Ekialde Hurbila lehen aldiz zapaldu eta bi hamarkadatara, Gazaren historia eta bertako istorioak dakartza Mikel Ayestaranek (Beasain, Gipuzkoa, 1975) bere azken liburuan: Historias de Gaza. La vida entre guerras (Gazako kontakizunak. Gerra arteko bizitza) (Península, 2025). "Lur zati txiki bat, desertuaren ate eta Mediterraneoaren portu" zena, bonbek mendean hartutako gotorleku bihurtu da. Gaza zenaz, denaz eta izan daitekeenaz mintzatu da Ayestaran, Euskal Herrian egin duen aurkezpen biran.
Liburuaren hiru aurkezpen egin dituzu Euskal Herrian, hirurak jendez gainezka eta kanpoan ilara luzeekin. Zeren seinale da?
Interesa pizten duen seinale, benetan mezua heldu dela ikusten da. Euskal Herrian, egia esan, Palestinako kausak aspalditik du bere tokia, toki kuttuna. Liburu honekin, niri behintzat, argi geratu zait. Jende asko hurbildu da aurkezpenetara, galdera oso interesgarriak egon dira. Hori da garrantzitsuena niretzat: Gazak oraindik interesa pizten duela. Eta horrek itxaropena pizten dit niri.
Liburuari izena jarri diozu Gazako kontakizunak, pluralean. Zergatik?
Alde batetik, Gaza toki historikoa delako; eta, beste aldetik, mila kontu daudelako kontatzeko bere inguruan. Normalean beti kontatzen ditugu gerra garaian piztutako kontuak –Hamasek suziriak bota dituela, Israelek bonbardaketak egin dituela...– , baina askoz gauza gehiago daude kontatzeko, eta hori izan da nire helburua. Baina, liburuaren azpititulua ere, Gerra arteko bizitza, oso garrantzitsua da.
Hori da bakea Gazan?
Bakea hitza ez nuke erabiliko. Itxurazko lasaitasuna edo horrelako formula bat erabiliko nuke. Okupazioa indarrean dagoen artean ez dut uste bakerik ikusiko dugunik, hitz potoloegia iruditzen zait.
Liburu honek, zure besteekin alderatuta, zure alde pertsonalaren zati handi bat dauka, ezta?
Bai, pertsonalki eta profesionalki oso hurbilekoa dut Gaza. Azken hogei urteetan kointzidentzia batzuk daude eta nire buruari esaten diot: "Posible al da?". Alaba jaio su-eten batean, orain 16 urte bete ditu beste su-eten batean; emazteak Mendarotik irten eta Gazako beste ospitale batean bukatu zuen lanean... Harreman estua dugu Gazarekin etxean, eta horregatik sartu dut parte pertsonal hori.
Liburu honek kazetaritza kronika dauka alde batetik, baina dokumentazio esfortzua ere egin dut historia jorratzeko. Etxean nituen zenbait liburutatik ateratako informazioa sartu dut. Eta beste alde batetik, oso garrantzitsua da, baita ere, lehen pertsona, zentzua daukalako: Gazak benetan du pisua gure etxean, ez dut aise esaten.
Liburua urriaren 7an hasten da, baina ez da urriaren 7ari buruzko liburu bat: 3.000 urteko historia kontatzen duzu.
Oso interesgarria da Gazaren historia, zenbat herri pasatu diren bertatik. Orain zen momentua hori kontatzeko, bereziki, pentsatzen nuelako Trumpen plana [Gaza konplexu turistiko erraldoi bat bihurtzearena] aurrera eramango dutela eta beste Gaza bat ezagutuko dugula hemendik aurrera. Hori kontatu egin behar da orain, liburuak hor gelditu behar du, jendeak jakin dezan Gaza zer izan den; ez dakigu zer gertatuko den etorkizunean, baina orain artekoa, behintzat, ezagutu dezatela.
"Argi dago hau mendekua dela. Kantitatea nahi dute, odola"
Nolakoa zen lehengo Gaza hori?
Gogoan dut lehen Gazara sartzerakoan nire inpresioa izaten zela bizirik zegoela, jendez gainezka; leku txikian jende asko bizi da, eta, beraz, sekulako jende kontzentrazioa egoten zen kaleetan, parkeetan. Astoak, zaldiak, jendea, merkatua, zarata. Bizirik zegoen. Orain jada ez da horrela, azken urte eta erdian behintzat ez. Gero, ikusiko dugu. Trumpek nahi duen plana betetzen bada, eta Israelek bete nahi du, noski, ez dugu Gazarik izango. Beste gauza bat izango dugu, ez dakigu zer, baina zoritxarrez erabateko aldaketa ikusiko dugu. Ezintasun handia dago. Pena handia ematen dit, elkarrizketa guztiak oso ilunak dira.
Trump eta Netanyahu aipatzen dituzu. Eurek dauden artean, hau ez da aldatuko?
Egoera aldatzeko AEB Amerikako Estatu Batuetan aldaketa bat egon behar da, eta hori ez da gertatuko. Biden zegoen lehen eta orain Trump dago, eta gauzak ez dira aldatzen. Izan ere, AEBentzat Israel barne politika da, ez kanpo politika. Daviden izartxoa AEBetako banderako beste izartxo bat da, dirdira handiena duena. Horregatik, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan, esaterako, AEBek inoiz ez dute onartuko Israelen aurkako ebazpen bat. Israel babesten dute: alde batetik, laguntza ekonomikoa eta militarra ematen dizkiote, gerra aurrera eramateko; eta, bestetik, laguntza diplomatikoa.
Nartzisisten aro berrian gaude, eta liga horretako lehen mailan dago Netanyahu, eta berarekin daude Putin, Orban, Trump... Netanyahuren ametsa zen Israelgo agintean urte gehien eman dituen lehen ministroa izatea, eta bada. Baina orain arazo bat dauka: historiara pasatuko da urriaren 7ko erasoak gertatu zirenean lehen ministro zelako. Eta hori ezin du jasan. Horregatik, gerra behar du bai ala bai, eta ez da geldituko Gaza guztiz ezabatu arte. Baina, batez ere, ez da geldituko ikerketa sakon bat ez duelako nahi, ikerketa hori gauzatzen den momentuan bera delako arduradun nagusia. Horregatik pentsatzen dut Netanyahu dagoen bitartean hau ez dela geldituko. Oso gogorra da, zigor kolektiboa da era masiboan. Egongo dira su-etenak, baina beti mantenduko du hor fokua, eta momentu batetik bestera piztuko da berriro, orain gertatu den bezala.
Liburuan Margaliten kasua aipatzen duzu. Argentinarra, Israelgo armadan sartu zen, Gazan kokalekuak ezarri zituen eta gerora damutu eta aktibismoan dabil. Bere moduko asko daude?
Margaliten kasua gutxiengoa da, mirari bat. Israel barruan horrelako iritzi bat defendatzeko ausardia handia behar da. Izan ere, Israelen mobilizazioak izan dira, baina bahituak askatzeko: hori lortu eta gero, egin dezatela nahi dutena Gazarekin. Baina hori horrela izan da azken 30 urteetan, ez orain bakarrik. Israelgo gizarteari ez zaio axola Gazan pasatzen dena, ez dute ikusten harresitik bestaldean gertatzen dena; eta gauza bera gertatzen da Zisjordaniarekin ere.
Zoritxarrez, buruan dugun Israelgo mugimendu ezkertiarrak, garai batekoak, gaur egun gutxiengoa osatzen du. Gizarte zibilak, orokorrean, azken hauteskundeen emaitzei erreparatzen badiogu, eskuinerako joera hartu du, Espainiako Estatuan moduan. Baina gertatzen dena da Israelgo eskuina beste edozein herrialdetako eskuin muturra bestekoa dela. Hori horrela, orain kolonoek armada kontrolatzen dute eta gobernuan daude: Ekonomia Ministerioa dute, Barne Segurtasun Ministerioa ere kolonoen eskuetan dago. Beraz, egoera desberdina da orain.
Liburuan diozu: "Gazak orro egiten duenean, gainontzekoak isildu egiten dira". Nazioarteko prentsan ezinbesteko gai bihurtu da?
Gerra baldin badago bai. "Gerra artean" ez da existitzen. Horregatik behar genuen liburu hau. Armak daudenean gogoratzen gara Gazaz, baina gero isiltzen da eta ahazten zaigu. Hemerotekara joanez gero, oso argi ikusten da: su-etena indarrean sartzen den momentutik desagertu egiten da. Baina, albisteetan agertzeko arrazoiak dituenean, esango nuke, Jerusalemek baino pisu handiagoa lortu duela azken hamarkadan.
"Israelen mobilizazioak izan dira, baina bahituak askatzeko: gero, egin dezatela nahi dutena Gazarekin"
2016an ARGIAn egindako elkarrizketan azaltzen zenuen Ekialde Hurbilean izugarri zaila dela informazio purua lortzea, propaganda dela nagusi. Liburu honetan ere aipatzen duzu "Israelen desinformazio eta propaganda makinaria". Horrela, zelan informatu?
Beno, propaganda alde bietakoa da: Israelena, bai, baina baita Hamasena ere, noski. Gainera, oraingo gatazkan nazioarteko kazetariok ezin dugu Gazara sartu, eta, beraz, kanpoan egonda, are zailago dago benetako informazioa jasotzea. Nik armadak ematen digun informazioa ez dut sinesten: ospitale bat eraso eta handik bi segundora ateratzen dute komunikatua esaten Hamasen kokaleku bat zela. Lehenengo asteetan bazegoen kezka, agian egia izan zitekeen armadak esaten zuena. Baina urte eta erdi pasatuta, argi dago ezetz, hau mendekua dela. Kantitatea nahi dute, odola. Horregatik, niretzat interesgarriena izaten da jendearen testigantzak jasotzea.
Kayed, zure fixerra [nazioarteko kazetarien tokian tokiko itzultzaile, laguntzaile eta gidari papera egiten duen pertsona], agertzen da liburuan.
Bai, eta Kayed bezala beste gazatar batzuk ere ezagutzen ditut. Eskerrak sare bat daukadan, azken hogei urteetan landutakoa, eta horri esker badakit Gaza barruan zer ari den gertatzen eta ondo daudela.
Menú de Gaza (Gazako menua) seriea argitaratzen zabiltza Instagramen, hain zuzen ere, Kayed eta bere emazte Amalek Gazan zer jaten duten erakusteko. Horrekin salatu duzu gosea gerra arma gisa erabiltzen ari direla.
Zenbakiak entzuten ditugu hedabideetan, baina proiektu hau errealitatera, intimitatera doa. Gazari edo horrelako gatazka bati buruz idazteko jendearengana heldu behar duzu. Jendeari heltzeko bihotza behar da, zubiak sortu behar dira. Eta zubi zuzena da pertsonak ikustea. Kayeden familiak, gureak bezala, egunero jan behar du. 300 argazkira heltzen direnean ikusten duzu urte eta erdi egon direla haragi freskorik jan gabe, fruta probatu gabe, arrainik gabe.
Proiektua pisua hartzen joan da pixkanaka-pixkanaka, eta lortu du irudikatzea gosea gerra arma dela. Hori da, niretzat, proiektuaren arrakasta: gosea salatzeko proiektua izan dela, eta mezua jendeari heldu zaiola.
"Ez Mendebaldetik, ez bereziki arabiar mundutik, ez dago borondate politikorik Palestinako Estatua sortzeko"
Eta nonbait lortu du arrakasta. Ortega y Gasset saria eman dizute, sortzaile zaren 5W aldizkariko aurtengo zenbakiko gaia eta azala izan da...
Bai, oso pozik nago. Proiektuak oihartzun handia izan du eta orain liburuarekin ari gara. Uste dut oso proiektu indartsua dela, eta, gainera, beste edozein gatazkatara zabaltzeko aukera duela iruditzen zait. Kayed eta bion artean piztu zen, mezu bidez, eta denborarekin dimentsio hau hartu du. Askotan miraria zen, platerean zerbait aurkitzeko zailtasunak izan dituztelako, Interneteko arazoak zituztelako... Espero dut azkar amaitzea, betiko. Eten egin genuen urtarrilean, baina berriro bueltatu gara, armak mintzo dira eta.
Lehen esan duzu nazioarteko politika aldatu behar dela gatazka amaitzeko. Baina, nazioartean jasotako elkartasunak ez du egingo presiorik?
Nazioarteko presiorik gabe ez da aldatuko ezer, ez. Jendearen babesa handia da, bai, batez ere Euskal Herrian. Baina kontua da ez dagoela borondate politikorik aldaketa praktikoak sartzeko. Jendeak esaten dit Espainiako Gobernuak Palestinako Estatua aitortu duela. Eta nik diot: "Baina non? Marten, Jupiterren?". Ez dago tokirik, estatu bakarrarentzat dago bakarrik.
Gaza jada ia ez da existitzen, Zisjordania goitik behera okupatuta dago eta ez dute atzera egingo. Non sortuko da Palestinako Estatua? Kontua ez da esatea estatua onartzen duela; neurri praktikoak eta politikoak hartu behar dira hori gauzatzeko. Esan bai, baina nik ekintzak ez ditut inon ikusten, eta borondate politikorik gabe ezin da ezer egin. Horretarako, nazioarteko presioa ezinbestekoa da. Ez Mendebaldetik, ez bereziki arabiar mundutik, ez dago borondate politikorik Palestinako Estatua sortzeko.
"Okupazioa indarrean dagoen artean ez dut uste bakerik ikusiko dugunik"
Zuk bakarrik ez, elkarrizketatu dituzun palestinarrek ere ez dute uste bi estatuen irtenbidea egin daitekeenik.
Berriz diot: non, ba? Nik zortzi urte eman ditut han Palestinako Estatuaren bila eta ez dut aurkitu, ez dago tokirik, dena okupatuta dago. Palestinarrak mirari baten zain daude, baina mirari hori bizirik irauteko da, ez estatu bat sortzeko. Palestinako Estatua fikzioa da, bakea bezalaxe. Estatu bakarra dago, Israel, eta errealitate bakarra, gerra; ez dago besterik.
Baina horren beste aldea da Gaza ez dela errenditzen, han gertatzen ari dena palestinarrek bakarrik aguantatu dezakete. Argi bakarra palestinarrek duten erresistentzia da; ez orain, orain dela 3.000 urtetik.
Mohamed Sinwar Gazako Hamaseko burua hilik agertu da, Israelgo armadak Gazan egindako bonbardaketa batean. Hamasek oraindik ez du baieztatu Sinwarren heriotza.
Israelek AEBetako enpresa bati eman dio laguntza humanitarioa banatzeko ardura, eta NBEk salatu du laguntza banaketako irudiak “oso larriak” direla. Israelek defendatu egin du banaketa sistema. Jakinarazi dute asteazkenean ez dutela laguntza humanitariorik... [+]
Bilboko hooligan inbasioari buruz idatz nezakeen, baina herri txiki batean bizi naiz ni eta ez dut sufritu. Euskaraldiari buruz idatz nezakeen, eskerrak emateko euskarari bizkarra ez ematen lagundu gaituzuenoi, baina ez da hori gorputzak eskatzen didana.
Egunak daramatzat gai... [+]
Maiatzaren hasieran zerrendaren aurkako oldarraldia "gogortuko" zuela iragarri ondoren, esandako berresten ari da Israel: azken 224 orduetan 50 lagun hil ditu. Gainera, Gazan bizi diren 2,5 milioi palestinarrek pairatzen duten gosetea areagotzen ari da azken asteetan... [+]
Ekainaren 13an hasita 50 kilometroko martxa egingo dute hiru egunez Egiptoko Sinaiko basamortuan barrena Rafahko pasabidera arte, Gazako muga irekitzea eta genozidioa gelditzea exijitzeko. Momentuz munduko 32 estatutako 1.000 pertsona inguruk eman dute izena, horien artean... [+]
Washingtonen Israelek duen enbaxadako bi langile tiroz hilda agertu eta gero egin ditu adierazpenak Netanyahuk. Israelgo Gobernuak zuzenean lotu ditu Washingtongo erasoak eta Europako zenbait gobernuburuk Gazako sarraskiaren aurka egindako adierazpenak.
NBEk azaldu duenez, egunotan soilik 90 kamioi sartu ahal izan dira lurraldera oinarrizko elikagaiekin; beste 105 zain daude mugan. Gazako gobernuaren prentsa bulegoak emandako datuen arabera martxotik 326 pertsona hil dira elikagai eta botika faltagatik eta 300 abortu izan dira... [+]
Europako Batasunak ere Israelekin dituen akordio komertzialak “berrikustea” erabaki du, 27 estatutik 17k aldeko botoa eman eta gero. Dagoeneko 53.000 hildakotik gora eragin ditu Netanyahuren gobernuak.
Astearte eguerdian egin du ohartarazpena Nazio Batuen Erakundeak. Astelehenean laguntza humanitarioa daramaten bost kamioi sartuko direla iragarri du Israelek, hamaika asteko blokeo erabatekoaren ostean. "Tanta bat da ozeanoan", adierazi du Tom Fletcher NBEko Giza... [+]
Maiatzaren hasieran iragarri ostean, Gaza erabat okupatzeko eta hango palestinarrak kanporatzeko plana martxan jarri du Israelgo armadak. Zerrendan jada hasiak dira ofentsibaren ondorioak pairatzen: azken 24 orduetan eginiko erasoetan, Israelek gutxienez 150 palestinar hil ditu... [+]
Lehiaketan parte hartu izan duten 72 artistak iazko edizioa "historiko politizatuena eta desatseginena" izan zela salatu dute, eta aurtengoa ere ez da salbuespena izan. Online botoari esker gertu izan du garaipena Yuval Raphael Israelgo ordezkariak. Polemikaz beteriko... [+]
Israelgo Estatu sortu berriak Palestinaren %80 inguru indarrez okupatu zuenetik 77 urte igaro direla, Gazaren aurkako erasoetan 74 lagun hil ditu Tel Avivek asteazkenetik ostegunera bitartean. Hildakoen artean Hassan Samour kazetaria dago, 2023ko urriaz geroztik Israelek hil... [+]
Prou Complicitat giza eskubideen aldeko taldeak Danimarkako Maersk enpresako bi merkataritza ontziren aurkako salaketa jarri du, Bartzelonako portutik Israelera F-35 ehiza hegazkinen atalak garraiatzea egotzita. Inputatuek astelehenean deklaratu behar... [+]
“Gazako sarraskiak gerra gertaerak dira, eta erruduna Hamas da. (...) Ez dut inondik inora lotsagorritu beharrik borrokak eramateko Israelen moldeaz. (...) Denak poztuko lirateke Israelek lana bukatuko balu”. Haïm Korsiaren hitzak dira, Frantziako Rabbi... [+]