“Palestinako Estatua fikzioa da, bakea bezalaxe”

  • Ekialde Hurbila lehen aldiz zapaldu eta bi hamarkadatara, Gazaren historia eta bertako istorioak dakartza Mikel Ayestaranek (Beasain, Gipuzkoa, 1975) bere azken liburuan: Historias de Gaza. La vida entre guerras (Gazako kontakizunak. Gerra arteko bizitza) (Península, 2025). "Lur zati txiki bat, desertuaren ate eta Mediterraneoaren portu" zena, bonbek mendean hartutako gotorleku bihurtu da. Gaza zenaz, denaz eta izan daitekeenaz mintzatu da Ayestaran, Euskal Herrian egin duen aurkezpen biran.

Argazkia: PELLO MAUDO HERRERO/ARCIA CC-BY-SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Liburuaren hiru aurkezpen egin dituzu Euskal Herrian, hirurak jendez gainezka eta kanpoan ilara luzeekin. Zeren seinale da?

Interesa pizten duen seinale, benetan mezua heldu dela ikusten da. Euskal Herrian, egia esan, Palestinako kausak aspalditik du bere tokia, toki kuttuna. Liburu honekin, niri behintzat, argi geratu zait. Jende asko hurbildu da aurkezpenetara, galdera oso interesgarriak egon dira. Hori da garrantzitsuena niretzat: Gazak oraindik interesa pizten duela. Eta horrek itxaropena pizten dit niri.

Liburuari izena jarri diozu Gazako kontakizunak, pluralean. Zergatik?

Alde batetik, Gaza toki historikoa delako; eta, beste aldetik, mila kontu daudelako kontatzeko bere inguruan. Normalean beti kontatzen ditugu gerra garaian piztutako kontuak –Hamasek suziriak bota dituela, Israelek bonbardaketak egin dituela...– , baina askoz gauza gehiago daude kontatzeko, eta hori izan da nire helburua. Baina, liburuaren azpititulua ere, Gerra arteko bizitza, oso garrantzitsua da.

Hori da bakea Gazan?

Bakea hitza ez nuke erabiliko. Itxurazko lasaitasuna edo horrelako formula bat erabiliko nuke. Okupazioa indarrean dagoen artean ez dut uste bakerik ikusiko dugunik, hitz potoloegia iruditzen zait.

Liburu honek, zure besteekin alderatuta, zure alde pertsonalaren zati handi bat dauka, ezta?

Bai, pertsonalki eta profesionalki oso hurbilekoa dut Gaza. Azken hogei urteetan kointzidentzia batzuk daude eta nire buruari esaten diot: "Posible al da?". Alaba jaio su-eten batean, orain 16 urte bete ditu beste su-eten batean; emazteak Mendarotik irten eta Gazako beste ospitale batean bukatu zuen lanean... Harreman estua dugu Gazarekin etxean, eta horregatik sartu dut parte pertsonal hori.

Liburu honek kazetaritza kronika dauka alde batetik, baina dokumentazio esfortzua ere egin dut historia jorratzeko. Etxean nituen zenbait liburutatik ateratako informazioa sartu dut. Eta beste alde batetik, oso garrantzitsua da, baita ere, lehen pertsona, zentzua daukalako: Gazak benetan du pisua gure etxean, ez dut aise esaten.

Liburua urriaren 7an hasten da, baina ez da urriaren 7ari buruzko liburu bat: 3.000 urteko historia kontatzen duzu.

Oso interesgarria da Gazaren historia, zenbat herri pasatu diren bertatik. Orain zen momentua hori kontatzeko, bereziki, pentsatzen nuelako Trumpen plana [Gaza konplexu turistiko erraldoi bat bihurtzearena] aurrera eramango dutela eta beste Gaza bat ezagutuko dugula hemendik aurrera. Hori kontatu egin behar da orain, liburuak hor gelditu behar du, jendeak jakin dezan Gaza zer izan den; ez dakigu zer gertatuko den etorkizunean, baina orain artekoa, behintzat, ezagutu dezatela.

"Argi dago hau mendekua dela. Kantitatea nahi dute, odola"

Nolakoa zen lehengo Gaza hori?

Gogoan dut lehen Gazara sartzerakoan nire inpresioa izaten zela bizirik zegoela, jendez gainezka; leku txikian jende asko bizi da, eta, beraz, sekulako jende kontzentrazioa egoten zen kaleetan, parkeetan. Astoak, zaldiak, jendea, merkatua, zarata. Bizirik zegoen. Orain jada ez da horrela, azken urte eta erdian behintzat ez. Gero, ikusiko dugu. Trumpek nahi duen plana betetzen bada, eta Israelek bete nahi du, noski, ez dugu Gazarik izango. Beste gauza bat izango dugu, ez dakigu zer, baina zoritxarrez  erabateko aldaketa ikusiko dugu. Ezintasun handia dago. Pena handia ematen dit, elkarrizketa guztiak oso ilunak dira.

Argazkia: Pello Maudo Herredo/ARGIA CC-BY-SA

Trump eta Netanyahu  aipatzen dituzu. Eurek dauden artean, hau ez da aldatuko?   

Egoera aldatzeko AEB Amerikako Estatu Batuetan aldaketa bat egon behar da, eta hori ez da gertatuko. Biden zegoen lehen eta orain Trump dago, eta gauzak ez dira aldatzen. Izan ere, AEBentzat Israel barne politika da, ez kanpo politika. Daviden izartxoa AEBetako banderako beste izartxo bat da, dirdira handiena duena. Horregatik, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan, esaterako, AEBek inoiz ez dute onartuko Israelen aurkako ebazpen bat. Israel babesten dute: alde batetik, laguntza ekonomikoa eta militarra  ematen dizkiote, gerra aurrera eramateko; eta, bestetik, laguntza diplomatikoa.

Nartzisisten aro berrian gaude, eta liga horretako lehen mailan dago Netanyahu, eta berarekin daude Putin, Orban, Trump... Netanyahuren ametsa zen Israelgo agintean urte gehien eman dituen lehen ministroa izatea, eta bada. Baina orain arazo bat dauka: historiara pasatuko da urriaren 7ko erasoak gertatu zirenean lehen ministro zelako. Eta hori ezin du jasan. Horregatik, gerra behar du bai ala bai, eta ez da geldituko Gaza guztiz ezabatu arte. Baina, batez ere, ez da geldituko ikerketa sakon bat ez duelako nahi, ikerketa hori gauzatzen den momentuan bera delako arduradun nagusia. Horregatik pentsatzen dut Netanyahu dagoen bitartean hau ez dela geldituko. Oso gogorra da, zigor kolektiboa da era masiboan. Egongo dira su-etenak, baina beti mantenduko du hor fokua, eta momentu batetik bestera piztuko da berriro, orain gertatu den bezala.

Liburuan Margaliten kasua aipatzen duzu. Argentinarra, Israelgo armadan sartu zen, Gazan kokalekuak ezarri zituen eta gerora damutu eta aktibismoan dabil. Bere moduko asko daude?

Margaliten kasua gutxiengoa da, mirari bat. Israel barruan horrelako iritzi bat defendatzeko ausardia handia behar da. Izan ere, Israelen mobilizazioak izan dira, baina bahituak askatzeko: hori lortu eta gero, egin dezatela nahi dutena Gazarekin. Baina hori horrela izan da azken 30 urteetan, ez orain bakarrik. Israelgo gizarteari ez zaio axola Gazan pasatzen dena, ez dute ikusten harresitik bestaldean gertatzen dena; eta gauza bera gertatzen da Zisjordaniarekin ere.  

Zoritxarrez, buruan dugun Israelgo mugimendu ezkertiarrak, garai batekoak, gaur egun gutxiengoa osatzen du. Gizarte zibilak, orokorrean, azken hauteskundeen emaitzei erreparatzen badiogu, eskuinerako joera hartu du, Espainiako Estatuan moduan. Baina gertatzen dena da Israelgo eskuina beste edozein herrialdetako eskuin muturra bestekoa dela. Hori horrela, orain kolonoek armada kontrolatzen dute eta gobernuan daude: Ekonomia Ministerioa dute, Barne Segurtasun Ministerioa ere kolonoen eskuetan dago. Beraz, egoera desberdina da orain.

Liburuan diozu: "Gazak orro egiten duenean, gainontzekoak isildu egiten dira".  Nazioarteko prentsan ezinbesteko gai bihurtu da?

Gerra baldin badago bai. "Gerra artean" ez da existitzen. Horregatik behar genuen liburu hau. Armak daudenean gogoratzen gara Gazaz, baina gero isiltzen da eta ahazten zaigu. Hemerotekara joanez gero, oso argi ikusten da: su-etena indarrean sartzen den momentutik desagertu egiten da. Baina, albisteetan agertzeko arrazoiak dituenean, esango nuke, Jerusalemek baino pisu handiagoa lortu duela azken hamarkadan.

"Israelen mobilizazioak izan dira, baina bahituak askatzeko: gero, egin dezatela nahi dutena Gazarekin"

2016an ARGIAn egindako elkarrizketan azaltzen zenuen Ekialde Hurbilean izugarri zaila dela informazio purua lortzea, propaganda dela nagusi. Liburu honetan ere aipatzen duzu "Israelen desinformazio eta propaganda makinaria". Horrela, zelan informatu?

Beno, propaganda alde bietakoa da: Israelena, bai, baina baita Hamasena ere, noski. Gainera, oraingo gatazkan nazioarteko kazetariok ezin dugu Gazara sartu, eta, beraz, kanpoan egonda, are zailago dago benetako informazioa jasotzea. Nik armadak ematen digun informazioa ez dut sinesten: ospitale bat eraso eta handik bi segundora ateratzen dute komunikatua esaten Hamasen kokaleku bat zela. Lehenengo asteetan bazegoen kezka, agian egia izan zitekeen armadak esaten zuena. Baina urte eta erdi pasatuta, argi dago ezetz, hau mendekua dela. Kantitatea nahi dute, odola. Horregatik, niretzat interesgarriena izaten da jendearen testigantzak jasotzea.

Kayed, zure fixerra [nazioarteko kazetarien tokian tokiko itzultzaile, laguntzaile eta gidari papera egiten duen pertsona], agertzen da liburuan.

Bai, eta Kayed bezala beste gazatar batzuk ere ezagutzen ditut. Eskerrak sare bat daukadan, azken hogei urteetan landutakoa, eta horri esker badakit Gaza barruan zer ari den gertatzen eta ondo daudela.

Menú de Gaza (Gazako menua) seriea argitaratzen zabiltza Instagramen, hain zuzen ere, Kayed eta bere emazte Amalek Gazan zer jaten duten erakusteko. Horrekin salatu duzu gosea gerra arma gisa erabiltzen ari direla.

Zenbakiak entzuten ditugu hedabideetan, baina proiektu hau errealitatera, intimitatera doa. Gazari edo horrelako gatazka bati buruz idazteko jendearengana heldu behar duzu. Jendeari heltzeko bihotza behar da, zubiak sortu behar dira. Eta zubi zuzena da pertsonak ikustea. Kayeden familiak, gureak bezala, egunero jan behar du. 300 argazkira heltzen direnean ikusten duzu urte eta erdi  egon direla haragi freskorik jan gabe, fruta probatu gabe, arrainik gabe.

Proiektua pisua hartzen joan da pixkanaka-pixkanaka, eta lortu du irudikatzea gosea gerra arma dela. Hori da, niretzat, proiektuaren arrakasta: gosea salatzeko proiektua izan dela, eta mezua jendeari heldu zaiola.

"Ez Mendebaldetik, ez bereziki arabiar mundutik, ez dago borondate politikorik Palestinako Estatua sortzeko"

Eta nonbait lortu du arrakasta. Ortega y Gasset saria eman dizute, sortzaile zaren 5W aldizkariko aurtengo zenbakiko gaia eta azala izan da...

Bai, oso pozik nago. Proiektuak oihartzun handia izan du eta orain liburuarekin ari gara. Uste dut oso proiektu indartsua dela, eta, gainera, beste edozein gatazkatara zabaltzeko aukera duela iruditzen zait. Kayed eta bion artean piztu zen, mezu bidez, eta denborarekin dimentsio hau hartu du. Askotan miraria zen, platerean zerbait aurkitzeko zailtasunak izan dituztelako, Interneteko arazoak zituztelako... Espero dut azkar amaitzea, betiko. Eten egin genuen urtarrilean, baina berriro bueltatu gara, armak mintzo dira eta.

Argazkia: Pello Maudo Herrero/ARGIA CC-BY-SA

Lehen esan duzu nazioarteko politika aldatu behar dela gatazka amaitzeko. Baina, nazioartean jasotako elkartasunak ez du egingo presiorik?

Nazioarteko presiorik gabe ez da aldatuko ezer, ez. Jendearen babesa handia da, bai, batez ere Euskal Herrian. Baina kontua da ez dagoela borondate politikorik aldaketa praktikoak sartzeko. Jendeak esaten dit Espainiako Gobernuak Palestinako Estatua aitortu duela. Eta nik diot: "Baina non? Marten, Jupiterren?". Ez dago tokirik, estatu bakarrarentzat dago bakarrik.

Gaza jada ia ez da existitzen, Zisjordania goitik behera okupatuta dago eta ez dute atzera egingo. Non sortuko da Palestinako Estatua? Kontua ez da esatea estatua onartzen duela; neurri praktikoak eta politikoak hartu behar dira hori gauzatzeko. Esan bai, baina nik ekintzak ez ditut inon ikusten, eta borondate politikorik gabe ezin da ezer egin. Horretarako, nazioarteko presioa ezinbestekoa da. Ez Mendebaldetik, ez bereziki arabiar mundutik, ez dago borondate politikorik Palestinako Estatua sortzeko.

 "Okupazioa indarrean dagoen artean ez dut uste bakerik ikusiko dugunik"

Zuk bakarrik ez, elkarrizketatu dituzun palestinarrek ere ez dute uste bi estatuen irtenbidea egin daitekeenik.

Berriz diot: non, ba? Nik zortzi urte eman ditut han Palestinako Estatuaren bila eta ez dut aurkitu, ez dago tokirik, dena okupatuta dago. Palestinarrak mirari baten zain daude, baina mirari hori bizirik irauteko da, ez estatu bat sortzeko. Palestinako Estatua fikzioa da, bakea bezalaxe. Estatu bakarra dago, Israel, eta errealitate bakarra, gerra; ez dago besterik.
Baina horren beste aldea da Gaza ez dela errenditzen, han gertatzen ari dena palestinarrek bakarrik aguantatu dezakete. Argi bakarra palestinarrek duten erresistentzia da; ez orain, orain dela 3.000 urtetik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
Israelek Gazako Nasser ospitaleari eraso egin dio, eta gutxienez 20 pertsona hil ditu, tartean bost kazetari

Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean bost kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak. 


Paul Laverty gidoilari britainiarra atxilotu dute Edinburgon, Gazako genozidioaren aurkako kamiseta eramateagatik

Poliziak Palestine Action ekintzaileen taldea babestea leporatzen dio, Erresuma Batuko Gobernuak uztailean erakunde terrorista izendatu zuena. Bizpahiru orduz atxilo egon ondoren aske geratu da, baina epailearen aurrean deklaratu beharko du irailaren 18an.


Reem Dandan, Gazarako Mugimendu Globala
“Gure herrian genozidioaren konplizeak badaude, gure erantzukizuna da horiek salatzea”

Global Sumud Flotillak deituta, dozenaka ontzi itsasoz ahaleginduko dira Israelek ezarritako blokeoa hausten. Ekimenera mundu osoko aktibistak batu dira, tartean lau euskal herritar. Deialdiari babesa adierazteko, Gazarako Mugimendu Globaleko Euskal Herriko delegazioak hainbat... [+]


Gazara abiatuko da Global Sumud Flotilla, Euskal Herriko ordezkaritzarekin

Ontzidia abuztuaren 31n irtengo da Bartzelonatik. Euskal Herriko lau kide joango dira bertan, munduko beste 40 herrialdeetako solidarioekin batera. 


Israelek eta Hamasek su-etenerako negoziazioekin jarraitzen dute, Gazan gosetea “larritzen” ari den bitartean

AEBetako Estatu idazkari Marco Rubio astelehenean biltzekoa da Israelgo atzerri ministro Israel Katzekin, su-etenerako akordioez mintzatzeko. IPC Jakien Segurtasunaren Faseen Sailkapen Integratuak agentziak ostiralean kaleratutako txosten batek ohartarazi du Gazan gosete... [+]


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Israelek Espainiako Vueltan parte hartzeko eskubidea daukala esan du txapelketaren zuzendariak

Espainiako Vuelta abuztuaren 23tik irailaren 14ra izango da, bertan, Israel-Premier Tech taldeak hartuko du parte. Txapelketaren zuzendari Javier Guillének esan du "ezin dituztela kanporatu, puntuazioa dela eta parte hartzeko eskubidea" irabazi baitute.


Europak Israeli masiboki armak erosten jarraitzen du: Elbit taldeak 1.600 milioi euroko kontratua sinatu du Serbiarekin

Gazako palestinarren aurkako genozidioa aurrera doan bitartean, Europak Israelgo armagintza industria hauspotzen jarraitzen du. Elbit Systems Israelgo armagintza enpresa ezagunak joan den astean iragarri zuen Europako herrialde batekin 1.600 milioi euro baino gehiagoko kontratua... [+]


Dozenaka mila lagun Tel Aviveko kaleetan “gerra amaitu eta bahituak askatzeko”, eta Netanyahuk “Hamas indartzea” leporatu die

Gaza Hiria osorik okupatzeko onartu berri duten planaz kezkatuta, milaka israeldarrek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari exijitu die Hamasekin akordio batera iristeko "gerra amaitu" eta zerrendan dituzten bahituak aske uzteko. Herrialdeko lehen... [+]


Israelek gutxienez ehun palestinar hil ditu azken bi egunetan, eta Gaza hiriaren aurkako erasoak gogortzen ari da

Astelehenetik asteazkenera bitarte eginiko aire erasoetan gutxienez ehun palestinar hil ditu Israelek, horietatik gehienak Gaza hirian, hura osorik okupatzeko asmotan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik 227 lagun hil dira elikagai eskasiagatik... [+]


Al Jazeerako bost kazetari hil ditu Israelek

Hildako kazetarietako bat Anas al-Sharif da, palestinarren genozidioa zerrendatik kontatzen dutenen artean ezagunenetako bat. Al Jazeera hedabideak adierazi du Israel errudun dela Gazako sarraskia barnetik azaleratzen duten kazetariak nahita hiltzeagatik, eta horrela sarraskia... [+]


“Gaza militarki okupatzeko plana berehala gelditu behar du Netanyahuk”, esan du nazioarteak

Ostiral goizeko albisteak erreakzio ugari piztu ditu Israelen zein nazioartean. Aurka agertu dira Israelgo bahituen familiak eta NBE. Alemaniak, Israelen aliatu tradizionalak, armak saltzeari utziko diola jakinarazi du.


Eguneraketa berriak daude