Gorputzaren gaiak pisua hartu du egungo diskurtsoetan, era askotara agertzen zaigu. Hala ere, eztabaida berri samarrak dira: beste garai batzuekin alderatuta, gorputza nahiko baztertua egon da Mendebaldeko pentsamenduaren historian.
Niri, egia esan, lagungarria egiten zaizkit Jacques Lacan-ek erabilitako hiru terminoak gorputzaren gaiari aplikatzeko. Sinbolikoa, irudimenezkoa eta erreala. Hiru hari, gorputzera bide desberdinetatik hurbiltzeko, gaia sinplifikatu gabe. Askotan entzuten baitugu: “Ni nire gorputza naiz”. Baina nori buruz eta zer gorputzi buruz ari gara? Irudiari buruz? Organismoari buruz? Geure buruaz esaten dugunari buruz?
Gorputza gara edo gorputza daukagu? Batzuetan zama baten moduan garraiatzen dugu, beste batzuetan estimulatuegi dago eta ezin da geldirik egon
Har dezagun gorputza bere dimentsio sinbolikoan. Zertan datza? Presentziaren eta absentziaren arteko jolasean: badago eta ez dago. Gorpuarekin ere lotu dezakegu, hilerrian agertzen den izenarekin, harrian markatutako hitzekin: modu horretan presente egiten ditugu jada ez dauden gorputzak, haien absentzian sinbolo bat jarrita. Pentsa, adibidez, zer garrantzitsua den senide eta lagunentzat desagertutako pertsonen gorpuak topatzea! Zenbat buruhauste dakarren itsasoan galdutakoen gorpuak aurkitzeak memorian leku sinboliko bat izan dezaten. Beste dimentsio bat hartuta, irudimenezkoa ere bada gorputza. Irudi horretan batu egiten dira gure gorputzaren atalak: besoak, hankak, belarriak, eskuak… Eta ez pentsa, ez da hain erraza gorputzaren zatiak batzea: jaioberri batek konexiorik gabeko gorputz pusketak baino ez dauzka eta ispiluko irudiak gorputzari osotasuna ematen dio. Azkenik, gorputzak badu dimentsio erreala ere: organismoa bera. Bihotza taupadaka, giltzurrunak martxan gu ohartu gabe… Hor dago sinboloetatik eta irudietatik at garen haragi pusketa (edo pusketak). Gorputz erreal horri presentziaren misterioa gehitu diezaiokegu: ahotsaren tonua, egindako keinuak, tempusa, gauzak egiten jarritako pasioa… Sinbolizaziotik eta irudietatik kanpoko kontuak.
Horregatik, hitzen, irudien eta organoen arteko hariak asmatu behar izaten dira (aipatutako hiru dimentsioen arteko lokarriak). Gorputza gara, beraz, edo gorputza daukagu? Batzuetan zama baten moduan garraiatzen dugu, beste batzuetan estimulatuegi dago eta ezin da geldirik egon…“Biojakituriaren” bonbardaketa eta gorputza “entzuteko” aginduen garaian bizi gara, gorputzaren jaun eta jabe nahi dugu izan, gorputza konkistatu. Hala ere, matxinatu egiten zaigu! Gilles Lipovetsky-ren ustez, egungo hedonismo despolitizatuak gorputzaren oreka eta kontrola du helburu. Baina, esan bezala, noraino menperatu daitezke gorputzak? Ez guztiz, ez erabat. Eta, akaso, zorionez.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.