Madurok Trumpi erantzun dio: Venezuelak bere petrolio-ontziak eskoltatuko ditu

  • Trumpek Venezuelatik atera edo bertara sartzen diren petrolio-ontzi guztiak blokeatzea agindu ostean, Madurok iragarri du ekialdeko kostaldetik datozen petrolio-ontziak eskoltatzen hasi dela.


2025eko abenduaren 18an - 12:17
PICRYL
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Astearte gauean, Trumpek Venezuelatik atera edo bertara sartzen diren petrolio-ontzi guztiak blokeatzeko agindu zuen. Mugimendu horrekin Venezuelaren gaineko presioa handitzen jarraitzen du Etxe Zuriak, AEBetako armadak Ozeano Pazifikoan zortzi pertsona hil eta biharamunean. Adituek adierazi dute aginduak Venezuelako barne egoera zailduko duela, bere ekonomiaren funtzionamendurako oso garrantzitsua den dibisa-iturrirako sarbidea moztea bilatzen baitu. Mugimendu horri Madurok asteazkenean erantzun dio: Venezuelako Armada ekialdeko kostaldetik datozen petrolio-ontziak eskoltatzen hasi da.

Trumpek bere sare sozialen bitartez adierazi du Venezuela "Hego Amerikako historian inoiz bildu den armadarik handienak" inguratuta dagoela, eta gehitu du presio egiten jarraituko duela "AEBei petrolio guztia, lurra eta lapurtu zizkiguten gainerako aktiboak itzuli arte". Hori bai, Trumpek ez du azaldu zein petrolio, aktibo eta lurralderi buruz ari den, eta ez du ustezko lapurreta horren frogarik eman. Are, ez du azaldu AEBek zein oinarri legal duten Washingtonek zigortutako ontziek nazioarteko uretan edo Venezuelan nabigatzea eragozteko. AEBetako armadak irailaz geroztik hainbat ontziri eraso egin die Karibeko eta Ozeano Pazifikoko uretan, "narkotrafikoaren aurkako" operazioak direla argudiatuta. 

Maduroren erantzuna Trumpek Venezuelaren aurka egindako erasoaldiaren parte da, "terrorismoa, Eguzkien Karteleko kide izatea eta Araguako Trena talde kriminalarekin lotura izatea" leporatzen baitiote. Venezuelako Gobernuak adierazi du AEBetako presidentearen asmoa "Venezuelaren petrolioa, lurrak eta mineralak bereganatzea" dela, "gezur eta manipulazio kanpaina erraldoien bidez". New York Times-en arabera, Venezuelak eskoltatutako lehenengo ontziek petrolio deribatuak eta petrolio fintzearen azpiproduktuak garraiatzen zituzten Joséko portutik, eta Asiako merkatuetan eskaintzeko bidean ziren.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
2025eko abenduaren 17
Venezuelaz

Eguneraketa berriak daude