Zaldibian hasi zen dena

  • Gipuzkoako Zaldibia herrian hasi zen dena, bai. Herriko ikastetxe bakarrean ‘Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan’ egitasmoa jarri zuten abian, gero herri osora hedatuko zena. Tarte txikian beste hemeretzi herritara zabaldu da proiektua. Neurri handi batean elkarri bizkarra emanda bizi izan diren gurasoak, autoktono euskaldunak eta jatorri atzerritarrekoak, aurrez aurre begiratzen hasi dira, eta elkar entzuten. Lehen urratsa da egiteke dagoen kulturartekotasunaren ibilbide ezezagunean.

‘Euskara eta kulturartekotasuna’ egitasmoa lantzen ari diren eskolen, udalen eta talde-eragileen topaketa antolatu zuen UEMAk martxoaren 7an, Zaldibian. Argazkia: Ibai Arrieta/ ARGIA CC BY-SA
‘Euskara eta kulturartekotasuna’ egitasmoa lantzen ari diren eskolen, udalen eta talde-eragileen topaketa antolatu zuen UEMAk martxoaren 7an, Zaldibian. Argazkia: Ibai Arrieta/ ARGIA CC BY-SA
'Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan' egitasmoa

Egitasmoa UEMAk eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateak abiatu zuten.

Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza dauka.

Egitasmoa Zaldibian abiatu zen 2021-2022 ikasturtean, bertako udalarekin, eskolarekin eta hainbat eragilerekin batera.

2022-2023 ikasturtean, Aizarnazabal, Ibarra, Leitza eta Ondarroako eskolak gehitu ziren. Zestoa

2023-2024 ikasturtean hauek ere ari dira:Alegia, Arbizu, Areatza, Asteasu, Azpeitia, Bera, Itsasondo, Legorreta, Lizartza, Markina-Xemein, Mutriku, Oñati eta Orio.

Azpeitia eta Markina-Xemein: egitasmoa ikastetxe bakarrean gauzatu beharrean, herriko ikastetxe guztiak, udala eta herriko eragileak ari dira hartzen parte esperientzia pilotuan.

20 talde eragile ari dira lanean herriotan.

600 irakasleri eman zaie egitasmoari buruzko ikastaroa.

500 gurasok hartu dute parte proiektuari buruzko aurkezpenetan.

(OHARRA: LARRUN honetako edukiak, salbu eta Maialen Zuazori egindako elkarrizketa, 2023ko abenduaren 1ean, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatutako jardunaldian du oinarria. Euskara eta kulturartekotasuna hezkuntza-komunitateetan II. Praktika onak eta ekarpen berriak izeneko jardunaldiak egin ziren. Youtuben daude bideoak izenburu hauekin: Euskara eta kulturartekotasuna. Praktika onak; Proiektuaren zabakundea: 18 herri berri; Herrian ere eragitea; Gurasoen partaidetza eta Kurtso hasierako bileraren eraldaketa)

Eider Amundarain Zaldibiako Lardizabal Herri Eskolako zuzendaria da. Herrian egitasmoa martxan jarri zutenetik, hainbat aldiz, herrian bertan, eta herritik kanpo, azaldu du haiek nondik abiatu ziren. “Erronka edo korapiloa” zeukaten ikastetxean, arnasgunea den herrian euskarari eutsi nahi zioten, eta era berean, euskaraz ez zekiten familiak eskolan parte hartzea nahi zuten. “Parte hartzeko garaian euskara oztopoa edo korapiloa zen”. Nola uztartu daitezke biak?

Karmele Perez eta Amelia Barquín Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak dira eta proiektuan buru-belarri ari dira lanean. Amundarainen moduan, Perezek askotan azaldu du proiektuaren ardatza ikastetxeetan eta herrietan. Zaldibiarako eta gainerako ikastetxe guztietarako landutako helburuak zehatz zerrendatu ohi ditu HUHEZIko irakasleak: euskaraz bizitzea (oraindik erronka da); familia guztiekin komunikazio eta giro abegikorra bermatzea, baita euskaraz ez dakitenekin ere; eta euskararen eremutik eta euskalduntasunetik kulturarteko harremanak sustatzea. Beste jatorriko jendearen parte-hartzea ere sustatzea.

Urteotan probatu eta balio izan duten “praktika onak” bilduta dauzkate, dozena bat, eta ikastetxe bakoitzean azaltzen dituzte


Egitasmoan dauden herrietan eta ikastetxeetan, ekiten diotenean, hau da, ekintzak pentsatu eta gauzatzen dituztenean, hiru helburu horiek lortzeko egiten dira. Abiapuntua edo oinarria ezarrita daukate eta hortik aurrera, proiektua bera izan arren, ikastetxez ikastetxe eta herriz herri ekintzak bakoitzak berera moldatzen ditu. Urteotan probatu eta balio izan duten “praktika onak” bilduta dauzkate, dozena bat, eta ikastetxe bakoitzean azaltzen dituzte. Batez ere ikastetxeko hainbat egoera komunikatibori erantzuteko prestatuta dituzte tresnak edo formatuak. Arrakasta izan duen eta herriz herri zabaltzen ari diren formatua eskolako bilerena da. Ikasturte hasieran gurasoekin egiten zen bilerak bestelako itxura hartu du. Orain bi zati izaten ditu. Lehenengoa informazioa jasotzeko bilera izaten da, irakasleek eskainitakoa. Bilera bakarra egiten da, eta euskaraz. Aldibereko itzulpena eskaintzen da gaztelaniara. Bigarren zatian, gurasoak talde txikitan biltzen dira eta hainbat gairen inguruan hitz egiten dute. Hizkuntzaren kudeaketa libreagoa da zati horretan: talde batzuetan euskaraz egingo dute, besteren batean xuxurlaria erabiliko dute euskaraz ez dakienari itzultzeko, besteren batean gaztelaniaz egingo dute. Talde txikien helburua hainbat jatorritako gurasoak elkar ezagutzea eta harremanak estutzea da.

“Eskolan ez genuen ezer ulertzen euskaraz, eta zuzendariari esan genion laguntza behar genuela, itzulpena behar genuela. Azken bileran jende asko joan gara, guraso atzerritarrekoak, ulertzen dugulako, entzun dezakegulako”. Adierazpen horiek Zaldibiako ikastetxean jatorri atzerritarreko guraso batzuek esandakoak dira, bilerak euskara hutsean egiten ziren garaikoak. Hizkuntzen kudeaketa aldatuta, hezkuntza komunitateko giroa aldatzen hasi zen.

Zaldibiako topaketetan 24 herritako ordezkariak elkartu ziren. Argazkia: Ibai Arrieta / Argia CC BY-SA

Udalerri euskaldunetan ari dira lanean
Maialen Zuazo ‘Euskara eta kulturartekotasuna’ egitasmoaren koordinatzailea da, UEMAko teknikaria. UEMAko herrien bilakaeraren gako batzuk aletu ditu berak. Nabarmendu du hizkuntza ez dela aldagai bakarra eta udalerri euskaldunetan gertatzen ari diren aldaketak gogoan hartu behar direla, esate baterako, aldaketa demografikoak. Azken mendean ia bikoiztu egin da udalerri euskaldunetako populazioa. Ez da eremu guztietan berdin gertatu, udalerri euskaldunenak direnetan, arnasgune beteetan, gutxitu egin da biztanleria.

Hazkunde horren atzean biztanle mugimenduak daude. Mugimenduetan bi garai nabarmentzen dira: batetik, 1950-1980 artean ia bikoiztu egin zen biztanle kopurua, batik bat espainiarrak etorrita. Bestetik, 2000. urtetik aurrera beste igoera bat gertatu zen, Espainiako Estatutik kanpokoak etorrita batez ere. Bestalde, azken hamarkadan, Hego Euskal Herrian, jaiotze tasak behera egin du %2,4. Udalerri euskaldunetan 3 puntukoa da beherakada.

Hala, joera da, gero eta gehiago, udalerri euskaldunetan jaiotzen diren umeen guraso bat edo biak jatorri atzerritarrekoak izatea.
Faktore horiek hiztunen profilean eragiten dute. Badaude euskara belaunaldiz belaunaldi jaso duten herritarrak, baina gero eta gehiago dira euskara kalean edo eskolan jaso dutenak. Hor jarri du fokua Zuazok, “ama hizkuntza euskara ez duen gero eta herritar gehiago dago udalerri euskaldunetan”. Herritar horiek euskaraz ez baizik eta beste hizkuntza batean errazago moldatzen dira, gehienetan gaztelaniaz. Zuazok Iñaki Iurrebaso soziologoak doktore tesian emandako datua ekarri du gogora, hau da, Hego Euskal Herrian hiztunen %7,4a baizik ez da moldatzen euskaraz gaztelaniaz baino hobeto. Zuazoren ustez, herriak gero eta hauskorragoak izango dira euskaraz gaztelaniaz baino hobeto moldatzen diren hiztunen kopuruak behera egin ahala, eta hauskortasunak zaildu egingo du gertatzen ari diren aldaketei aurre egitea.

Azken urteotako aldaketa demografiko eta soziolinguistikoak aintzat hartuta, Zuazok dio UEMAk erronka berriak dituela, “eta horietako bat da euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko behar izugarria. Asko hazi da estatu kanpotik etorritakoen familia kopurua. Beste gauza askok ere bai, baina horrek ere eragina du herriko euskararen egoeran, ezagutzan, erabileran eta hizkuntzaren kudeaketan”. 

 

Telegram efektua eta beste

 

Tresnak, baliabideak, ekintzak... probatzen ari dira ikastetxez ikastetxe. Batzuek emaitza hobeak dituzte beste batzuek baino. Praktika onak biltzen ari dira eta elkarri kontatzen. Tankera eta munta guztietako praktikak daude, hasi Zaldibiako Udalaren harrera planetik eta Ondarroako Zaldupe ikastetxean “berba kuttunena”ren jardueraraino. Garrantzi handia hartu duten eta asko hedatu diren hiru praktika azalduko ditugu hemen.

Marko linguistikoa partekatu

“Azaldu behar dugu zergatik tematzen garen euskararen biziberritze prozesuarekin, normalean inork ez die azaltzen [atzerritik etorriei], eta hain da garrantzitsua guretzat. Adostu behar dugu zein oinarritatik hitz egingo dugun”. Karmele Perez Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakasle eta proiektuan bidelagun denaren hitzak dira. Marko linguistikoa zer den azaltzen ari da. Marko linguistikoa azaltzen dutenean oinarri hauek dituzte gogoan: familien hizkuntzekiko abegikortasuna lantzen da, nola erreparatu familietako hizkuntzei; elkarrekikotasunaren garrantzia; identitate pluralaren aldeko jarrera; eta elkarrizketa eta parte-hartzea sustatzea.

Marko linguistikoa ikastetxeetako guraso eta irakasleekin lantzen hasi ziren. Gaur egun, herri batzuetan gehiago zabaldu da eta herri eragileekin ere lantzen dute. Perezek kontatu du harrera oso ona izan duela ekimenak, bai euskaldunen artean, baita ez-euskaldunen artean ere. Parte-hartzaileek modu honetako balorazioak egin dituzte: “enpatia ariketa”, “lana”, “erronka handia”, “ilusioa pizten du”, “estrategikoa”, “bazen garaia!”, “kontzesioak egin”, “herri hitzarmena”.

