Kakofoniak

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Eremu ez profesionalari loturiko pertsona talde digitaletan, besteoi argudioak emateko adimen artifiziala baliatu duenik ikustea gertatu zait azken urte honetan. Partekaturikoa propioa bailitzan. Norberarena, baina ez jabetzaren zentzuari loturikoa, baizik eta norbere gorputzetik prozesaturikoa. Zerk eraman dezake pertsona bat, adimen artifizialak bere baitan duen kapital informatibo guztiarekin, pareko pertsonen gainean halakorik botatzera?

Pertsonon munduan trebetasun sozialak oso garrantzitsuak dira, horiek ulertzeko moduak oso anitzak. Baina orokorrean, pertsona guztiak ondo sentitzen gara taldean onartuak garenean, gure mundu ikuskera partekatua denean, ulertuak eta parte sentitzen garenean. Puntu horretara heltzeko gizakion estrategiak eta ahaleginak askotarikoak dira. Parekoen talde batean eragiteko adimen artifiziala aukera gisa ikustea, ordea, aztertzeko modukoa da.

Adimen artifiziala indarrez ari da sartzen enpresa munduan, danerako laguntza ematen baitu: dirulaguntza bat eskatzeko testua eta argudiaketa sortzea, programa informatiko bat sortzeko kodea garatzea, jaialdi bat planifikatzeko egitura ematea... Beharbada praktika horietara ohituta, pertsonak eremu pertsonalera eroaten ari dira hor ikasitakoak. Zein mikrohigadura ekar dezake bizitzako eremu hurbilean dinamika hori zabaltzeak? Besteekin hitz egiteko laguntza adimen artifizial bati eskatzen badiogu, zergatik ez zuzenean adimen artifizialekin hitz egin? Mediku artifiziala, irakasle artifiziala, lagun artifizialak... moduko figuratan bilatuko ditugu erantzunak?

Gaur egun adimen artifizial baten emaitza hutsa (tratatu gabea) hautemateko gai garela uste dut, kakofonia baten gisan susmatuko duguna, belarrira ondo ematen ez duen nota bat bailitzan. Baina denborarekin beharbada zailagoa izango da. Ea horrelako praktikak ez diren zabaltzen, eta gure akats, espresio-oztopo eta ezjakintasunetik errespetuz adierazteko aukera ematen diogun geure buruari, gizarte honen parte izaten ikasten jarraitzeko bidean.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude