Standing Rocken ez dute etsi, 'Dakota Access' oliobidea kasik bukatu dieten arren

  • AEB osotik bildu dira hilabeteotan aktibistak Ipar Dakotako Standing Rockera, indioen erreserba zeharkatzen duen petrolio-hodiaren lanak gelditu nahian, Jatorrizko Amerikarren 300 tribuk sustatuta. 400 ekintzailez goiti atxilotu ditu poliziak udaz geroztik, horietatik 142 urriaren 27an, polizia federalaren eraso bortitz eta guzti. Barack Obamak berak esku hartu behar izan du negoziaketarako hilabeteko geldialdia eskatzeko, hauteskunde kanpaina zela-eta seguruenik. Hona gatazkaren zenbait gako.

Polizia federalak 'Dakota Access' oliobidea eraikitzeko lurrak urratzen dituen hondeamakinari lotutako ekintzailea atxilotzen. (Argazkia: Justin Deegan)

2016ko azaroaren 08an - 09:15

Dakota Access petrolio-hodiaren %70 dagoenekoz osatuta dago, berrikitan Shiyé Bidziilek airetik dronez atera eta munduan zabaldutako irudiok erakusten dutenez:

Gatazkaren hodiak bukaerarako kostatu behar du 3.700 milioi dolar eta 470.000 upel petrolio garraiatuko lau estatutan zehar, Ipar Dakotatik hasita Illinois hegoalderaino, han lotzeko beste hodi sareekin. Proiektuaren promotore Energy Transfer Partnersek dio 8.000-12.000 lanpostu sortuko dituela obrak.

Standing Rockeko siouxek ez dute nahi beren erreserbako lurrak zeharkatzerik hodiak, ingurumenezko eta kulturazko erasoa dutelakoan. Arbasoen hilobiak dauden eremu sakratuak hondatzeaz gain, hodiaren edozein isurik larriki kutsatuko lituzke erreserba bezala ibarraren barrenerago bizi diren milioika herritarren iturriak hornitzen dituen Missouri ibaia.

Dakota Access oliobideak eta Missouri ibaiak elkarren ondoan zeharkatzen dituzten lau estatuak.
Dakota Access oliobideak eta Missouri ibaiak elkarren ondoan zeharkatzen dituzten lau estatuak. Horiz, indiarren erreserbak.

Ingurumenaren eta ekologiaren aldeko elkarte gehienek bat egiten dute Standing Rockeko protestarekin, Dakota Access konparatzen dutelarik Obamak geldiarazitako Keystone hodi famatuarekin. Langileen sindikatuei dagokionez, batzuek indioen eskariak sostengatzen dituzten arren, sindikatu nagusietako bostek lehendakariari eskatu diote obrarekin aurrera jarraitzea.

Protestek lortu zuten abuztuan lanen geldialdi bat, Armadaren Ingenieritza atala auzitara eramanda. Baina urrian epaitegiek arrazoi eman diote enpresari eta Justizia eta Barne sailek ingurumenezko balorazio berri bat egin arte itxaroteko eskatu arren, enpresak 48 orduan ekin zien lanei berriro. Energy Transfer Partners enpresaren jabea Kelcy Warren da, Forbesen zerrendaren arabera munduko aberatsenen artea 1.067.a, AEBetakoetan 372.a, 4.200 milioi dolarraren jabe.

Sare sozialetan asko mugitzen ari diren hainbat argazki segidan:

Poliziak gogor jo du Standing Rocken bildutako ekintzaileen kontra. (Argazkia: Globan Justice Ecology)
Poliziak gogor jo du hilabeteotan Standing Rocken bildutako ekintzaileen kontra. (Argazkia: Global Justice Ecology).

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dakota herria
Generoa eta sexualitatea dekolonizatu, Lakota herria altxatu

AEBetako Hego Dakotako Pine Ridge erreserbako Lakota Sioux Tribe tribu-gobernuak bi lege historiko onartu zituen 2019ko legealdian. Sexu berekoen arteko ezkontza eta LGTBIQ pertsonen aurkako erasoak gorroto delituen barruan sartzea. Lorpen hauen atzean dauden ekintzaileak... [+]


Aitor Esteban
"Euskara hizkuntza gutxitua da, eta lakota askoz gutxituagoa"

Lakota hizkuntzaz hitzaldia egitekoa zen Aitor Esteban (Bilbo, 1962) iragan martxoan Gasteizen, Hitz Adina Mintzo ikastaroaren barnean. COVID 19-ak eragindako konfinamenduak bertan behera utzarazi zituen martxoaz geroko saioak eta, hainbestean, postaz jakinarazi dizkigu lakota... [+]


110 urteko espetxe eskaera AEBetan oliobide baten aurka sabotaiak aitortu zituzten bi ekintzaileentzat

Dacota Access oliobideari sabotaiak egin izana aitortu zuten bi ekintzaileren aurka 110 urte arteko espetxea eta ehunka milaka dolarreko zigorra eskatu dute. Azken hamarkadetan ingurumenarekin loturiko ekintzaileei eskatu zaien zigorrik gogorrenak dira, The Intercept... [+]


2017-08-24 | Xalba Ramirez
Trumpen abokatuek Greenpeace salatu dute Dakotako oliobidea dela eta

Dakota Acces Pipeline oliobidea eraikitzen ari den enpresak Greenpeace eta beste talde ekologista batzuk salatu ditu 300 milioi dolar eskatuz. Trumpen abokatuak arduratu dira salaketa jartzeaz.


Sabotaje ekintzak onartu dituzte bi ekintzailek Dakota Access oliobidearen aurka

Prentsaurreko bidez onartu dute bi ekintzailek AEBetako Iowa estatuan Dakota Access Pipeline oliobidea eraikitzeko makinen eta hodien aurkako hainbat sabotaje ekintza egin izana. Makinei su eman dietela eta hodiaren balbulak apurtu dituztela aldarrikatu dute, Democracy... [+]


Eguneraketa berriak daude