Perezen ustez, “ulermen konpartitu batetik abiatu behar da eta marko linguistikoa lantzen dutenekin, badirudi, lortzen dela”. Irakasle guztiek lantzen dute marko linguistikoa, ikastetxearen egitekoetan txertatuta dagoelako, baina gurasoen parte-hartzea gorabeheratsua da, batzuetan asko, eta beste batzuetan ez.

Zaldibiak marko linguistikoa azaltzeko diptikoa egina dauka eta Azpeitiak hainbat hizkuntzatara itzuli du.

Telegramaren erabilera euskara sustatzeko

Garrantzi handia hartu du Telegramak egitasmo honetan, eta bada jendea “Telegramaren egitasmoa” deitzen dionik. Nolabait esan, “Telegram efektua” gertatu da hainbat guraso eta irakasleren artean, alegia, uste izatea proiektuaren ardatza komunikatzeko kanal hori dela. Ez da hala, jakina. Dena den, Telegram oso tresna eraginkorra bilakatu da prozesu honetan. Software librea da, doakoa, eta hainbat aukera ematen ditu. Batez ere bi helburu lortzeko ari dira erabiltzen aplikazioa: batetik, kanal baten bidez, euskaraz ulertzen ez duten gurasoek aurikularren bidez aldibereko itzulpena jaso dezakete (itzultzailea irakasle bat da), eta bestetik, Elhuyarrek Elia itzultzaile automatikoa Telegram aplikazioan integratu du, eta beraz, taldeetan euskara lehenesteko aukera ematen du eta euskara ulertzen ez duenak bost hizkuntzatara aldatzeko aukera dauka. 

Aldibereko itzulpena Telegrameko kanala erabilita

Egitasmo hau abian jarri baino lehen ere, erabiltzen zen Telegram sistema aldibereko itzulpenetarako. Gaur egun, ordea, egitasmo honi esker, are gehiago zabaldu da erabilera bai ikastetxeetan baita herrietan ere. Egitasmoaren bultzatzaileek argi dute Telegram ez dela komunikazio zailtasun ororen salbatzailea, baina hainbat komunikazio egoeratan euskara lehenesteko aukera ematen du. Itzulpenak horrela egitearen atalik zailena itzultzailea da. Pertsona batek egin behar baitu, gaitasuna eta prestutasuna duten gurasoak eta irakasleak behar izaten dira horretarako. Telegram nola erabili erakutsi dute ikastetxeetan, baina azalpen sakonagoak eskaini behar izan dituzte, hau da, zergatik erabiltzen den aplikazio bat komunikaziorako. Zaldibian hasitako egitasmoaren muina azaltzen diete Telegram tresnaz hitz egiterakoan. Labur esanda, tresna horretaz baliatzen direla eskolako bileretan euskara lehenetsi dadin, gurasoak ez daitezen banatu hizkuntzaren araberako bileratan, eta ez-euskaldunekin komunikazio oztoporik egon ez dadin euskaraz egiten delako.

 

Elkarrengandik hain urrun daudenak gerturatzen

‘Euskara eta kulturartekotasuna hezkuntza-komunitateetan II. Praktika onak eta ekarpen berriak’ jardunaldietan hiru gurasok hartu zuten parte mahai-inguru batean. Hauek izan ziren hizlariak: Amaia Mendizabal Elias (Azpeitiko Ikasberri ikastola), Zineb El Gahouti El Gharradi (Zaldibiako Lardizabal Herri Eskola) eta Josu Egiguren Urrusolo (Ondarroako Zaldupe Eskola). Gidaritza lanak Amelia Barquínek egin zituen. Hirurek proiektua abian jarri zenetik ikastetxean gurasoen artean zein giro sortu den eta harremanak nola ari diren garatzen kontatu dute.

Ezkerretik eskuinera: Josu Egiguren, Zineb El Gahouti eta Amaia Mendizabal. Argazkia: Mondragon Unibertsitatea.

Zer aldatu da zuen ikastetxeetan proiektuaren ondorioz?
Amaia Mendizabal:
Aldaketarik handiena gure baitan gertatu da, gure pentsamoldean. Kontzientzia hartzeko prozesu bat izan da. Udaberrian, zurekin [Amelia Barquín] eta Karmelerekin [Perez] hasi ginenetik lanean, Azpeitiko ikastetxe denak ari gara lanean. Amelia, zuk lehen kontatu duzuna guk ere ikusten genuen, eskolara haurren bila joaten ginenean ikusten genuen zenbait guraso bakarrik zeudela edo jatorriaren araberako taldetan. Edo ikusten genuen ez zirela etortzen guraso bileretara, ez zutela parte hartzen ikastolako egituratan. Ez dut uste kontziente ginenik horren atzean zegoenaz. Nik etxean ere bizi dut egoera hori, bikotekidea italiarra da eta oso modu ezberdinean bizi genuen ikastolarekiko harremana. Berak distantzia batetik bizi zuen, eta gabezia batetik. Ez zen gai guraso bileratara joateko, xuxurlariaren zerbitzua eskaintzen zen, baina halako deserosotasun bat sortzen zuen.

Horrez gain, gure arteko harremanak aldatzen hasi dira. Zubi batzuk eraikitzen ari dira, nahiz eta oso xumeak izan oraindik. Telegramak funtzionatzen ez zuen horietako batean, nire mugikorra utzi nion emakume marokoar bati, eta orain egunero gure seme-alabak uztera autobus geltokira joaten garenean, elkar agurtzen dugu, eguraldiaren inguruan pare bat esalditxo, irribarre bat... Lehen pertsona horiekin ez neukan inolako harremanik, nahiz eta autobus geltokian lehen ere topo egiten genuen.
Nire bikotekidearen asebetetzea ere aldatu da. Aurten guraso bileretara bera joan da, berak hala eskatuta, eta izugarri pozik bueltatu da.

Amaia Mendizabal, Ikasberri Ikastolako (Azpeitia) gurasoa: “Ez dugu kontrako jarrerarik jaso proiektuaren inguruan, baina bai jarrera pasiboak; ‘nik azpeitiarrez idazten jarraituko dut’, adibidez. Hor atzean badago, ‘ni hemen nago, bera etorri da, ikasi dezala euskara’’’


Zineb El Gahouti: Zaldibian ere antzeko ibili gara. Ikastetxearen eta euskaraz ez dakiten gurasoen arteko harremana aldatu da, gertutasun handiagoa dago, komunikazio eta konfiantza handiagoa. Lehen, ia harremanik ez zegoen, baina proiektuari esker, aldaketa handia izan da, bai ikastetxearen eta familien artean, baita gurasoen artean ere.  Guraso batzuen artean inolako harremanik ez zegoen, elkar agurtu ere ez zuten egiten. Telegramen erabilerari esker, eta talde-dinamikei esker, ikastetxeko bileretan gerturatze bat egon da, aurreiritziak puskatzeko balio izan du.

Josu Egiguren: Gurean ere antzera gabiltza. Ikusten genuen gai bati heldu diogu; hori izan da guretzat garrantzitsua, lantzen hasi garela. Gure aurrekoek ere egingo zuten lana gai honen inguruan, baina beste modu batez heldu zaio orain, gehiago jabetzen gara gertatzen ari denaz, eta lan ona egiten ari garela uste dut. Eskolan ahalegina egiten dugu, ari gara lanean, baina adibidez, neuri ikastetxetik irtenda jende berriarekin harremanak egitea asko kostatzen zait, etorkina izan edo euskalduna izan. Ikastetxean lana egiten ari gara, baina kanpoan lan asko dago egiteko.

A. Barquín: Gogoratzen naiz marko linguistikoa partekatzeko ariketak egitera joan ginenean zenbat guraso etorri ziren, 40-50?
j. egiguren: Nire haurren guraso bileretan Telegram erabiltzen da eta egin ditugun bileretan euskara ez dakiten gurasoak oso-oso pozik ikusi ditut.

Ikastetxe bakoitzean, gurasoen artean, zer ari da mugitzen?
A. Barquín:
Zineb, zurekin hasiko naiz, irailean markoaren [marko linguistikoaren] azalpena eman zen guraso eta irakasle berrientzat. Markoaren zati bat azaldu zenuen. Nola bizi izan zenuen hori?

Z. El Gahouti: Proiektuaren hasieratik hartu dut parte, eta familia eta irakasle berriei gure proiektua nik azaltzea oso atsegina eta interesgarria izan da. Orain ez dago aitzakiarik, lehen bai, lehen esango zenuen ez zindoazela bilerara zeren ez zenuela ulertzen, kexak zeuden lehen. Orain ez dago aitzakiarik ez joateko, ez bada ez zaizula interesatzen. Sentsazioa ona da, jendeak eskertzen du.

Zineb El Gahouti, Zaldibiako Lardizabal Herri Eskolako gurasoa: “Lehen, ia harremanik ez zegoen, baina proiektuari esker, aldaketa handia izan da, bai ikastetxearen eta familien artean, baita gurasoen artean ere” 

A. Mendizabal: Gu, Ikasberrin, hastapenetan gaude. Abuztu bukaeran bildu ginen talde eragilea eta artezkaritza batzordea eta erabaki zen ikastolako komunitateari aurkeztea proiektua. Esan duzue Ondarroan arrakastatsua izan zela, eta Azpeitian ere, esango nuke momenturik politenetako bat izan dela. Entzun ote dute kulturartekotasunaren inguruan zerbait? Etorriko al da inor? Udaleko areto bat hartu genuen, jende asko etorriko balitz ere, baina.. beldur handiarekin. Ehun pertsona azaldu ziren eta horietatik hogei ez-euskaldunak. Izugarrizko harrera izan zuen proiektuak. Aurkezpena garrantzitsua izan zen ondorengo urratsek zentzu bat edukitzeko. Zubiak eraikitzeko ere balio izan zuen.

“Bazen garaia” esaera atera zen. Konturatu ginen jendeak bazuela behar bat gai honi heltzeko, gogotsu etorri ziren. Familia ez-euskaldunekin feedbacka edukitzeko aukera izan zen. Grabatuta geratu zitzaidan: emakume saharar bat etorri zitzaigun esanez oso gogorra egin zitzaiola, beraien kulturan oso sozialak direla, norbait kanpotik etortzen baldin bada harrera beroa egitea ateratzen zaiela kulturalki, hemen, berriz, eskolara joan, eta askotan inork ez zion hitz egiten, begiratu ere ez, eta esaten zuen, “askotan egin dut negar etxera joandakoan”. Lehen esan dudana: ez dakit zenbateraino jabetu garen zein urrun geunden ikastolako komunitateak.

Proiektua saltzeko eta feedbacka lantzeko momentua izan zen aurkezpen hura. Ondoren etorri dira aldaketak: guraso bileraren aldaketa, guraso talde denak [Whatsappetik] Telegramera pasa gara, kostatzen ari zaigu batuaz idaztearen kontua [entzuleak barrez], asko, baina bagoaz. Hitzaldiak eta horrelakoak ere sistematizatu ditugu, itzulpen zerbitzua egon dadin.

