Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Osatu dira, horretarako bitartekoak jarri, eta nahiko azkar. Ze lasaitua, dena isildu denean. Baina balantza handia izan da, eta begien atzean izu bat gehiago pilatu zaie, uneren batean pentsatu dutelako, gainera, agian, ez zirela inoiz itzuliko, edo ez guztiz. "Pasa zitezkeen bakardade mota hori ezagutu gabe" pentsatu dut.

Bakardadea zure buruarekiko, arroztu zaizun eguneroko ohekide nahitaezko horrekiko. Bere aldetik ibiltzen hasi da, eta zu, geratzen bada horretatik apur bat (zorte hori izan dugu batzuk), hor zokoan egongo zara, neurona atzean uzkurtuta, izututa. Ivan Ferreiro abeslariari entzun nion, uste dut, espresioa; "beldur kosmikoa". Ez dago zeure buruari diozun beldurra baino handiagorik, errealitate esan diozuna desitxuratu, arima, ia nortasuna gezurtatu, eta Poeren ipuin batean sartzen zaituenari. Osatuta ere betirako adi ibiliko zara beste zu hori berriro ez agertzeko.

Bakardadea inguruarekiko. "Ez dute ulertzen" erregu, berriro, izutua: “Ez, ez dute ulertzen”, berez, agian, pneumonia bat ulertzen ez dugun moduan; garuna geratzen zaigu arnasarik gabe, eta garun oxigenatuak ez daude prestatuta oreka kimikoa hautsita zer egiteko gai diren erakusteko garezurrean daraman horri.

Bakardadea psikiatra ez den eta bost minutuz entzun dizun medikuak errezeta liburua baino askoz gehiago ireki ezin duenean zerbitzu publikoetara jotzen baduzu. Bakarrik geratuko zarela adierazten zaizunean, zureari izenik jarri gabe, ez zuk, ez inguruak ulertu gabe, eta arimak eta nortasunak eta buruko kontuek sortzen duten psikologia merke eta esoterismo suntsitzaileen esku, eta, beraz, sendatu gabe. Eta, beraz, esan dizute hiltzen duen gaixotasun batzuk Osakidetzak ez dituela tratatzen. Ez daude psikiatrak denontzat. Ez daude psikiatrak ia inorentzat. Eta gaixotasun psikiatrikoek, depresioak kasu, hil egiten dute. Hilgarriak dira.

Osatu dira, beraz, horretarako bitartekoak jarri, eta nahiko azkar. Bazutelako ia berrehun euro kontsulta pribatua ordaintzeko. Zeren eta Osakidetzak jarritako epeetan, ez zuketen mediku bat beharko, leiho onena zein den seinalatuko liekeen norbait baizik, gainerako bakardadeak isiltzen dituen guztizko hartara jauzi egiteko. Eta jauzi egitean mila azalpen existentzial. Ados. Nik nahiago nuke jauziaren aurretik, serotonina pixka bat. Eta zerbitzu publiko duinak, klaseak hil ez gaitzan, beste behin.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude