Egitea edo ez egitea

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Joan den astean topaketa polit bat izan dut, aspaldi ikusten ez nuen emakume talde batekin, eta egitearen inguruan aritu gara berbetan, teknologia eta sorkuntza espazioei lotuta.

Emakume hauetako nagusiena, jubilatzeko mugan dagoena, programatzailea da eta kodea programatzen gozatzen du. Beharbada, hau irakurrita uler daiteke bere lanean gozatzen duela, baina ez da kasua. Programazioaren gozamenean murgiltzen da beste edonork zeramikan, joskintzan, baratzean… egingo lukeen bezala, ez inoren helburuak betetzeko, baizik eta norberaren erronkei loturiko jarduera gisa. Beste emakume batek zioen ezinegona sortzen ziola egiteari zuzendutako espazioen ideiak, egin behar izatearen espektatiba horrekin deseroso sentitzen dela; berarentzat, egiteko espazioak baino, egoteko espazioak direla interesgarriak. Hirugarren batek adierazi zuen horrelako tokietan gorputza faltan botatzen duela. Gizakiok sortzen ditugun espazioetan, orokorrean, eta are gehiago teknologiari loturikoetan, non eginkizun gehienetan gailu bati lotuta eskuak eta adimena diren erdigune, gorputza geldi dagoela zioen. Halako espazioak ez ditu gogoko, faltan dituelako gorputzaren potentziala hobeto erabiliko luketen tresnak, mugatuta sentitzen delako espazio horietan.

Beharbada, datorren astean oporrak izango dituzu, eta oporretan oso dinamika interesgarria ematen da askoren bizitzetan: aukera. Egiteko aukera, egoteko aukera, gorputza astintzeko aukera… Beharbada, gizarteotako sorkuntza espazioetan dugun arazo handiena da oso eredu murriztuak direla, guztiz bideratuak, bideragarriak izateko bidean, muga gehiegirekin diseinatuak. Ez dut uste, ordea, ditugun gizarte sistemen eta mundu ikuskeren baitan, epe laburrera, emakume hauek partekatu zizkidaten ikuspuntu interesgarriak jasoko dituzten espazioak instituzioetatik sortzeko aukera egongo denik. Beste leku batzuetan begiratu eta egin beharko dugu. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude