Oinak lurrean

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Interneten Willow hitza bilatzerakoan oraindik txikitan ikusi nuen pelikula baten izenburua agertzen da. Fantasiaz beteriko pelikula hartan, Willow izeneko gizon txiki batek, protagonistak, mundua eraldatu zuen, erresuma zapaltzaile batetik herritarrak askatuta. Google-k Willow izeneko txip kuantikoa atera berri du, egungo ordenagailu indartsuenak milioika milioi urtetan –nire buruak ulertu ezin dituen zifrez hitz egiten dute– egingo lituzkeen eragiketak bost minututan egiteko gaitasuna duena.  Horrek Interneteko “arau” guztiak hankaz gora jar ditzake.

Pelikula gogoan izanda, beharbada pentsatu dezakegu txip txiki horren sortzaileak lantzen ari direla Google eta bestelako korporazio teknologikoen zapalkuntza eredua barrutik akabatzen saiatzeko modua. Baina, zoritxarrez, ez da hala izango, txip horren ideia supremazia betikotzea baita.

Bitartean, Google munduko supremazia teknologikoagatik borrokatzen ari den hiri berean, AEBetako San Frantziskon, fentanilo droga plaga bilakatu da. Hainbestekoa da duten arazoa, ezen kaleetan beste berrikuntza bat aurkitu daitekeen: hilgarriak diren gaindosiengatik jendea hil ez dadin, botikak banatzeko makinak jarri dituzte.

Tsunami teknologiko zapaltzaileak jarraitzen du areagotzen, eta horrek eragin handia izango du hezkuntzan, osasunean... bizitzan, azken finean. Baina liluratu barik, oinak lurrean izanda, ikuspuntuak partekatu , eztabaidatu, eta alternatibak sortu ditzagun. Berria den guztia ez dugu behar, baizik eta gure bizitzak mundu aldakor honetan ahalik eta ongien bizitzen lagunduko diguna baino ez.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude