Bandera amerikanoz inguratuta, muga-zergen oldarraldi berria iragarri zion munduari Donald Trumpek apirilaren 2an. Geroztik hamaika astindu jasan dituzte burtsek eta nazioarteko merkataritzak. Baina hau ez da zoro baten boxeorako ringa bakarrik: AEBetako politikan hamarkada askotan egosi den pentsamendu-korrontea ezkutatzen du atzean, basailutzan eta inperialismoan oinarriturikoa.
Ezin zuen bestela izan. Etxe Zuriko Arrosen Lorategian, Moisesek taulak eskuan hartu izan balitu bezala, halaxe azaldu zen apirilaren 2an Donald Trump, berrogeita hamar urtez bere aberri kuttunari munduak egindako iraina kitatzera, herrialde bakoitzari jarriko dion muga-zerga zehaztuta: honi hainbeste gaizki portatu delako, beste honi gutxiago txintxoagoa izan delako, eta zuri askoz gehiago gaizto halakoa... tas tas emango dizut! Mihi gaiztoek diote ChatGPT erabilita egin duela kalkulua munduko herrialde boteretsuenaren buruak.
Liberazioaren Eguna izendaturikoan, %50 arteko muga-zergak iragarri zituen AEBetako presidenteak. Hau idazten ari garen unean %10eko muga-zerga globala dago indarrean, gainerako zerga handiagoei 90 eguneko menia eman baitie. Txinari, ordea, %125 muga-zerga ezarri dio, eta honek %84rekin erantzun du. Europar Batasunak, bere aldetik, tentuz jokatu nahi du, eta AEBetako produktu ugariri ezarri behar zien %25eko muga-zerga 90 egunez atzeratu du. Nolanahi ere, garbi dago gerra komertziala abian dela.
Gerra “tuntunik” ba ote?
“Historiako gerra komertzial tuntunena da”, hala deskribatu du ekonomia gaiak lantzen dituen The Wall Street Journal egunkari prestigiodunak muga-zergen afera. Baina ba ote gerra tuntunik? Ez dira gutxi neurri horren kontra azaldu diren Alderdi Errepublikarreko kideak, baita orain arte Trumpen ondoan izan diren enpresariak ere, tartean Elon Musk milioidun eta AEBetako presidentearen goi kontseilaria.
Kanpoko produktuei tarifak igotzeak AEBetan inflazioa eta atzeraldia ekar dezakeela diote aditu ugarik, estatubatuar arruntak ez ezik mundu osoak sufrituko duela. Adibidez, JPMorgan Chase AEBetako inbertsio banku handienaren kontseilari gorenak, Jamie Dimonek, esan du “desastrea” litzatekeela epe luzean neurri horiek mantentzea. Bankuak bere bezeroei barne-txostena igorri zien Liberazioaren Egunean bertan, izenburu kezkagarriarekin: There will be blood (Odola egonen da). Bloomberg albiste agentziak filtraturiko txosten horretan, JPMorganeko ekonomialari buru Bruce Kasmanek azaltzen du atzeraldi global bat izateko aukera %40tik %60ra igo dela.
1930eko adibide txar bat
Atzera begiratuz gero, historialariek berehala topatu dute antzeko situazio bat. Adibide txar bat, esan dezakegu. Trumpek sarritan aipatu izan du bere diskurtsoetan 1930ean Willis C. Hawley eta Reed Smoot senatariek sustaturiko muga-zergen legea, Hawley-Smoot Legea bezala ezaguna. “Analista batzuk konbentzituta daude lege horrek paper garrantzitsua jokatu zuela Bigarren Mundu Gerra elikatzeko”, dio BBC telebista kate-publikoak.
1929ko burtsen krakak sorturiko krisi betean, AEBek protekzionismoa areagotzeko neurriak hartu zituzten, eta lege horrekin 900 produkturi batez beste %20ko muga-zergak jarri zizkioten –nahiz eta mila ekonomialari inguruk Herbert Hoover presidenteari eskatu halakorik ez egiteko–. Ondorioz, munduko merkataritza bi heren murriztu zen eta horrek Depresio Handia areagotu zuen. Irakurleak gehiago jakin nahi badu, jo dezake ARGIAren zenbaki honetako Denboraren Makina atalera eta Nagore Irazustabarrenak azalduko dio.
Ero bat golf zelaian?
AEBak “berriz aberats egiteko” taula sakratua aurkeztu eta asteburu horretan, telefono guztiak dantzan zituen bitartean, Trumpek Floridako bere resort pribatuan golfean jokatzen jarraitu zuen lasai asko, green-etik kanpo gertatzen zenari sorgor itxurak egiten. “Ah, baina orduan ez da farol bat?”, galdetzen diote elkarri, pixalarriak jota, mundu osoko banku, enpresa eta erakundeetako jaka beltzdunek. Astebete iraun die oraingoz estutasunak, baina batek daki berriz joan beharko ote duten ukuilu atzera zigortuta, mekatxis!
