenak ere, eta bi pertsona horiek bere baitan hartzen dituen komunitateak ere bai –erakundea, bizikidetza-unitatea, lagun-taldea eta abar–. Erantzukizun kolektibo bat gauzatu ahal izateko, kalteak eta loturak sendatzeko eta indarkeria horren kausetan esku hartu ahal izateko.
"Erresistentzia askoren ostean, antipunitibismoa gero eta zentzuzkoagotzat hartzen da gizartean"
Oreka zaila dirudi.
Horretarako, noski, albo batera utzi behar ditugu gaur egungo marko nartzisista eta indibidualistak, bestearekiko gorrotoan eta bestearen ezabaketan zentratuak. Aldi berean, tentsio bat dago kalte bat jasan duen pertsona babestearen eta, aldi berean, kaltea eragin duen pertsona ez kanporatzearen artean, baina uste dugu euts dakiokeela. Are, guk horretan dihardugu, eta posible da. Tarteko pauso batzuk daude, noski. Guretzat, prozesu horietan garrantzitsua da alderdi guztiei lagun egitea, baina agian modu bereizian egingo da, ze prozesu kolektiboak ezin dira bidearen une orotan egin.
Azalduko zenizkidake pauso horiek, urratsez urrats?
Guk hainbat urrats ezarri ditugu prozesu horretan: komunikazioa, behin-behineko identifikazioa, ikerketa, azterketa eta arriskuen ebaluazioa, eta, horrela, aztertzen ari garen indarkeria-mota edo gatazka-egoera bakoitzerako ibilbide espezifiko bat finkatzen dugu. Ibilbide horietan, metodologia zehatz bat ezartzen dugu erreparazioarako, kaltea eragin duenari ardura hartzen laguntzeko eta komunitatean suspertzeko. Guretzat lehentasunezkoenak dira, beharbada, kontzeptualizazioa eta arriskuen ebaluazioa; egoera ondo ebaluatu ahal izateko, hori da gaur egungo zenbait ikuspegitan ikusten dugun arazo nagusietako bat, egoerak bereizteko eta mailakatzeko zailtasuna.
Eta zuek nola egiten duzue?
Adierazle batzuk dauzkagu, eta horien arabera neurtzen dugu ea zer arrisku egon daitekeen, ea erasoa egin duen pertsona eraldatzeko zer aukera dagoen, ea zer behar dituen indarkeriari edo dena delako beste egoerari bati aurre egin dion pertsonak, ea zer elementu intersekzional irakur ditzakegun, ea zer potentzial duen komunitateak egoerari lagun egiteko… Eta, hori guztia aintzat hartuta, indarkeriari aurre egin dion pertsonari lagun egiten diogu erreparaziora bidean, kaltea eragin duenari erantzukizuna hartzeko bidean eta komunitateari berari, halakorik baldin badago.
"Biktimari lagun egitea ez da guztiari baietz esatea, baizik eta zintzotasunetik jardutea"
Zuen ikuspegitik, zer da erreparazioa?
Batetik, indarkeria jasan duen pertsonaren suspertze indibiduala litzateke, baina, halaber, indarkeria ahalbidetu edo erraztu duen markoaren gainean eragitea ere bai. Indarkeria ez da kontu interpertsonal hutsa. Marko bat dago, egoera hori osatzea edo gaiztotzea erraztu duena. Maiz modu tamalgarrian esku hartu da, eta egoerak okerrera egin du, eta gu iristen garenerako sekulako kakanahastea dago, ez delako ondo kudeatu, edo ez delako ondo jaso sufritzen ari zen pertsonaren eskaera, edo beste jarrera arduragabe bat nagusitu delako: biktimak dioena egin, eta kito.
Jarrera horrekin oso kritiko ageri zara liburuan ere.
Askotan egiten da, baina arduragabekeria galanta da. Horrek erakusten du zuk ez daukazula metodologia argi bat, ez daukazula esku hartzeko modu bat, posizionamendu bat. Ez duzu nahi, ez dakizu nola egin, edo ezin duzu, eta, azkenerako biktimaren gain jartzen duzu ardura guztia. Ez diozu esaten: "Begira, lagun egingo dizugu, honako termino hauen arabera, eta esateko daukazuna entzungo dugu". Horren ordez, bere gain jartzen duzu ez bakarrik bere prozesua, baizik eta komunitatearena eta kalte egin dion pertsonarena, eta zama eutsiezina da hori sufritzen ari den pertsona batentzat. Lagun egitea ez da guztiari baietz esatea, baizik eta zintzotasunetik jardutea, muga etikoekin eta zaintzarekin.
Azken galdera bat. Kontzeptuen zehaztasuna oso garrantzitsua dela argi geratzen da liburuaren izenburuan bertan. Gatazka ez da abusua. Eta segurtasuna zer da, edo zer ez da?
Segurtasunaren ulerkera neoliberala nagusitu da. Gure testuinguruan –zerbitzu publikoak eraisten ari dira, biztanleriaren gero eta geruza gehiago pobretzen ari dira, egoera administratibo irregularrean dauden pertsonek poliziaren jazarpena jasaten dute–,segurtasuna ez dugu lotzen bizileku bat izatearekin, aberastasunaren banaketarekin, zaintza sostengatuekin eta sexu-askatasunarekin. Baizik eta eraso indibidualik ez gertatzearekin.