A. Barquín: Egunen batean hitz egin behar dugu ea nola lortzen den horrenbeste guraso etortzea.

A. Mendizabal: Familia ez-euskaldun guztiei telefonoz banan-banan deitu genien proiektuaren berri emateko eta aurkezpen ekitaldira gonbidatzeko.

Josu Egiguren, Ondarroako Zaldupe Eskolako gurasoa: “Gure aurrekoek ere egingo zuten lana gai honen inguruan,  baina beste modu batez heldu zaio orain, gehiago jabetzen gara gertatzen ari denaz” 

J. Egiguren: Guraso elkarteko kide bezala ari naiz orain hizketan. Telegram erabiltzen dugu, baina asko kostatzen da gurasoak konbentzitzea aplikazio batetik bestera pasatzeko, nahiz eta azaldu behin eta berriz zertarako den. Nire semeen mailako taldeari azalpenak eman zergatik erabiliko dugun Telegram eta Whatsappeko taldetik irten egin nuen, baina badakit jendeak hor jarraitzen duela, eta oraindik informazio gehiena horra bidaltzen dutela. Azaroan, berriz, ikastetxea saiatu da Telegramen sartu gabe dagoen jendea berreskuratzen eta jende asko sartu da. Eskolaz kanpoko ekintza moduan arabiera eskolak eskaintzen hasi gara. Txinera eskolak abiatzen saiatu gara, baina ez dugu lortu.

Eskolaren ekimenez, kulturartekotasun jaia antolatu zen iaz eta jendea oso pozik geratu zen. Garrantzitsuena da, ordea, iazko ekitaldiari esker ikusi diren behar batzuk kontuan hartuta, gauza berriak sortzen ari garela. Adibidez, gai horiek bideratzeko batzordea sortu da, eta erabaki da jai bat, txokolatada bat, egingo dela hilean behin. Hilabete bakoitzean bi maila. Hori erabili nahi dute zubiak eraikitzen jarraitzeko, eta ez dadin izan egun bateko jaia.

A. Barquín: Telegramera pasatzeak badauzka bere oztopotxoak, ez da beti bide erraza. Eskola guztietan argi dute 2 urteko gelan proposatuko zaiela soilik Telegram taldea sortzea, eta ez Whatsapp taldea. Dena den, eskola bakoitzak darama bere prozesua, gorabeheratsua batzuetan.

J. Egiguren: Batzuetan haserretu eta beste batzuetan barre egiten dut. Ondo azalduta ere, batzuk ez dira pasatzen [Whatsappetik Telegramera]. Hiru pauso baino ez dira, baina denetarik dago, “ahalegindu euskara batuan idazten”, bada ez, “euskaraz baino ez idatzi zeren itzultzailea berak dauka eta bidali iezaiozu zelan itzultzen den azaltzekoa”, bada ez, mezu bera euskaraz eta erdaraz idatzita. Gutxika ikasiko dugu.

Zineb El Gahouti, Zaldibiako Lardizabal Herri  Eskolako gurasoa: “Bi aldeetatik pixka bat amore eman behar dugu: pertsona migratzaileak kontzientziatu euskararen garrantziaz. Beste aldetik ere bai, amore eman, eta gaztelaniaz ere hitz egin”

Zer izan da zaila? Zer izan da erraza?
Z. El Gahouti: Zailena jendea atzematea izan da, jendea konbentzitzea gauzak aldatu egin direla, orain komunikatzeko beste modu bat dagoela, hasieran kosta egin da, baina poliki-poliki jendea kontzientzia hartzen joan da, konturatu da erreminta bat dela komunikaziorako, gauzen berri izateko. Hain zuzen, guraso ez-euskaldunek orain gehiago parte hartzen dute.

Errazena? Jabetzea komunikazioa oso garrantzitsua dela, parte-hartzea, eta batik bat gure seme-alaben integrazioa erraztea, garrantzitsuak direla. Batez ere integrazio prozesuak bizi izan ditugunontzat, eta euskararen kudeaketa txarra sufritu dugunontzat. Ni hona etorri nintzenean behintzat. Eskola garaian etorri nintzen eta A eredura bideratu ninduten, D eredura bideratu beharrean, eta ez dut ulertzen, euskara ez ikastearen ondorioak bizi behar izan nituen eta oraindik ere hala jarraitzen dut [euskara ikasten ari da]. Horretaz guztiaz jabetzen naizenez, proiektu honek bultzatzen nau eta motibatzen nau parte hartzera. Jendea gonbidatzen dut proiektura gerturatzeko eta ez dezatela izan hizkuntza muga egitasmoan egoteko edo parte hartzeko.

J. Egiguren: Ados Zinebekin. Zailena harrapatzea da. Denok ez dauzkagu abilidade berberak jendearengana gerturatzeko, adibidez, guraso ez-euskaldunengana gerturatzeko, baina beti dago jendea hobeto moldatzen dena. Eta hizkuntza ez dadila oztopoa izan denok hobeto egoteko, elkarbizitza errazagoa izateko.

A. Mendizabal: Uste dut denok berdin gabiltzala. Uste dut zailena dela hizkuntza traba moduan ez ikustea. Errazena izan da proiektuaren inguruan ilusioa sortzea, eta badago halako poz bat, baina gero konturatu gara orain arte erabiltzen genituen komunikazio kanalek ez dutela balio zenbait familia ez-euskaldunengana iristeko. Aurten Kilometroak antolatzea egokitzen zaigu eta zer diren azaltzeko hitzaldi bat eman genuen. Ikastolan, oker ez banago, 40 familia ez-euskaldun daude, deitu zitzaien eta bi pertsona etorri ziren. Zerbaitetan ez gara ari asmatzen. Josuk esan duenaren ildotik, ikusten ari garena da komunitateen artean mesfidantza eta distantzia handia egon dela, eta orain, lehenengo eta behin, tokatzen da konfiantza eraikitzea, eta hori asko egiten da aurrez aurrekoan. Orain konplizitateak eraiki behar ditugu, hurbiltzea edo parte-hartzea lortzeko.

J. Egiguren: Parte-hartzea edo jendea erakartzea esaten dugunean, orokorrean, esan nahi izaten dugu ez-euskaldunak erakarri nahi ditugula, baina nik uste dut abiapuntuan euskaldunak gaudela. Gu erosoago gaude, guk errazagoa daukagu, eta ez dut esango euskaldunen jarrera txarra denik, baina...

A. Mendizabal: Pasiboa.

J. Egiguren: Bai, hori da. 500 umeko eskolan. Guraso elkarteak bilera antolatu eta guraso bi datozkizu, eta bat guraso elkartekoa. Norak [Zestoako Udaleko euskara teknikaria, aurreko hitzaldia eman du] esan du askotan fokua jartzen dela ez-euskaldunetan, eta uste dut fokua guztiz alderantziz jarri beharko zela, euskaldunengan.

Nola bultzatu familien parte-hartzea? Nola mantendu prozesu hauek bizirik? Nola jarraitu aholkulariak desagertzen direnean?
Z. El Gahouti: Elkarrekin komunikatzearen garrantziaz kontzientziatzen jarraitu behar da. Komunikatzeko, ekintzetan parte hartzeko, bileretara joateko, ez ikastetxean bakarrik, baita herrian ere. Herri txikietan elkarrekin topo egiten dugu, nahi ala ez nahi, elkarbizitza derrigorrezkoa da, beraz, bi aldeetatik pixka bat amore eman behar dugu, enpatia izan, pertsona migratzaileak kontzientziatu euskararen garrantziaz, euskarak zer esan nahi duen Euskadirentzat eta herri hauentzat, eta beraien seme-alabentzat ere bai. Beste aldetik ere bai, amore eman, eta gaztelaniaz ere hitz egin. Komunikazioa erraztu. Ixten garenean, euskarari ez diogu batere mesederik egiten, zeren batzuetan autoktono euskaldunak itxi egiten dira. Orain dela hogei bat urte guraso elkartean sartu nintzen ilobagatik, eta guraso batzuk ez zeuden batere prest gaztelaniaz egiteko. Euskaraz ez genekien bi geunden. Guraso hark zioen gaztelania egitea kosta egiten zitzaiola. Zer lortu zuen? Nik alde egin nuen, halako kontrako giroa zegoen toki batean ez nuen egon nahi. Jarrera malgua, irekia, elkar ezagutzeko aukera eman, elkarbizitzara derrigortuta gaude, eta adostasunetara iritsi behar dugu.

J. Egiguren: Eskolan ‘familia laguna’ figura sortzeko asmoa dago. Ez-euskaldunak eskolara heltzen direnean, familia boluntarioa haiekin egongo da eta ikastetxea erakutsiko diete, guraso elkartea, baita herria eta herriko ekintzak ere. Bestetik, egitasmoa herri osora zabaltzeko asmoa dago.

A. Mendizabal: Parte-hartzea dator konplizitateak eraikitzetik, harreman osasuntsu eta abegikorrak eraikitzetik. Zinebek oso ondo azaldu du: denok mugitu behar dugu, komunitate osoaren erantzukizuna da hau. Norak kontrako jarrerak aipatu ditu, guk ez dugu kontrako jarrerarik jaso proiektuaren inguruan, baina bai jarrera pasiboak; “nik azpeitiarrez idazten jarraituko dut”, adibidez. Hor atzean badago, “ni hemen nago, bera etorri da, ikasi dezala euskara. Nire lekutik ez naiz mugituko”. Horrek ez du laguntzen. Azpeitia bezalako arnasgune batean, euskara guztion hizkuntza izan dadin, elkarren artean jardun behar dugu eta zubiak eraiki behar ditugu. 

Argazkia: Mondragon Unibersitatea.

 

“Orain hobeto ulertzen dute zergatik daukagun euskaraz bizitzea helburu”


Maialen Zuazo, ‘Euskara eta kulturartekotasuna’ egitasmoaren koordinatzailea eta UEMAko teknikaria

Euskaldun autoktonoak eta jatorri atzerritarreko gurasoak bidea nola egiten ari diren kontatu digu Zuazok. Ez du egitasmoa idealizatzerik nahi: “Oso gai sentikorrak ukitzen ditu, hala nola hizkuntza, identitatea, kultura, integrazioa... Bakoitzak bere min, frustrazio eta bizipenetatik bizi izan dituen kontu oso sentiberak dira”. Hala, orain arte elkarrengandik urrun egon direnak elkar entzuten hasiak dira.


“Bazen garaia”, hezkuntza komunitateko kideen inpresioak jaso dituzuenean askotan atera den esamoldea da. Zer esan nahi du horrek?
Ikusi dugu badirela urte batzuk hainbat faktoreren ondorioz udalerri euskaldunetan eta arnasguneetan errealitatea aldatzen ari dela. Ikasleen hizkuntza soslaia ere aldatzen dabil. Kezka bazegoen; hezkuntza komunitatean eta herrian zelan eragin euskaraz funtzionatzen jarraitzeko, baina beste komunitateen parte-hartzea ere sustatuta. Egitasmoa, ustez, Zaldibiak zeukan errealitateari erantzuteko jarri genuen martxan, baina ez da Zaldibiako errealitatea bakarrik. Beste hainbat herritan ere, korapilo antzekoak daudela ikusi dugu. Ez dakit esango nukeen berandu gabiltzala, baina lehenagotik zetorren erronka.

Egitasmoaren protagonistak gurasoak dira?
Guk esaten dugu ezetz, gure lehenengo jomuga jatorri atzerritarreko gurasoen seme-alabak direla, eta horiek euskaldun eta hiztun oso izatea dela helburu nagusia. Baina horretarako ezinbestekoa da gurasoek ere euskararekiko jarrera ona edukitzea, hezkuntza komunitatean parte hartzea, eta abar. 

Baina gurasoekin egiten duzue lan.
Gurasoekin ari gara batez ere lanean beharra ikusi dugulako. Guraso batzuk hezkuntza komunitatetik aparte egon dira, ulermen eta komunikazio arazoak gurasoek zeuzkaten… Hurbiltzea ezinbestekoa da umeengan eragin positiboa edukitzeko.

Argazkia: Esti Maguregi.

Euskaraz ulertzen ez duten gurasoekin zubiak eraikitzeaz ari zarete, baliabideak jartzen eta probatzen. Guraso horiek euskara ikasterik ez da espero?
Korapilo batzuk askatzen ari gara, bitartekoak eskura jarrita hainbat komunikazio egoeratan ulermena bermatzea lortzen ari gara, zubi batzuk eraikitzen ari gara, orain arte hezkuntza komunitatean eta herrian parte hartzen ez zuten hainbat herritar hasi da parte hartzen… Esan daiteke harreman eta konplizitate batzuk sortzen ari direla. Baina zer gertatzen da? Harremanak egoera informaletan ematen direnean, ezin denean aldibereko itzulpenik edo Telegram kanalik erabili, hizkuntza nagusia gaztelania dela. Zeren oinarri bat finkatzen ari garela uste dugu, orain arte euskararengandik gertu ez zegoen jendea hurbiltzen ari da eta jarrera ona adierazten ari da, baina guretzat ezinbestekoa da herritar guztiek, maila batean edo bestean, euskara ikasteko saiakera egitea, ze bestela ez dugu lortuko euskaraz bizitzen jarraitzea. Egitasmo honek aurrez aurre jarri digun erronka potoloena da. Horretarako inbertsio, baliabide eta metodologia guztiak beharrezkoak izango dira. Ez da batere erraza, baina ez dago besterik. Zubiak bi norabideetakoa izan behar du.

Zertaz ari dira jabetzen kanpotik etorritakoak?
Herri askotan ikusi dugu jakintzat ematen genuela kanpotik hona bizitzera etorri diren herritarrek badakitela hau herri euskalduna dela, badakitela euskara zein garrantzitsua den guretzat, badakitela… Eta agian ez, edo ez behar beste. Kanpotik etorritako gehienekin ez da ariketa hori egin: patxadaz azaldu euskarak bizi izan duen eta bizi duen zapalkuntza, eta horregatik, zergatik ematen diogun lehentasuna euskaraz funtzionatzen jarraitzeari. Orain hobeto ulertzen dute zergatik daukagun euskaraz bizitzea eta euskarari eustea helburu. 

Eta euskaldun autoktonoak?
Beste familia hizkuntzei garrantzi handia ematen ari gara. Egitasmo honetan enpatia ariketa egiten da, hau da, guk argi daukagu gure herria udalerri euskalduna dela, baina orain ari gara ikusten gainontzekoen familia hizkuntzak errespetatzea inportantea dela, eurek ere euskararekiko jarrera ona eta abegikorra eduki dezaten. 

“Guretzat ezinbestekoa da herritar guztiek, maila batean edo bestean, euskara ikasteko saiakera egitea, ze bestela ez dugu lortuko euskaraz bizitzen jarraitzea”

Autoktono ez-euskaldunek zer diote? 
Herri batzuetan, hizkuntzaren kudeaketari dagokionez, korapilo nagusiak ez dira etorri jatorri atzerritarreko familiengandik baizik eta autoktono ez-euskaldunengandik. Ikuspegia desberdina da, kulturaniztasunetik baino, beste bide batetik jorratu behar da. Eurak ere euskarara erakartzeko ahalegina egiten ari gara.

Zein erresistentziekin egin duzue topo?
Lanketa hau ezin dugu idealizatu. Zeozer berria den heinean, ikasten ari gara, eta ikasketa prozesu honetan badaude zailtasun eta erresistentziak. Egitasmoak herritarrentzako, bai autoktonoentzako bai kanpotik etorri direnentzako, oso gai sentikorrak direnak ukitzen ditu, hala nola hizkuntza, identitatea, kultura, integrazioa… Bakoitzak bere min, frustrazio eta bizipenetatik bizi izan dituen kontu oso sentiberak dira. Orain arte egin ez den ariketa egiten hasi garenean, alegia, elkar entzutea, egoera deserosoak sortzen dira, baina prozesua aurrera doan heinean ikusten ari gara egoera deserosoak neutralizatzen direla, eta enpatia ariketa oso potentea egiten dela.

Beste alde batetik, egitasmo hau ez da gelditzen hausnarketa hutsean, oinarri bat finkatzen da, eta hasieratik aldaketa praktikoak proposatzen dira, eta horrek sortzen ditu erresistentziak. Nahiko adierazgarria egin zaigu, adibidez, hezkuntza komunitatean gertatutakoa: klaustroetan proiektua azaldu dugunean gehiengoa bat zetorren oinarri filosofikoarekin, baina proposatzen genuenean, adibidez, tutoreek gurasoekin egiten dituzten gela bileren formatua aldatzea, erresistentzia asko izan ditugu irakasleen aldetik. Hasieran, klaustroetan zalantzak eta erreparoak jaso izan ditugu, gero, gela bilerak egin direnean, oso balorazio positiboak jaso ditugu. 