Jacobin aldizkarian aurkitu dugu arestiko galdera horri erantzun diezaiokeen pista bat: “Neurri horiek ez dira botereak txoratutako ero baten delirioak. Zirkulu politiko estatubatuarren barruko pentsamendu-korronte sendo batetik sortu dira, gutxienez 1990eko hamarkadatik datorrena”. Hala idatzi du Dominik A. Leusder ekonomialariak On 'Liberation Day' Trump Signed America Up for Stagflation (Liberazioaren Egunean Trumpek AEBak estanflaziora kondenatu ditu) artikuluan. Bere esanetan, Trumpek merkataritzarekiko duen jokabidea koherentea izan da 1980ko hamarkadatik, gutxienez Japoniako merkatal-etekinak bere amorruaren jomuga bihurtu zirenetik: “[Muga zergekin] emandako ikuskizunetik harago, oso gogorra dirudien arren, bada garaia egungo administrazioa kritikatzen dutenek Trump serio hartzeko”.
Japoniatik datoz Nissanak
Japonia, aipatzen digu Leusderrek... Zer gertatu zen ba Japoniarekin laurogeietan? Petrolioaren krisiaren eraginez AEBetako industria dekadentzian sartu zen bitartean, herrialde asiarreko produktuak erruz inportatzen hasi ziren, batez ere automobilak: Toyota, Honda, Nissan... milioika saltzen ziren estatubatuarren artean. “Tokioko kaleetan ez dut Chevrolet bakar bat ere ikusten”, zioen ernegatuta, jadanik ezagun egiten hasi zen Donald Trump enpresariak.
Baina japoniarren defizit komertziala ez zen bere obsesio esklusiboa. The Guardian-ek kontatzen duenez, garai hartan The New York Times-ek berak portada esanguratsua ekarri zuen “Japoniaren arriskua” izenburupean, Nissan markako auto bat moilara nola deskargatzen zuten erakusten zuen argazki handi batekin. Azkenean, 1985ean New Yorkeko Plaza Hotelean Japoniak akordioa sinatu zuen bere merkatua “irekitzeko”, G5 herrialdeen presioaren ondorioz. Hala ere, Japoniak interes tasak jaitsi eta kreditu errazean oinarrituriko higiezinen burbuila elikatu zuen –1989an Mitsubishi Estatek New Yorkeko Rockefeller Center eraikin mitikoa erosteraino– harik eta burbuila 1997an lehertu eta “hamarkada galduen” garaian sartu zen arte; bere ekonomia entzefalograma planoan eduki du orduz geroztik.
Kentucky fried chicken probatzean...
Egungo AEBetako haize protekzionistak ulertzeko beste data bat duela 25 urtekoa da, 2001ean Txina Munduko Merkataritza Erakundeko (MME) kide gisa onartu zutenekoa. Gauza da Washingtongo Kapitolioan kontrako ahotsak errepublikar zein demokraten aulkietatik entzun zirela, herrialde horrekin muga-zergak kentzeak AEBetako industria hustuko zuela uste baitzen.
Toyota, Honda, Nissan... 1980ko hamarkadako estatubatuarren artean milioika saltzen ziren bitartean, “Tokioko kaleetan ez dut Chevrolet bakar bat ere ikusten”, zioen Trumpek
The Lever atari ezkertiarreko podcastean David Sirotak –Bernie Sandersen aholkulari izandakoa eta orriotan lehenago ere aipatua– Peter Goodman ekonomia analistarekin hitz egin du: “Bill Clintonek, zinismo handiz esan zuen Txina demokratizatzea zela helburua, Txina AEBetan integratzea, eta txinatar kontsumitzaileek Kentucky Fried Chicken probatzen zutenean hautestontziak eskatuko zituztela... Hori zentzugabekeria bat da”, dio Goodmanek. Eta hala, duela 25 urteko kritiken oihartzunak gaur eguneraino “danbor baten gisan” iritsi direla uste du Sirotak.
Basailutza zoriontsua
Historian zehar, muga-zergak erabili izan dira herrialde bateko industria babesteko, hau oraindik hastapenetan dagoenean. Hain justu, MME ustez muga-zerga eta aduana horiek arautzeko sortu zen 1995ean, baina funtsean amaitu du merkatu librea bermatu nahi eta ezinean dabilen erakunde fantasma bat izaten. Gertatzen dena da merkatu librea toxikoa dela, hori ez da sekretua, eta mundu osoan desberdintasunak eta esplotazioa areagotu baino ez dituela egiten.
Hortaz, globalizazioak huts egin du, munduko merkataritza ordena berri bat ari da ernetzen, baina horrek esan nahi du protekzionismoaren garaira itzuliko garela? “Neurri horiek ez dira protekzionismoa, baizik eta inperialismo neurrigabea”, dio Martine Orangek Mediapart hedabidean Droits de douane: Trump invente la ‘vassalisation heureuse (Muga-zergak: Trumpek ‘basailutza zoriontsua’ asmatu du) artikuluan: “Konbentzituta daudenez AEBetako merkatura sartzea pribilegio bat dela, Trumpek eta bere adiskide maiteek nahi dute beste herrialdeek ohore hori izateagatik ordaintzea”.
Italiako Errepublikako presidente Sergio Mattarellari lapurtuta, “basailutza zoriontsua” kontzeptua erabili du Mediapart-eko kazetariak, Trumpen jokaldia deskribatzeko: “Nahi duena da herrialde bakoitzak definitzea bere lekua inperio estatubatuarrean, leialtasuna eta alienazioa, egiteko prest dagoen kontzesio ekonomiko eta politikoen trukean. Hitz gutxitan, herrialde bakoitzak AEBetako presidentearekin negoziatu dezala zein izango diren eramango dituen kateen pisua eta prezioa”. 90 egun dituzte horretarako.
Ibilbideari saria jasoko du Zenbat Gara-k, eta Proiektuari saria Kanaldude telebistak. Sari banaketa ekainaren 3an izango da, Bilboko Kafe Antzokian.
Zuzendari nagusiak eta zuzendari editorialak egindako "jazarpen eta errrepresalia kasu larria" salatu dute enpresa batzordeak eta ELA sindikatuak.
Basauriko Bridgestoneren zuzendaritzak astelehen arratsaldean eman du pneumatiko lantegian enplegua erregulatzeko txostenak eragingo liekeen langileen kopuruaren berri: 232 behargin geratuko lirateke kalean, 335 beharrean. Horrez gain, ekoizpena handitzeko eta kalte ordainak... [+]
Ikerketa urtarrilean abiatu zuen Ertzaintzak, biktimetako batek Gizarte Segurantzan laguntza eskatu ostean. Nahiz eta egunero hamar ordu baino gehiagoz lan egin "ez zuen nahikoa baliabiderik, ezta jateko ere". Ondorioz, zuntz optikoa instalatzen zuen enpresa bateko burua... [+]
Aurreko artikulua amaitzeko, Euskal Herriko xahuketa eta gerrarako ekoizpenaren inguruan (EHXGE, edo industria militarra) hitz egiten denean Zedarriak eta Eusko Jaurlaritzak jorratu nahi ez duten helburu bat jarri genuen mahai gainean: Euskal Herrian egindako... [+]
Espainiako Gobernuak Eskola Jantokien inguruko Errege Dekretua atera berri du, Euskal Herri Hegoaldeko eskola jantokien kudeaketan eragingo duena. Spoiler: elikadura sistema osasuntsu eta jasangarri bat garatzeko inolako asmorik erakusten ez duen dokumentua da.
Duela urtebete pasa gauzatu zuten Ortulaguntza proiektua Debagoienan. Langile bat kontratatu dute bailarako nekazaritza proiektu txikietan txandaka lanean aritzeko, hartara ekoizleei lan karga arintzeko eta baldintzak duintzeko. “Sektorea zaurgarri zegoela eta errelebo... [+]
Aurten bai urtea da. Sagar urtea izango da aurtengo hau (Malus domestica). Eta baialdia behar bezala agurtu eta baliatzeko, besteak beste, dolareak gertatu beharko ditugu.
Tentsio handiko ikasturtea amaitzear, ostegunean hasi eta ostiralean jarraituriko azken negoziaketa maratoian Eusko Jaurlaritzarekin akordioa sinatu dute sindikatu guztiek, ELAk izan ezik. Datorren asteko grebak bertan behera geratu dira. Segidan, adostu dutena eta batzuek eta... [+]
Gasteizko Udalak esan du enpresa negoziatzera deitzen ari dela. Sindikatuek eskatu diote Gasteizko langileak defendatu ditzala Enviserren jabea den AEBetako inbertsio funtsaren aurrean.
Antonio Turiel fisikari eta CSICeko ikerlariak aspaldiko urteetan ez bezala bete zuen Hernaniko Florida auzoko San Jose Langilearen eliza asteazkenean. Zientoka lagun elkartu ziren Urumeako Mendiak Bizirik taldeak antolatuta Trantsizio energetikoaren mugak izeneko bere hitzaldia... [+]
“Proposamen oso eskasa egin du Hezkuntza Sailak, berme eta zehaztapenak txertatu barik”, kontatu dio ARGIAri STEILASeko bozeramaile Haizea Arbidek. Ostegun honetan bilera izan dute sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, EAEko irakaskuntza publikoko... [+]
Izenak, berez, ez du izana gordetzen. Papera ez da nahikoa, nahiz eta paperak denari eusten dion. Busti arte. Halaxe gertatu da Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamenduarekin. Izan ere, izenak gorde beharko lukeen izanari uko egin dio; besteak beste, 2023ko... [+]
Badira aste batzuk Europar Batasuneko presidente den Ursula von der Leyenek zortziehun mila milioi euroko gastu militarraren beharraren berri eman zuela. Gastu hori Europak jasaten duen mehatxu militar bati aurre egiteko omen da, eta mehatxu horri batasunez erantzun beharra... [+]
Euskadi markak, eraikuntza sektoreko ekonomiaren estrategian, “industrializazioa” mantrarako hitz gisa hartu duela jakinarazi berri du Eusko Jaurlaritzak. Etxebizitza publikoaren eraikuntzan industrializaturiko prozesu eta elementuak lan guztien %65a izatea... [+]