Segurtasunari eta arriskuari buruzko ulerkera horiek denek zerikusia dute biktimaren, erasoa egin duenaren, oinarrizko arazoaren eta aktibatu behar diren arduren harira daukagun irakurketarekin. Horrek ez du esan nahi ardurarik ezarri ezin izatea, edo babes-neurririk ez ezartzea; baina arriskuaren araberako irizpideetan oinarritu behar dira, behin-behinekoak eta berrikusgarriak, eta ez dira ezarri behar zigor disimulatu gisa. Eraldaketa soziala da biderik seguruena guztiontzat.
Motorrez gainezka dago Iñaki Mujikak Altsasun duen tailerra. Ilaran daude denak, baina bada barreneko gelaxka batean aparte gordetako bat. Mujikak beretzat egokitu nahi duen motorra da. 2021ean igo zen azkenekoz motor gainera; istripu larria izan zuen moto-kros zirkuitu... [+]
Norbere gorputzaren gaineko erabakiez, estetika heteropatriarkalaren morrontzaz, kontraesanez eta musikaren industriaz solastatzeko baliatu dugu Arrigorriagako polemika: herri horretako jai batzordeak Vulkano orkestra festa-egitarautik kentzea erabaki du, ikuskizuneko... [+]
30 urte baino gehiago daramatza Zero Chou zinemagile taiwandarrak istorioak kameraren atzetik kontatzen, bai zinemarako, bai telebistarako. Aurten, Zinegoak jaialdiaren 22. edizioko ohorezko saria jaso du.
Euskal Herrian zein munduan, gero eta ugariagoak dira lurraren defentsan sortzen diren mugimenduak, bizitzari eusteko ezinbestekoa den lurraren balioa aldarrikatzen dutenak. Borroka hauek ez dira soilik erresistentzia; itxaropenaren eta konplizitatearen oinarri ere bihurtu dira... [+]
“Bohemioa”, “poeta”, “mozkorra” eta “amodioaz maiteminduta” dagoen drag bat da Travis Tea (2024, Travistonia planetakoa). Autopertzepzio bat dela dio, eta kanpotik “talenturik gabeko eta antigoaleko poetatzat” dutela... [+]
1925. urtea izango balitz, akaso emakume erraketistak izango lirateke Zeruko Argiako aktualitate orrialdeetako protagonistak. Agian haien kirolari merituak goraipatzeko, agian feminitate arauak desobeditzeagatik seinalatzeko. Nire buruari agindu diot haien izenak memorizatzeko... [+]
Emakundek babestutako Hizkuntza aldaketa sozialerako tresna: hizkuntza inklusiboaren erabileraren ondorio batzuen azterketa teorikoa eta enpirikoa ikerketak ondorioztatu du hizkuntza inklusiboa erabiltzea garrantzitsua dela genero ezberdintasunak ez areagotzeko.
Uda giroan barneratuta, heldu dira herriko festak, baita sexu erasoen salaketen gorakada ere. Gozamenerako guneak sortzeko hilabeteetako lana egiten dute jai eta txosna batzordeetako kideek, eta goraipatzekoa da espazio horiek bermatzeko herritar boluntarioek egiten duten... [+]
Sanferminak ate joka direla, Iruñerriko feministek Alde Zaharreko kaleak zeharkatu dituzte, eraso sexisten aurkako aldarria zabalduz.
"2000. urteko San Joan egunez, aspaldiko urteko jende multzorik handiena bildu zen Andoaingo Goikoplazan, hamabiak jotzearekin batera dantzarako prest. Lehenengo aldiz gizon eta emakumez osatuta zegoen axeri-dantzarien taldea zen". Hitz horiekin ireki zuen "Emakumeak... [+]
Zezenketaren kontrakoa naiz, baina debekua heltzen den bitartean, jarraituko dut zezen-plazetan gozatzen”. Lagun baten iruzkin zinikoa gogorarazi dit Jose Luis Ábalos PSOEko ministro ohiaren azken polemikak.
Izan ere, Koldo ustelkeria kasuaren testuinguruan... [+]
LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat kolektibok deituta sexu askapena eta harrotasuna aldarrikatu dituzte larunbatean Euskal Herriko hiriburuetan eginiko manifestazioetan. Loratuz Lotu, Anitzak, Lumagorri eta Sumin Trans taldeek jaso dute Ehgamek... [+]
Irungo udal gobernua ez da gai izan 29 urte luzetan alardeari lotutako gatazka konpontzeko… ez duelako nahi izan, beste alde batera begiratu duelako, alarde baztertzailea babestea aukeratu duelako, ausardia politiko falta eta arduragabekeria instituzional itzela erakutsi... [+]
Maribi Ugarteburuk, EHNE Bizkaiaren enkarguz, herrialdeko hamar emakume baserritarren bizi historiak batu ditu Erein, Borrokatu, Bizi liburuan. Azken mende erdian Hego Euskal Herrian nekazaritzan eta abeltzaintzan izandako gertaerak bizi izan dituzten emakumeak dira protagonista.
Argitaratutako oharrean, EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak ohartarazi du "faxismoa eta ideia faxistak" zabaltzen ari direla mundu mailan, eta "erresistitzeko prest" daudela: "Beldurra baino askoz handiagoa da sentitzen dugun amorrua".