Eta gurasoengandik?
Batzuek atzerapausotzat hartu dituzte zenbait gauza, baina gero, uste dut konturatu direla pauso batzuk atzera egitea ezinbestekoa dela beste hainbat aurrera egiteko. Ez dira gai errazak, eta ezinegonak egon dira hainbat aldetan.

“Egoera deserosoak sortzen dira, baina prozesua aurrera doan heinean ikusten ari gara egoera deserosoak neutralizatzen direla, eta enpatia ariketa oso potentea egiten dela” 

Adibidez, batzuetan gaztelania erabili behar dela?
Edo Telegram taldeetan herriko euskalkia erabili beharrean euskara batua erabiltzea gomendatzen denean. [Gaztelania erabiltzeari dagokionez] Gela bileretan talde dinamikak egitea planteatzen denean, talde txiki batzuetan gerta daiteke gaztelaniaz egin beharra, eta horrelako egoeratan euskaldun autoktono batzuen aldetik erresistentziak sortu dira.

Eta etorritakoen aldetik?
Egongo dira erresistentziak, hainbeste herritan gabiltza! Batez ere, esango nuke adierazi digutela hau berandu datorrela, lehen aipatu duzun “bazen garaia” esamoldearen haritik. Guraso batzuek aipatu dute orain arte hezkuntza komunitatean baztertuta sentitu direla, euren parte-hartzea mugatuta egon delako hizkuntzarengatik. Orain, diote, baliabideei esker ulertzen dutela eta euren seme-alaben ikasketa prozesuaren parte izan daitezkeela. Horri garrantzi handia ematen diote. 

Udalerri gehienetan ikastetxeko proiektua da. Helburua udalerri osora zabaltzea da? 
Markina-Xemein eta Azpeitian proiektu pilotua egiten ari gara. Orain bukatuko den ikasturtea izango da lehenengoa. Herri handi samarrak dira eta ikastetxe guztiek hartu dute parte, herriko hainbat eragilek ere bai. Hasieratik dira herri mailako egitasmoak. Ordea, gainerako herrietan ikusi duguna da, eskolako egitasmoa izan arren, era naturalean, herrian zabaldu dela. Adibidez, herri batzuetan udalak antolatzen dituen bileretan aldibereko itzulpena eskaintzen dute edo udalak herritarrentzat dituen komunikazio kanalak Whatsappetik Telegramera pasa dituzte. Udalak euskara hutsean bidaltzen du mezua eta herritarrek hainbat hizkuntzatara itzultzeko aukera dute Telegram bidez. Azken finean, proiektua abian jartzen duen talde eragilean udala ere badago. Guretzat oso garrantzitsua da honek herrian isla eta ondorioak izatea, bestela eskolan aldaketa piloa egingo litzateke eta herriak lehen bezala funtzionatzen jarraituko luke. 

Ezarritako helburuak lortzeko ekintzak sistematizatuta dauzkazue. Hala ere, diozue helburua ez dela bere horretan ekintzak egitea baizik eta begirada aldatzea.
Herriren baten eskatu zizkiguten Telegram erabiltzeko irizpideak, aldibereko itzulpenak zelan egin… eta aurretik egin beharreko lanketa guztia egin gabe aldibereko itzulpena erabili zuten, eta ez zuen ondo funtzionatu. Zergatik? Ezinbestekoa delako lehenengo egiten den hausnarketa eta elkar entzutea. Ulertzen baldin badugu non gauden, zein behar dauzkagun batzuek eta besteek, eta nora joan nahi dugun, orduan baliagarriak izango dira planteatzen ditugun tresnak eta praktika onak. Jarrera aldaketa funtsezkoa da, bestela honek ez du funtzionatuko. 

Argazkia: Esti Maguregi.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
GUKA aurkeztu dute, Bilboko ehunka euskaltzalek sortutako “plaza askea”

Erripako kaian euskaltzale ugari bildu dira euskaraz libre aritu ahal izateko sortu den mugimenduaren aurkezpenean. “Urte luzez bilbotarrek egindako lan ikaragarriaren ondorio eta ondorengo” izango dela adierazi dute.


Donostiako autobus gidari baten jarrera euskarafoboa salatu dute

Donostiako autobus gidari batek maiatzaren 2an, bere hizkuntza eskubideak urratzeaz gain, erantzun euskarafoboa bota ziola salatu du herritar batek. Gertakari horren berri Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eman du. ARGIAk pertsona horrekin hitz egin du, zer gertatu zen jakiteko.


2024-06-12 | Ane Labaka Mayoz
Euskaraz jaio

Carmen Junyent hizkuntzalaria izan zen katalanez hil ahal izatea bere azken hatseraino aldarrikatu zuena. Hil hurren zela, osasun-langileekin izandako bizipenak idatzi, eta bera hil ondoren argitara zitzatela eskatu zuen. Hizkuntza pertsona batek beste batekiko duen trataeraren... [+]


Trapezistak

“Frantzian frantsesa! Trapezistak!!”. Gure ele barbaroak tarteko, mugaz bi aldeetara ere, izan gintezke, berdin, emazte bizarduna ala gasolina hurrupa batzuen alde ahotik garrak botatzen dituen su-irenslea, laban jaurtitzailearen giza-itua, sarerik gabeko... [+]


Eguneraketa berriak daude