Gai izango ez garenean

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Pertsona nagusiekin edo aniztasun fisiko eta neuronalak dituzten pertsonekin lanean zaudenean, dugun gizartean gaitasunaren ideiak espezie bezala asko mugatzen gaituela ohartzen zara. Hau da, dugun sistemak gauzak modu espezifiko batean egiteagatik jartzen zaitu balioan, eta modu horretan egiten ez duena ezgaia da sistemarentzat.

Noizbait, teknologiak gure gaitasunak handitzeko luzapenak izan ziren; nik adibidez betaurrekoei esker hobeto ikusten dut. Egun, ordea, digitalizazioarekin gure gaitasuna areagotu beharrean, ordezkatzen ari direla esango nuke. Aurreko adibidearekin jarraituz, gaur egun telefonoak nire begien ordez “ikus dezake”, eta ikusten duena azaldu.

Dugun eredu kapitalistan, etekinak sortzeko bideak bi izan ohi dira: balioa sortu edota kostuak murriztu. Horregatik, kapitalaren jabeek bideak asmatzen dituzte pertsonon denbora eta gaitasunak etekin bilakatzeko. Etekin handiagoa bizitza hobea, mundu ikuskera horretan, pertsonen gaitasunak ordezkatzen dabiltzan teknologiak ugaritzen doaz. Etekinak sortzeko, kapitalaren jabeen ekuazio linealean, kostua eta gaitasuna euren eskuetan soilik dauden aldagaiak izan arte ez dute etsiko. Hori lortzen dutenean, ez gara sistemarentzat gai izango.

Lorena Pérez Hernandez Hizkuntz Kognitiboan adituak hitzaldi bat eman berri du nire herrian. Beste hainbat gauzaren artean, honakoak esan zituen: “Hiztunak burujabeak gara, behar dugun bezala hitz egiten dugu. Hizkuntzaren azpiko helburua ez da komunikatzea, hizkuntzak baimentzen digu pentsatzea. Hizkuntzak errealitatea sortzen du”. Hizkuntza sortzeko gaitasun hori  galtzen ez dugun bitartean, errealitate berriak sortzeko aukerak hor izango dira, baita gaitasunaren ideiaren errealitatea eraldatzekoa ere.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude